Euskadiko Filmategiak, DIPC-ek eta Azkuna Zentroak zinema eta zientziari buruzko ziklo bat antolatu dute Donostian eta Bilbon

2018/01/09

Guztira hamar film proiektatuko dira, 2018ko urtarriletik martxora, Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Azkuna Zentroan. 

2018ko urtarriletik martxora bitartean, Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroak eta Azkuna Zentroak zinema eta zientziari buruzko HOR KANPOAN / AHÍ FUERA / OUT THERE izeneko zikloa antolatu dute. Ikerketa eta abentura espazialaren gaineko filmen zikloa da, baita zinemak bizi estralurtarrarekiko topaketen gainean irudikatu dituen hainbat tokiri buruzkoa ere. Donostiako emanaldiak Tabakaleran izango dira, ostegun guztietan, aste honetatik hasita (urtarrilaren11n). Bilbokoak, Azkuna Zentroan, otsailetik aurrera.

Aukeratu diren hamar filmak 50eko hamarkadako film klasiko batzuk eta klasiko moderno batzuk dira, baita zientzia-fikziozko zinemaren film berri batzuk ere. XX. mendearen erdialdeko Hollywoodeko zinemara bizi estralurtarra iritsi edo bertan aurkitu izana, ikuspegi desberdinetatik –eta, batzuetan, kontrakoetatik– jorratu da programatutako filmetan: The Day the Earth Stood Still (Robert Wise, 1951) filmaren parabola bakezale eta antinuklearra; The War of the Worlds (Byron Haskins, 1953) bezalako kasuen harira Susan Sontagek aipatutako “imagination of disaster”; Shakespearengan jatorri literarioa daukan inkontziente freudianoan murgiltzea, ForbiddenPlanet (Fred McLeod Wilcox, 1956) filmari esker; edo Invasion of the Body Snatchers (Don Siegel, 1956) filmaren metafora antikomunista. Bi hamarkada baino gehiago geroago, zinema-estudio nagusiek efektu berezietan lortutako aurrerapenei esker, film bikainak egin ziren, hala nola, Alien (Ridley Scott, 1979) eta E.T. (Steven Spielberg, 1982), “giro estugarriko deabruzko estralurtarra” versus “Disney kutsuko ipuineko estralurtar laguna” agertu zituztenak hurrenez hurren. XXI. mendean, AEBetako zinemak aurrerapen teknologiko etengabea abentura espazialetan irudikatu zuen, esaterako, Gravity (Alfonso Cuarón, 2013) filmean; halaber, goi-mailako galdera zientifikoak eguneratu zituen, hain zuzen ere, zulo beltzei buruz eta denboran zeharreko bidaiei buruz Interstellar (Christopher Nolan, 2014) filmean; Martera misio tripulatuak bidaiatzeko gero eta hurbilagoa den aukeraren gainean The Martian (Ridley Scott, 2015) filmean, edo estralurtarrekiko topaketa hipotetiko baten aurrean horiek inkomunikatzeko metodoen gainean ere, Arrival (Denis Villeneuve, 2016) filmean.

Zientzialari entzutetsuak gonbidatuta

Azken finean, HOR KANPOAN / AHÍ FUERA / OUT THERE zikloak hauxe proposatzen du: pantaila handian eta jatorrizko bertsioan zientzia-fikziozko zinemaren historian nahitaezkoak diren filmen zikloa zientzialari entzutetsuekin batera ezagutu edo berriz bisitatzeko aukera; izan ere, beraiek azalduko dizkigute esperientzia horretaz ahalik eta gehien gozatzeko gako zientifikoak.

Zikloa datorren ostegunean (urtarrilak 11) hasiko da, Tabakaleran, Interstellar filmaren eskutik: Asturiasko Printzea Saria eskuratutako Pedro Miguel Etxenike fisikariak interpretatuko ditu filmaren gakoak, fisikaren legeen arabera. Hurrengo emanaldietan, izen handiko zientzialariak izango dira, hala nola, Asturiasko Printzea Saria irabazitako Juan Ignacio Cirac, Etxe Zuriko BRAIN proiektuaren ideologo Rafael Yuste eta Ikerketako Euskadi Saria bereganatutako Agustín Sánchez-Lavega, besteak beste.

Programazioaren barruan, goizeko emanaldiak ere antolatu dira, Donostiako eta Bilboko DBHko ikastetxeei zuzenduta: The Martian filma emango da, eta EHUko Zientzia Planetarioen taldeko zientzialari batzuek parte hartuko dute, hots, lehen eskutik planeta gorriaren ikerketara hurbilduko gaituzte. Halaber, Kanariar Uharteetako Astrofisika Institutuko zuzendari Rafael Rebolok hitzaldi berezia emango du gaur egun unibertsoaz dugun ikuskeraz. Jende guztiarentzat izango da; otsailaren 22an, 19:00etan, DonostiakoTabakalerako Z Aretoan.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.