Euskadiko Filmategia 1978. urteko maiatzaren 1ean sortu zuten Peio Aldazabalek, Juan José Almuedok, José Luis Basocok, Néstor Basterretxeak eta José Manuel Gorospek, Euskal Herriko ikus-entzunezko ondarea osatzen duen materiala gordetzeko beharrak bultzatuta.
Euskal Herriko ikus-entzunezko ondarea zaintzeko burututako lanaren aitorpen gisa, Eusko Jaurlaritzak Herri Onurako Erakunde deklaratu zuen 1997ko maiatzaren 20an. Horrez gain, FIAFeko (Film Artxiboen Nazioarteko Federazioa) kide elkartua da 1994tik. Euskal artxibo zinematografiko bakarra denez, erreferentzia garrantzitsua bilakatu da euskal kulturaren baitan, batik bat ikerlari, produkzio-etxe, banatzaile, telebista, ikasle eta abarrentzat. 2004ko azaroan fundazio bihurtu zen, eta bere patronatua Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Arabako Foru Aldundiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak osatzen dute. Eusko Jaurlaritzak bakarrik finantzatzen du erakundea.
2015eko irailean, Euskadiko Filmategiak Tabakalerara lekualdatu zuen egoitza, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrora. Eraikinak bere lana egiteko behar dituen baliabide teknologiko guztiak ditu (artxiboa, kontserbazioa eta zabalkundea) eta, gainera, ikus-entzunezkoarekin lotutako beste erakunde batzuk ere bertan daude, besteak beste, Donostia Zinemaldia (SSIFF) eta Elias Querejeta Zine Eskola (EQZE). Euskadiko Filmategia Tabakalerako Partekatutako Pantailaren parte da, eta astero programatzen ditu euskal zinemarekin eta, oro har, zinemarekin lotutako filmak eta zikloak.
Euskadiko Filmategia 1978an eratu zen, honako helburuekin: zinema oro har eta euskal zinema bereziki aztertzeko interesgarriak diren filmak edo ikus-entzunezko funtsak ikertu, berreskuratu, artxibatu, gorde, hedatu eta programatzea. Halaber, kulturaren edota historiaren ikuspuntutik gordetzea komeni den agiriak eta material teknikoa bildu eta zaintzea ere xedea du.
Izena, kokapena eta jarduera-eremua kontuan hartuta, euskal zinema du helburu nagusi; hau da, Euskal Herriarekin zerikusia duten dokumentalak, fikzioa eta historiako zein zinemako agiriak.
Funtsezkoa da profesionalek edota amateurrek egindako materiala berreskuratzea, ondoren haiek gorde, identifikatu eta eskuragarri jartzeko.
Fondoak artxibatzeko eta gordetzeko, arlo horretan espezializatutako nazioarteko erakundeek erabakitako arauak jarraitzen dira. Materialak gordetzeko, aintzat hartu behar dira material horietako bakoitzaren berariazko ezaugarriak.
Filmategiak astero antolatzen dituen proiekzioen bidez gauzatzen du helburu hori. Horrez gain, euskal zinemari, gure zinemagileei eta, oro har, zinemari buruzko ikerketak argitaratzen ditu, azken hori Donostia Kulturarekin lankidetzan Nosferatu liburu bilduman. Zerbitzuak eskaintzea gure jardueraren alderdi garrantzitsua da. Hala, gure instalazioetan ikus-entzunezko fondoak eta funts bibliografikoak kontsulta daitezke, kopiak mailegatzen dira, irudiak uzten dira, bisita gidatuak antolatzen dira…