Bilduma-politika

1. SARRERA

Euskadiko Filmategia 1978an sortutako erakunde publikoa da, eta Euskadiko ikus-entzunezko ondarea kontserbatzeko beharrak bultzatu zuen haren sorrera.

1997an herri-onurako erakunde izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta 2004an fundazio bihurtu zen (patronatuaren kideak Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundia dira). Eusko Jaurlaritzak bakarrik finantzatzen du Filmategia.

2015ean, Euskadiko Filmategiak Tabakalerara (Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa, Donostia) eraman zuen egoitza; eraikin horretan, bere lanerako behar dituen baliabide teknologiko guztiak ditu. Eta 2022ko apiriletik, eskubide osoko kidea da Film Artxiboen Nazioarteko Federazioan (FIAF). 

Euskadiko Filmategiaren helburu nagusia da Euskadiko ondare zinematografiko eta ikus-entzunezko guztia berreskuratzea, katalogatzea, babestea eta zabaltzea, formatu fotokimikoan zein bideografikoan eta digitalean. 

Gure ustez, hau da ondare zinematografikoa eta ikus-entzunezkoa: euskal lurraldean ekoitzi den edo euskal lurraldearekin eta kulturarekin lotura berezia duen ekoizpen komertziala nahiz familiarra. Euskadiko Filmategia, halaber, euskal zinematografiari lotutako edozein dokumentu berreskuratzeaz, babesteaz eta eskuratzeaz arduratzen da. 

Euskadiko Filmategiak zaintzen duen ondare zinematografiko eta ikus-entzunezkoaren multzoak osatzen du haren bilduma, eta formatu estandar eta azpiestandar zenbaitez osatua dago, bai formatu bideografikoan, bai, azken aldian, formatu digitalean.

Honako balio hauetan oinarritzen da Euskadiko Filmategiaren film-bildumaren politika.

  • Euskadiko Filmategiaren film-bilduma osatzen duten dokumentu guztiek garrantzi bera dute bildumarako, edozein dela ere haien izaera kulturala edo nazionala.
  • Euskadiko Filmategiak ideien aniztasuna errespetatzen du, eta haren xede bakarra da bildumaren aniztasunari eutsiz berreskuratze-lana egitea.
  • Euskadiko Filmategia konprometitzen da bilduma handitzean ez oztopatzera askotariko adierazpen kultural, politiko eta sozialak.
  • Bildumako dokumentu bakoitza FIAFen kode etikoari jarraituz landuko da, inola ere manipulatu, faltsutu edo zentsuratu gabe.
  • Babeste- eta zaharberritze-lan guztiak itzulgarriak izango dira eta dokumentatuta egongo dira.


2. BERRESKURATZEA

Euskadiko Filmategiak edozein material onartzen du bildumaren helburuekin bat badator. Zehazki:

  1. Euskal zinemari atxikitako materiala: kopiak material fotokimikoan, bideografikoan edo digitalean. Ahal den guztietan, babes-materiala lehenetsiko da (negatiboak, internegatiboak/interpositiboak, DCDM).
  2. Zirkuitu komertzialekoa ez den euskal zinemako materiala: zinema esperimentala, industriala edo propagandakoa.
  3. Euskadin eta/edo Euskadiko zuzendari batek filmatutako film amateurrak.
  4. Euskal lurraldearekin lotutako balio historiko, artistiko edo sozial berezia duten film familiarrak, estandar azpiko formatuetan.
  5. Euskal zinematografiari lotutako ikus-entzunezkoak ez diren dokumentuak.

Honako hauei esker osatzen da bilduma:

  • Eusko Jaurlaritzaren, Zineuskadiren eta ICAAren laguntza publikoak jasotzen dituzten ikus-entzunezko proiektuen nahitaezko entrega. Horrez gain, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek ezarritako zerga-salbuespenen onura jasotzen duten ekoizpenak.
  • Erakunde publiko eta pribatuek nahiz partikularrek borondatez egindako gordailutzeak eta dohaintzak.
  • Gordailutu gabeko materiala kopiatzea eta egindako kopia babestea.

2.1 Laguntza publikoak jasotzen dituzten ikus-entzunezko proiektuen nahitaezko entrega

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Filmategia aitortzen du Jaurlaritzak berak diruz lagundutako materiala kontserbatzeko zentro gisa.

Filmategiko sail teknikoa arduratuko da materiala ikuskatzeaz eta entregatutako elementuak zuzenak direla eta egoera onean daudela ziurtatzeaz. Bestela, berriz entregatzea eskatuko da.

Filmategia arduratuko da entregatutako materiala, analogikoa zein digitala, behar bezala kontserbatzeaz.

Ekoizleak zein hirugarrenek, Filmategiari eskatu ondoren, materiala eskuratu ahal izango dute.

Entregatutako materiala Filmategiko katalogoan sartuko da, baina  eduki hori ez da inolaz ere komertzialki erabiliko.

2.2 Borondatezko gordailutzeak eta dohaintzak

Euskadiko Filmategiak edozein gordailutze eta dohaintza onartzen du, bilduma handitzen badu eta bilduma horretarako interes berezia badu.

Euskadiko Filmategia konprometitzen da material fotokimikoa eta bideografikoa tenperatura eta hezetasun baldintza kontrolatuetan kontserbatzera, epe luzera kontserbatzen dela bermatzeko, bai eta babeste digitaleko protokolo bat aplikatzera ere.

Ikerketarako, jasotako edozein material eskuratu ahal izango da, soilik Filmategiko kontsulta-lekuetan. Jatorrizko materiala edo haren eratorri digitala ateratzeko —zernahitarako erabiltzeko dela ere—, gordailua egiten duenaren idatzizko baimena beharko da.

Euskadiko Filmategiak doan eskainiko du entregatutako materialaren HDzko kopia digitalizatu bat, salbu eta materialaren eskubideak ez badira gordailugilearenak/emailearenak, edo gordailugileak/emaileak digitalizazio hori behar ez badu. Kasu horietan, nahiz eta digitalizaziorik ez egin, entregatutako materiala behar bezala kontserbatzeaz eta katalogatzeaz arduratuko da Filmategia.

Material digitalizatua entregatzeko denborak hauen mendekoak dira: sail teknikoaren metodologia eta lan-fluxua, eta entregatutako materialaren ezaugarriak.

Gordailutzeek eta borondatezko dohaintzek ez dakarte, inola ere, konpentsazio ekonomikorik.

2.3 Gordailutu gabeko materiala kopiatzea eta babestea

Edozein digitalizazio-lanetan, nahiz eta jatorrizko materiala ez gordailutu/dohaintzan eman, kopia digital bat gorde beharra dago Filmategiko bildumarako.

Eratorri digital horiek gorde eta katalogatu egingo dira, eta, beti, erregistratu egingo da material horren jabetzari eta eskubideei buruzko informazioa.

Gordailuak eskuratzeko prozedura bera aplikatuko da, eta Filmategitik ezingo da inongo eratorri digitalik atera jatorrizko materialaren jabeak idatzizko baimena eman ezean


3. KATALOGATZEA

Dokumentuak katalogatzea da materiala ezagutzeko lehenengo modua. Horretarako, lan zinematografikoari buruzko informazioa biltzen da nagusiki, bai eta haren ezaugarri teknikoei eta kontserbazio- eta babeste-beharrei buruzko informazioa ere. 

Ikus-entzunezko materialari inbentariatze-prozesu bat egiten zaio, bildumaren parte gisa erregistratuta egon dadin eta Filmategiaren artxiboaren barruan kokapen bat izan dezan. Prozesu horretarako Eunlogic softwarea erabiltzen da (Eun biltegiratze-enpresak hornitua).

Horrela, katalogazio-prozesu batean sartzen da materiala, sail teknikoaren lan-fluxuak baldintzatua. Prozesu horretan, liburutegiak kudeatzeko Koha sistema integratua erabiltzen da, MARC21 protokoloaren bidez.

Sartzen den material guztia inbentariatze-fasetik igarotzen da hasieran. Behin materiala sail teknikora iritsita, ikuskapena egiten zaio; ondoren, baliteke digitalizatzea, eta, azkenik, katalogazio-fasera pasatzen da.

Katalogatzean sortutako metadatuak inbentariora transferitzen dira egunero, eta, horrela, etengabe eguneratzen dira katalogatutako elementu ororen datuak.

3.1 Inbentarioa

Filmategiko bilduma osatzen duen edozein material agertzen da inbentarioan. Gordailutzearen/dohaintzaren ziurtagirian agertzen diren zenbait informazio inbentarioan jasotzen dira (gordailugilearen izena, materialaren sarrera-data eta materialaren azaleko deskribapena). Material fotokimikoari eta bideografikoari sarrera-zenbaki bat eta kokapen bat ematen zaizkio, material-motaren eta dituen beharren arabera.

3.2 Katalogazioa

Sail teknikotik pasatu den materiala, ikuskatu eta digitalizatu ondoren, katalogazio-prozesuan sartzen da. Oraingoz, ikus-entzunezko materialaren katalogazioa, disko optikoetako materiala izan ezik, barne-erabilerarako soilik da eskuragarri.

Katalogazioan, materialaren jatorriari eta lan zinematografikoari buruzko datuak jasotzen dira, bai eta sail teknikoak egindako berrikuste-orrian bildutako datu teknikoak ere. Berrikuste-orri hori, gordailutze-ziurtagiriarekin batera, dagokion erregistroari lotuta egongo da eta Filmategiaren barne-erabilerarako eskuragarri. Eduki-oharretan, erregistroarekin batera edo hari lotuta, material ez-filmikoa dokumentatuko da. 

Materiala ikerketa-prozesu baten parte bada, Euskadiko Filmategia arduratuko da dokumentu berriak biltzeaz, eta, dagozkion eremuetan, katalogazioan eransteaz.


4. KONTSERBATZEA

Kontserbatzearen barruan, bildumaren osotasuna mantentzeko eta sendotzeko beharrezkoak diren metodo, teknika eta jardueren multzoa sartzen da. Biltegiratze-baldintzarik onenak bermatzeko, bai eta bilduma osatzen duten lanak zaharberritzeko eta ikusgai jartzeko ekintza-plan bati ekiteko ere, ezinbestekoa da bilduma ezagutzea.

Ekintza hauen bidez gauzatzen da kontserbazio-politika:

  • Ingurune seguru eta egonkorra eman.
  • Biltegiratze egoki eta egokitua kudeatu.
  • Materiala era kontrolatuan manipulatu.
  • Lehentasunak aztertu.

4.1 Ingurune seguru eta egonkorra eman

Euskadiko Filmategiak elementu bakoitzaren beharren arabera kontserbatzen du bildumako materiala.

Material fotokimikoari artxibategiko hiru ganbera dagozkio. Kopia bakarreko eta interes bereziko materiala, bai eta negatibo guztiak ere, 6 ºC-ko tenperaturan eta % 50eko hezetasun erlatiboan (HE) kontserbatzen dira, eta airea etengabe berritzen da. Bereizitako ganbera batean gordetzen da ozpinaren sindromea maila aurreratuan duen material fotokimikoa, tenperatura eta hezetasun baldintza egonkorretan. Euskal lurraldearekin loturarik ez duten kopiatutako filmen proiekzio-kopiak —gehienak polyesterrean kopiatuak— 14 ºC-ko tenperaturan eta % 40ko hezetasunean (HE) gordetzen dira.

Artxibotik atera behar den material fotokimikoak, nahitaez, ganberan egon behar du aurreko 24 orduetan, 14 ºC-tan eta % 40 HEan, era horretan, kanpoko baldintzen eraginpean jarri aurretik, elementuen tenperatura- eta hezetasun-aldaketak erregulatu daitezen.

Material bideografiko guztia 14 ºC-ko eta % 40ko hezetasun erlatiboko ganbera batean gordetzen da, baita material digitala ere, jatorrizko euskarrian. 

Jatorrizko material digital ia guztia NAS zerbitzari batera transferitzen da —zeina bereizitako ganbera batean baitago—, bai eta Eusko Jaurlaritzaren bigarren NAS zerbitzari batera ere —zeina beste eremu geografiko batean baitago—. 

Filmategiak berak sortutako material digitala sarrera azkarreko disko zurrunetan gordetzen da, eta, lehentasun-hurrenkeraren arabera, jatorrizko materialaren balioa eta/edo hauskortasuna kontuan hartuta, NAS zerbitzarira transferitzen da.

Filmategiaren NAS zerbitzarian gordetako material guztia Eusko Jaurlaritzaren NAS zerbitzarian kopiatzen da urtero, eta, horrela, gutxienez hiru kopia bermatzen dira euskarri eta eremu geografiko desberdinetan.

Euskadiko Filmategiak, halaber, ganbera bat du liburutegiaren erreserba-funtserako, 17 ºC-ko tenperatura eta % 40ko hezetasuna dituena papera behar bezala kontserbatu dadin.

Ganbera bakoitzak suteen aurkako gas bidezko sistema bat du, material fotokimikoetan kalteak ekiditeko.

4.2 Biltegiratze egoki eta egokitua kudeatu

Materialaren aireztapen-beharrak errespetatzeko, biltegiratze-altzariak aldatu egin dira. Biltegiratze-sistemari lotutako softwareak QR kode bat esleitzen dio elementu bakoitzari, eta, horri esker, materialaren sartu-ateraren kontrol handiagoa lortzen da.

Ikuskapen teknikoa behar duten material fotokimiko guztietarako, haien edukiontziaren egoera egiaztatu behar da, eta, akatsik ikusiz gero, aldatu egin behar dira, jatorrizko edukiontzien datuei eta dokumentazioari eutsiz. 

4.3 Materiala era kontrolatuan manipulatu

Euskadiko Filmategiak bi areto tekniko ditu material fotokimikoa eta bideografikoa ikuskatzeko, zeinetan aretoko tenperatura 20 ºC-tik beherakoa baita. Materialaren ezaugarri kimiko eta mekanikoetara egokitzen da materialaren ikuskapena. Zenbait berrikuste-mahai daude, eskuzkoak eta elektrikoak, eta 35 mm eta 16 mm-ko hiru mobiola, materiala ikusteko. 

Era berean, zaharkitu daitezkeen erreprodukzio bideografikoko hainbat aparaturen mantentze-lanak egiten dira.

Material digitala hainbat postutan berrikusten da, eta Linux, Windows edo Macintosh sistemak eta erreprodukzio digitaleko hainbat software erabil daitezke horretarako. 

4.4 Lehentasunen azterketa

Bilduma kudeatzeko eta lantzeko lehentasunen hurrenkera aldatu egiten da zirkunstantzien arabera, hala nola Filmategitik kanpoko eskaerak, lan-fluxua eta elementuak berrikusteko eta erreproduzitzeko aparatuen erabilgarritasun-egoera. 

Hala eta guztiz ere, Euskadiko Filmategiak funtsezko printzipio batzuei jarraitzen die lana kudeatzeko orduan:

Kopia bakarreko eta/edo egoera kimiko eta mekaniko ezegonkorrean dagoen material fotokimikoak lehentasuna izango du digitalizatze-lana planifikatzean. Halaber, formatua zaharkituta geratzeko arriskuan duen jatorrizko material bideografikoa lehentasun-hurrenkera berean sartuko da. 

Euskal filmografiako lanak formatu digitalean kopiatzeaz arduratuko da Euskadiko Filmategia. Lan bakoitzerako, material-mota eta babestu beharreko eta proiektatzeko diren elementuak identifikatuko dira. Elementu negatiborik ez badago eta egoera onean dagoen kopia positibo bakarra badago, babesteko erabiliko da kopia hori, eta ezingo da artxibotik atera. Egoera horietan, Euskadiko Filmategia proiekzio-kopia digital bat ekoizteaz arduratuko da, haren eskuragarritasuna bermatzeko. 

Ahal denean, eta jatorrizko materialaren ezaugarrien arabera, materiala formatu fotokimikoan bikoizteko konpromisoa hartzen du Euskadiko Filmategiak, eta, beraz, babes-elementuak sortuko ditu. 


5. ZABALKUNDEA

Zabalkunde-politikak kontuan izan behar du kontserbatzen den bildumaren balioa agerian uzteko beharra, bai eta askotariko publikoaren beharrak asetzekoa ere. 

Arlo horretan, helburu hauek ditu Euskadiko Filmategiak:

  • Ahal den guztietan, jatorrizko dokumentuak (zinematografikoak eta bibliografikoak) ikerketarako eskuragai jartzea.
  • Dokumentu digitalizatuak eskuragai jartzea.
  • Bildumaren eta zaharberritze-lanen balioa agerian uztea.
  • Beste erakunde batzuekin lankidetzan bilduma zabaltzea.

5.1 Jatorrizko dokumentuetara sarbidea

Ikerkuntzako kasu espezifikoetan jatorrizko materiala eskuratzeko aukera ematen da, betiere horrek materialaren babesa arriskuan jartzen ez badu. Prozesu hori Filmategiko langile batek gainbegiratuko du eta areto teknikoetako batean egingo da, edo, ikus-entzunezkoak ez diren dokumentuetan, Euskadiko Filmategiko bibliotekan.

5.2 Dokumentu digitalizatuetara sarbidea

Euskadiko Filmategiak sarbide digitaleko sistema bat erabiltzen du ia bilduma osorako, eta lau postu ditu bildumaren zatiren bat digitalki ikusteko. Materiala eskuratzeko aukera izateko, eskaera bat egin behar da, horren bidez, ikergaira gehien hurbiltzen den materiala hautatu ahal izateko. Eskuragai dagoen material digital osoari erantsita, jatorrizko elementuari dagokion dokumentazioa dago.

5.3 Bildumaren balioa agerian uztea

Urtero, Euskadiko Filmategiak hiruhileko bat eskaintzen dio euskal zinema programatzeari eta hedatzeari. Programazio hori Euskadiko hiru hiriburuetan egiten da, erregulartasunez. Aldian behin, Donibane Lohizuneko Le Sélect eta Iruñeko Gólem zinema-aretoekin lankidetzan aritzen da.

Gainera, Euskadiko Filmategiak euskal zinemari buruzko liburuak editatzen eta argitaratzen ditu. Eta Donostia Kulturarekin, Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) eta Donostiako Zinemaldiarekin (SSIFF) lankidetzan, nazioarteko zinemari buruzko argitalpenak egiten ditu. 

Euskadiko Filmategiak onlineko hedapen-kanal bat erabiltzen du, urtero, bildumaren parte bat ikusgarri egiteko eta hartarako sarbidea emateko (horretarako, erakusteko eskubideak eskatu behar dira aldez aurretik).

5.4 Beste erakunde batzuekiko lankidetza

Euskadiko Filmategia, erregularki, Elías Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan aritzen da bere bildumako funtsen ikerketa-proiektuetan. Halaber, euskal zinema sustatzen laguntzen du beste erakunde batzuekin batera: Donostiako Zinemaldia, Zineuskadi, Etxepare Euskal Institutua eta Donostia Kultura.

 

2023ko urtarrilaren 2a

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.