Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez, euskal zinematografia-ondarearen euskarazko lau film ertainen zaharberritzea finantzatu du

2025/06/09

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez, euskal zinematografia-ondarearen euskarazko lau film ertainen zaharberritzea finantzatu du

José Luis Rebordinos, Joxean Fernández, Arantza Urretabizkaia, Vanesa Fernández, Joselu Blanco, Anjel Lertxundi, Alfonso Ungría, Ibone Bengoetxea, José Juián Bakedano, Xabier Elorriaga

Eusko Jaurlaritzak 80.000 euro inbertitu ditu Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) zaharberritzeko

Filmak Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean programatuko dira

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko Filmategiaren eta EITBren bitartez, Hamaseigarrenean, aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) film ertainen zaharberritzea finantzatu du 80.000 euroko aurrekontuarekin. Lanak Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan egiten ari dira, eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emango dira irailean. Lehenengo hiru pelikulak euskarazko zinema sustatzeko Eusko Jaurlaritzak oso-osorik finantzatutako lehenengo proiektua izan zen.

Tabakaleran aurkeztu da proiektua, eta han izan dira Ibone Bengoetxea (Eusko Jaurlaritzako Lehenengo lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua), Joxean Fernández (Euskadiko Filmategiko zuzendaria), Vanesa Fernández (EITBko Kultura eta Euskarako zuzendaria), José Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko zuzendaria), Anjel Lertxundi, Alfonso Ungría, Xabier Elorriaga eta José Julián Bakedano (filmen zuzendariak).

Lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, ireki du gaurko ekitaldia. Bere hitzartzean “erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia eta apustu sendoak” azpimarratu ditu “euskal kultur-ondarearen eta euskal zinemaren alde”. “Euskarak, eta euskal kulturak, guztion bultzada behar du, apustu sendoak behar ditu. Euskara, eta euskal zinema, gure identitate kolektiboaren parte eta isla direlako. Gaur bezalako proiektuek gure iraganari etorkizuna ematen diote, euskal kultur zinematografiaren ondareari etorkizuna ematen diote”.

Joxean Fernándezen hitzetan, “proiektu hau erakunde arteko elkarlan estuan gauzatzen da, eta etorkizunerako bidea markatzen du. Haren harira, beste lau lan zaharberrituko dira, mailarik gorenean, euskal ondare zinematografikoa aro digitalera ekartzeko”. Nabarmendu duenez, “proiektuak, halaber, esker ona erakutsi nahi die euskararen arloan aitzindari izan ziren gure zinemagileetako batzuei; era berean, gure literaturak euskal zinemaren inspirazio-iturri gisa duen garrantzia azpimarratzen du, eta, azkenik, gure klasiko zinematografikoak nazioartekotzeko beste ahalegin bat da”.

Bestalde, Vanesa Fernándezek adierazi duenez, lankidetza honek “euskal ondare zinematografikoaren hedapenarekin eta euskararen transmisioarekin dugun konpromisoa berresten du, gure nortasun kulturalaren zutabe gisa”. Zaharberritzean parte hartzeaz gain, EITBk pelikulen errehabilitazio prozesua jasoko du Itzalak Argitzen dokumentalean (Berde Produkzioak eta Koldo Almandoz): “Estreinatu eta ia 40 urtera, lau zuzendariak Boloniara joango dira Italiako laborategietan egiten ari diren lanaren lekuko zuzenak izateko. Era berean, dokumentalean istorioen benetako eta fikziozko espazioak agertuko dira eta zaharberritze prozesua nolakoa den ikusiko da Filmategiko arduradunen eskutik”.

Rebordinosek ziurtatu du euskarazko zinemaren gaur egungo egoerak ez duela zerikusirik “duela 40 urtekoarekin, eta, gaur egun, Donostia Zinemaldian eta antzeko jaialdietan gero eta ohikoagoak eta ugariagoak direla gure hizkuntzan egindako filmak, mundu osoko ekoizpenekin lehian”. “Horregatik, ekimen aitzindari hartako lana ohoratu nahi dugu, eta lau film horiek Klasikoak sailean programatu”, gaineratu du.

Filmen zuzendariak oso pozik azaldu dira, eta uztaileko lehenengo astean bidaiatuko dute Boloniara zaharberritze-lanak gainbegiratzeko. Alfonso Ungríaren aburuz, “filmak berreskuratzea da filmategiek egiten dituzten lanetan esanguratsuena; jendeak edozein film aurkitu dezake filmategietan”.

Bestalde, Anjel Lertxundik gogora ekarri du garai hartan “urrats handiak” egin zirela literaturan, musikan eta antzerkian. Haren arabera, “une jakin batean, zinema euskararen begietara ekartzea ere lortu genuen”.

Orobat, Xabier Elorriagak azpimarratu du “gidoilari edo zuzendari gisa ia prestakuntzarik gabe” abiarazi zuen “proiektu batera itzultzea” esan nahi duela berarentzat Zergatik panpox zaharberritzeak. Haren hitzetan, “ziurrenik Bolonian zain izango ditut horren ondorioak (bikainak batzuk, erdipurdikoak besteak, eta ez hain desiratuak beste batzuk)”. Gaineratu duenez, “gozatu egingo dut antzezleak ikusten, Urretabizkaiaren testuak eta Pascal Gaigneren eta Amaia Zubiriaren musika entzuten, Hans Burrmanen kokapenekin, paisaiarekin eta argazkiekin”.

Azkenik, José Julián Bakedanok azaldu duenez, Oraingoz izen gabe sortu zuen “talde euskaldun hark ahalegin handia egin behar izan zuen euskarazko fikzioa filmatzeko, zuzeneko soinuarekin eta teknikari-talde britainiar batekin, eta emaitza arrakasta hutsa izan zen”.

 

LAU FILM ERTAINAK ETA HAIEN ZAHARBERRITZEA

Ramón Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Anjel Lertxundiren eleberri izenkideetan oinarrituta daude, hurrenez hurren, Ehun metro, Zergatik panpox eta Hamaseigarrenean, aidanez, eta Irati Filmak ekoiztetxeak egin zituen, 100 milioi pezetako aurrekontuarekin. Diru hori guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eman zuen oso-osorik. Bakedanok zuzendu eta ekoiztutako Oraingoz izen gabe film ertainari dagokionez, Bernardo Atxagak idatzi zuen gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta. 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen filma.

Lan hauek zaharberritzeko, Espainiako Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordeta dauden 35 mm-ko jatorrizko negatiboak erabiliko dira. Lehenik, material fotokimikoa garbitu egingo da, eta mekanikoki prestatu, digitalizatzeko. Bigarren fasean, denboraren joanak eragindako inperfekzioak desagerraraziko dira, betiere jatorrizko fitxategiaren benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzenduko dira. Abuztuan amaituko dira lanak, eta Filmategiko teknikariek gainbegiratuta eta Eusko Jaurlaritzaren babespean gauzatuko dira.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.