Montxo Armendarizek ´Tasio´ ekarriko du berriro Donostia Zinemaldira, duela 40 urte aurkeztu zuen lekura; gainera, Euskadiko Filmategiaren saria jasoko du

2024/09/16

Montxo Armendárizek ‘Tasio’ ekarriko du berriro Donostia Zinemaldira, duela 40 urte aurkeztu zuen lekura; gainera, Euskadiko Filmategiaren saria jasoko du

Euskadiko Filmategiak zuzendari nafarraren filma 4K-n zaharberritu du L’immagine Ritrovata laborategietan (Bolonia), eta Klasikoak saila inauguratuko du Victoria Eugenia antzokian.

Euskadiko Filmategiak aintzatetsi duenez, Olletako zinemagilearen ibilbidea euskal zinemagintzako nabarmenenetako bat da.

Filma ikusgai izan da Boloniako Il Cinema Ritrovato jaialdian eta Cannesko Zinemaldian, eta ikusteko aukera edukiko dute, halaber, Lumière Zinemaldian (Lyon) eta Frantziako zinema-areto komertzialetan, 2025ean.

Montxo Armendárizek Tasio (1984) film zaharberritua aurkeztuko du hilaren 21ean (larunbata) Donostia Zinemaldian; han estreinatu zuen, hain zuzen, duela 40 urte. Filmak -Euskadiko Filmategiak 4K-n zaharberritu du L’immagine Ritrovata laborategietan- Klasikoak saila inauguratuko du Victoria Eugenia antzokian. Zuzendari nafarrak bertan jasoko du Euskadiko Filmategiaren saria, Joxean Fernándezen eskutik (erakundeko zuzendaria).

Errealizadore nafarrarekin batera ekitaldian filmeko protagonistak egongo dira: Patxi Bisquert, Amaia Lasa, Amaia Merino, Garikoitz Mendigutxia, Elena Uriz, Isidoro Fernández eta Paco Sagarzazu. Gainera, besteak beste, joango dira: Puy Oria ekoizlea; Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Ibone Bengoetxea, Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Rebeca Esnaola, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria; Leixuri Arrizabalaga, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko diputatua; María José Tellería, Begoña Ibarra de Zuazo eta Ignacio Apezteguia, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako Kultura zuzendariak; Aitziber Atorrasagasti, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendaria; Irene Larraza, Etxepare Institutuko zuzendaria eta Valeria Camporesi, Filmoteca Españolako zuzendaria.

Armendárizek Zuzendaritza Onenaren Zilarrezko Maskorra jaso zuen 27 ordu (1986) filmarengatik eta Film Onenaren Urrezko Maskorra Las cartas de Alou (1990) pelikularengatik. Hona zer esan duen zinemagileak: “Diotenez, denbora da kritikari zorrotzena, egiten edo esaten duguna dagokion tokian jartzen amaitzen duelako. Horregatik, Tasio zaharberritzea eta Donostia Zinemaldian jartzea Klasikoak saila inauguratuz, duela 40 urte estreinatu zen zinema-areto berean, filmak jaso dezakeen aintzatespen onena da, eta izugarri pozten eta asebetetzen gaitu filma egin genuen guztioi”.

Bestalde, Armendárizek Euskadiko Filmategiaren saria jasoko du, Joxean Fernández erakundeko zuzendariaren eskutik. Fernándezek azaldu duenez, “Tasio filmaren 40. urteurrenaren testuinguruan eta filmaren kopia zaharberrituak nazioartean dagoeneko ibilbide aparta izan duela kontuan hartuta, iruditu zaigu une egokia dela gure lurraldean hainbeste miresten den eta bere talentua eta gizatasuna mundu guztian zabaldu dituen euskal zinemagile honi omenaldi apal eta zintzo hau egiteko”.

‘TASIO’REN ZAHARBERRITZEA 40. URTEURRENEAN

Tasio Euskadiko Filmategiak zaharberritu du Boloniako Cinetecaren baitako L’immagine Ritrovata laborategietan, 2023ko urri eta azaroan. Euskal zinemagintzaren funtsezko obra hori Cannesen, Bolonian eta Donostian ikusi ondoren Lyongo Lumière zinemaldian ikusiko da.

Jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta zegoen, eta handik egin zuen laborategietarainoko bidaia, joan den irailaren bukaeran. Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendárizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara. Bolonian eman zuen aldiaz gain, zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko langileek prozesu osoa kontrolatu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren babes ekonomikoari esker zaharberritu ahal izan da filma, Enrique Cerezo P.C. filmaren jabearekin adostuta.

Tasio Klasikoak saila zabalduko du Donostia Zinemaldian. Bertan, beste film klasikoak ikusteko aukera egongo da; besteak beste, Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho (Bigas Luna, 1978), The Piano -El piano- (Jane Campion, 1993); Sha Fu -Matar al marido- (Tseng Chuang-Hsiang, 1984), Surcos (José Antonio Nieves Conde, 1951) eta Un rêve plus long que la nuit (Niki de Saint Phalle, 1976).

Bestalde, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

 

‘TASIO’

Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da dagoeneko, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak; gizon hura Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen Valderrota mendian.

Lantalde tekniko eta artistiko garrantzitsua bildu zuen filmak; besteak beste, Elias Querejeta (ekoizlea), Pablo G. del Amo (muntatzailea), Gerardo Vera (zuzendari artistikoa), Angel Illarramendi (konpositorea), José Luis Alcaine (argazki-zuzendaria), Alfredo Mayo (kamera) eta José Luis López-Linares (argazki finkoa) aritu ziren lanean. Bestalde, Patxi Bisquertek eta Amaia Lasak gorpuztu zituzten protagonistak.

Montxo Armendárizen hitzetan, “isileko askatasunari buruzko filma da Tasio: arauen eta konbentzioen kontra ezkutatzen den askatasun horri buruzkoa”. “Tasioren pertsonaiatik gehien interesatzen zitzaidana gizartearen aurrean zituen duintasun, harrotasun eta ohorea ziren, nahiz eta jarrera horrek atzerakoi itxura eman ziezaiokeen, hots, aurrerapenaren aurka zegoen pertsonaia baten tankera. Hala ere, beste irakurketa bat du orain, egin nuen garaian ez bezalakoa”, gehitu du zuzendariak.

Boloniara eginiko txangoaz, Armendárizek nabarmendu du Tasio zaharberritzen ari ziren laborategiko aretora sartu eta pantailan filmaren izenburua zuen fotograma izoztua ikusterakoan, “estreinaldiaren eguneko zirrara berbera” sentitu zuela. “Amets bat egia bihurtzen ikustearen poza. Fotokimikotik irudiak gogoratzen nituen bezalaxe berreskuratzeaz gain, irudi horiekin batera nire bizitzako zatiak ere berreskuratu nituen: eszena bakoitza ikuskatu ahala, momentu ahaztezinak eta pertsona kuttunak agertu ziren, beren argi-ilunekin, oroitzapenak fotogrametan harrapatuta geratu balira bezala eta denbora pasatze hutsagatik desagertzea onartuko ez balute bezala”, azaldu du.

Bestalde, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek aitortu du Tasio lanarekin ekin diotela “euskal zinemagintzako titulu nagusiak zaharberritzeko proiektuari. Gainera, akaso munduko laborategirik onenean (Boloniakoa) ekin diogu lan horri, nazioartean gure zinemari ere ‘klasiko’ kontzeptua txertatzeko asmoz. Prozesu osoan zehar Montxo Armendárizen lana eta konplizitatea eduki izanak zilegitasun eztabaidaezina ematen dio lanari”.

 

MONTXO ARMENDÁRIZ (OLLETA -NAFARROA-, 1949)

Montxo Armendáriz zuzendariak (Olleta, Nafarroa, 1949) hamahiru urte zituenetik jakin zuen zinemagintzan jardun nahi zuela; haatik, elektronika ikasi, eta gai horren irakasle gisa eman zituen lehenengo pauso profesionalak. Armendáriz autodidakta izan zen, eta 1977an, Euskal Zine Egileen Elkarteari esker, Fernando Larruquert eta Javier Aguirresarobe ezagutu zituen. Zinegilearen lehenengo film laburrean, Barregarriaren dantza/La danza de lo gracioso, muntatzaile lanetan jardun zen Larruquert, eta argazki-zuzendari, berriz, Aguirresarobe. Lan horrek urte hartako Zilarrezko Mikeldi saria eskuratu zuen Bilboko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian. Gerora, askoz ere sari gehiago iritsi ziren; besteak beste, honako lan hauekin: Ikusmena (1980), Ikuska 12 (1981), Carborneros de Navarra (1981), Tasio (1984) —Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko bigarren saria eta Fipresci saria—, 27 horas (1986) —zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Donostia Zinemaldian—, Las cartas de Alou (1990) —Urrezko Maskorra eta Fipresci saria Donostia Zinemaldian—, Historias del Kronen (1995) —sail ofizialean egon zen Cannesko zinema jaialdian eta gidoi egokitu onenaren Goya saria eskuratu zuen—, Secretos del corazón (1997) —europar film onenaren Aingeru urdina saria jaso zuen Berlinalen eta nazioarteko filmik onena izateko hautagai izan zen Oscar sarietan—, Silencio roto (2001) -Locarnoko Nazioarteko Zinemaldia (Piazza Grande) eta Torontoko Nazioarteko Zinemaldia-, Escenario móvil (2003) -Donostia Zinemaldia (Horizontes Latinos)-, Obaba (2004) —Donostia 53. Zinemaldiaren eta New Yorkeko Lincoln Centerreko Spanish Cinemaren irekiera-filma— eta No tengas miedo (2011) -Karlovy Vary (sail ofiziala)-.

 

Argazkiak 1984

Tasio 1984

Prentsaurrekoa 1984

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.