2024/04/29
Boloniako L’immagine Ritrovata laborategiek zaharberritu dute zuzendari nafarraren film luzea, eta Donostia Zinemaldiko Klasikoak saila zabalduko du irailean, bertan estreinatu baitzen duela 40 urte
Euskadiko Filmategiak Tasio filma (Montxo Armendariz, 1984) zaharberritu du Boloniako Cinetecaren baitako L’immagine Ritrovata laborategietan, 2023ko urri eta azaroan. Halaber, euskal zinemagintzaren funtsezko obra hori hautatu dute Cannesko Zinema Jaialdiko Classics sailerako; hain zuzen, datorren maiatzaren 14tik 25era bitarte ospatuko da festibala. Bertan, pelikula 4Kn ikusi ahal izango da. Tasio filmaren kopia zaharberritu berbera baliatuko dute irailean Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Klasikoak saila zabaltzeko, jaialdi horretan estreinatu baitzen duela 40 urte.
Jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta zegoen, eta handik egin zuen laborategietarainoko bidaia, joan den irailaren bukaeran. Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendarizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara. Bolonian eman zuen aldiaz gain, zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko langileek prozesu osoa kontrolatu dute.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren babes ekonomikoari esker zaharberritu ahal izan da filma, Enrique Cerezo P.C. filmaren jabearekin adostuta.
Cannes Classics-erako hautatu dute Tasio, besteak beste, Napoleon (Abel Gance, 1927) eta beste film batzuekin batera. Adibidez, Gilda (Charles Vidor, 1946), Paris, Texas (Wim Wenders, 1984), Los siete samurais (Akira Kurosawa, 1954), Los paraguas de Cherburgo (Jacques Demy, 1964), Loca evasión (Steven Spielberg, 1974) edo Cuatro noches de un soñador (Robert Bresson, 1971). Izan ere, frantziar zinema jaialdiaren sail horrek titulu klasikoak berreskuratzen ditu, eta, arlo horri dagokionez, munduko jaialdi garrantzitsuenen artean dago.
Euskadiko Filmategiak ahalegina egingo du euskal zinemagintzako film ikoniko hori zinema klasikoaren eremuan erreferentziazkoak diren beste hitzordu batzuetan ere proiektatu dadin. Irailean, Donostiako Zinemaldian egongo da ikusgai eta Klasikoak saila zabalduko du, zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen saila, hain zuzen.
Bestalde, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.
‘TASIO’
Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da dagoeneko, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak; gizon hura Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen Valderrota mendian.
Lantalde tekniko eta artistiko garrantzitsua bildu zuen filmak; besteak beste, Elias Querejeta (ekoizlea), Pablo G. del Amo (muntatzailea), Gerardo Vera (zuzendari artistikoa), Angel Illarramendi (konpositorea), José Luis Alcaine (argazki-zuzendaria), Alfredo Mayo (kamera) eta José Luis López-Linares (argazki finkoa) aritu ziren lanean. Bestalde, Patxi Bisquertek eta Amaia Lasak gorpuztu zituzten protagonistak.
Montxo Armendarizen hitzetan, “isileko askatasunari buruzko filma da Tasio: arauen eta konbentzioen kontra ezkutatzen den askatasun horri buruzkoa”. “Tasioren pertsonaiatik gehien interesatzen zitzaidana gizartearen aurrean zituen duintasun, harrotasun eta ohorea ziren, nahiz eta jarrera horrek atzerakoi itxura eman ziezaiokeen, hots, aurrerapenaren aurka zegoen pertsonaia baten tankera. Hala ere, beste irakurketa bat du orain, egin nuen garaian ez bezalakoa”, gehitu du zuzendariak.
Boloniara eginiko txangoaz, Armendarizek nabarmendu du Tasio zaharberritzen ari ziren laborategiko aretora sartu eta pantailan filmaren izenburua zuen fotograma izoztua ikusterakoan, “estreinaldiaren eguneko zirrara berbera” sentitu zuela. “Amets bat egia bihurtzen ikustearen poza. Fotokimikotik irudiak gogoratzen nituen bezalaxe berreskuratzeaz gain, irudi horiekin batera nire bizitzako zatiak ere berreskuratu nituen: eszena bakoitza ikuskatu ahala, momentu ahaztezinak eta pertsona kuttunak agertu ziren, beren argi-ilunekin, oroitzapenak fotogrametan harrapatuta geratu balira bezala eta denbora pasatze hutsagatik desagertzea onartuko ez balute bezala”, azaldu du.
Bestalde, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek aitortu du Tasio lanarekin ekin diotela “euskal zinemagintzako titulu nagusiak zaharberritzeko proiektuari. Gainera, akaso munduko laborategirik onenean (Boloniakoa) ekin diogu lan horri, nazioartean gure zinemari ere ‘klasiko’ kontzeptua txertatzeko asmoz. Prozesu osoan zehar Montxo Armendarizen lana eta konplizitatea eduki izanak zilegitasun eztabaidaezina ematen dio lanari. Hitz batez esanda, gure titulurik onenetako baten zaharberritze-lanik onena dugu erakusleihorik onenean: Cannes”.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez “Tasio Cannes-en ikustea albiste oso ona da, euskal kulturak nazioartean presentzia irabazteko balio baitu. Pelikula gaur egungo teknologietara ekarrita gure ondarea gizartearen eskura uzten dugu. Beharrezkoa da herri baten kultura ondasunak zaintzea eta gizarteratzea, hurrengo belaunaldiei transmisioa ziurtatzeko. Tasio pelikularekin egin nahi izan duguna horixe da. Zaharberritu, egungo beharrizanetara egokitu eta gizartearen eskura jarri. Nazioartean ere merezi duen aintzatespena jasotzeko Cannes-ko klasikoen sailean erakustea gauza handia da”. Sailburuak Euskadiko Filmategiaren lana ere eskertu du euskal zinemaren historia diren filmak berritzeko eta zaintzeko egiten duen ahaleginagatik.
MONTXO ARMENDÁRIZ (OLLETA -NAFARROA-, 1949)
Montxo Armendariz zuzendariak (Olleta, Nafarroa, 1949) hamahiru urte zituenetik jakin zuen zinemagintzan jardun nahi zuela; haatik, elektronika ikasi, eta gai horren irakasle gisa eman zituen lehenengo pauso profesionalak. Armendariz autodidakta izan zen, eta 1977an, Euskal Zine Egileen Elkarteari esker, Fernando Larruquert eta Javier Aguirresarobe ezagutu zituen. Zinegilearen lehenengo film laburrean, Barregarriaren dantza/La danza de lo gracioso, muntatzaile lanetan jardun zen Larruquert, eta argazki-zuzendari, berriz, Aguirresarobe. Lan horrek urte hartako Zilarrezko Mikeldi saria eskuratu zuen Bilboko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian. Gerora, askoz ere sari gehiago iritsi ziren; besteak beste, honako lan hauekin: Ikusmena (1980), Ikuska 12 (1981), Carborneros de Navarra (1981), Tasio (1984) —Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko bigarren saria eta Fipresci saria—, 27 horas (1986) —zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Donostia Zinemaldian—, Las cartas de Alou (1990) —Urrezko Maskorra eta Fipresci saria Donostia Zinemaldian—, Historias del Kronen (1995) —sail ofizialean egon zen Cannesko zinema jaialdian eta gidoi egokitu onenaren Goya saria eskuratu zuen—, Secretos del corazón (1997) —europar film onenaren Aingeru urdina saria jaso zuen Berlinalen eta nazioarteko filmik onena izateko hautagai izan zen Oscar sarietan—, Silencio roto (2001), Escenario móvil (2003), Obaba (2004) —Donostia 53. Zinemaldiaren irekiera-filma— eta No tengas miedo (2011).