2022/06/27
Euskadiko Filmategiak Ana Díez (Tutera, 1957) A quien cierra los ojos zuzendariaren azken lana proiektatuko du uztailaren 9an Donostiako Tabakalera zentroan. Díez berriz ere jarri da kameraren atzean (Paisito, bere aurreko film luzea, 2008n estreinatu zuen), eta Donostian aurkeztuko du pelikula Patricia Reyes Spíndola aktore mexikarrarekin batera.
Istorioa Mexiko Hiriko Villaseñor ikastetxe pribatuan girotuta dago, eta bertan bizi diren helduek eta nerabeek bidaia bati ekingo diote, non amaituko duten ez dakitelarik. Ikastetxeko zuzendariak, Reyes Spindolak hezurmamituak, eskola hartu zuen oinordetzan, baina bokaziorik gabe, zentroari bizitza berri bat eman eta biziberritu nahi du. Hala ere, gertakari bortitz batek erakutsiko du norberaren izaera.
Egilearentzat lan hau “gozamena” izan da, baina baita “erronka” ere. “Erronka bat izan da, pelikula korala delako, gurutzatutako bizitzak daude eta pertsonaia asko. Istorioa eraikitzeko garaian protagonisten sentimendu sakonenak eta intimitatea erakustea oso konplexua suertatu zait”, esan dio egileak Euskadiko Filmategiari. Baina Diezek ez ditu bakarrik Mexikoko eskola pribatu honetan bizi diren pertsonaiak deskribatu, krisian dagoen hezkuntza eta gizarte sistema bati buruz ere hitz egin nahi izan du. “Film honek amaiera ematen dio nire ibilbideari. Mexikon hasi nintzen Elvira Luz Cruzekin (1985) eta, oraingoz, Mexikon, A quien cierra los ojos filmarekin ixten dut; niri betidanik interesatu zaidan gai batekin: hezkuntza-sistema eta nola prestatzen diren belaunaldi berriak etorkizunerako. Uste dut galderak egin ditudala; hori da niri gustatzen zaidan zinema”, gehitu du zinemagile nafarrak.
A quien cierra los ojos Educadoresek, Reflektok, Antitesisek eta Indie Zinema Ikasketen Zentroak ekoitzi dute.
Datorren uztailaren 9rako sarrerak www.tabakalera.eus-en eros daitezke.
ANA DÍEZ
Ana Díez, euskal zinemaren aitzindari nagusietako bat, Medikuntzan eta Zinema Zuzendaritzan lizentziaduna da Mexiko Hiriko Gaikuntza Zinematografikoko Zentroan. 1989an, lehen filma egin zuen, Ander eta Yul, eta Opera Prima Onenaren Goya saria jaso zuen. Fikziozko proiektuak eta dokumentalak idatzi eta zuzendu ditu, hala nola, Todo está oscuro (1996), La mafia en La Habana (2000), Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan (2001), Galíndez (2002) eta Paisito (2008). Halaber, Madrilgo Universidad Conplutensen, Carlos IIIn eta Autonoman irakasle izan da, baita ECAMen ere. 2012an, Euskadiko Filmategiak atzerabegirako bat eta argitalpen monografiko bat eskaini zizkion, bere ibilbide osoa ardatz hartuta.
PATRICIA REYES SPÍNDOLA
Patricia Reyes Spíndola (Oaxaca, 1953) aktore, ekoizle eta zuzendari mexikarra da, bere herrialdean eta Londresen interpretazioa ikasi zuen. 1974an Jaime Humberto Hermosilloren El señor de Osanto filmarekin hasi zen zineman eta urte berean Fru Fru konpainiarekin hasi zen antzerkian. 70 film baino gehiagotan lan egin du, Nancy Cárdenas eta Arturo Ripstein bezalako errealizadoreekin. Gainera, 40 antzezlan baino gehiagotan eta 40 telesail baino gehiagotan ere aritu da. Bi aldiz irabazi du emakumezko aktore onenaren Ariel saria (Mexikoko Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak ematen duena), Los motivos de la Luz (Felipe Cazals, 1986) eta La reina de la noche (Arturo Ripstein, 1994) lanengatik.