Argitaratua ´Billy Wilder. Anatomía de un genio´ liburua

2026/01/14

Argitaratua ´Billy Wilder. Anatomía de un genio´ liburua

Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak argitalpen berria aurkezten dute: Billy Wilder. Anatomía de un genio liburua, Luis Alegrek koordinatua, Colección Nosferatu-ko 22. zenbakia

Liburua gaur, urtarrilak 14, aurkeztu da Tabakalerako zine aretoan, arratsaldeko 18:00etan, zuzendari zentroeuroparrari eskainitako zikloaren lehen saioaren aurretik. Bertan, 19:00etatik aurrera, bere film garrantzitsuenetako bat proiektatu da: Sunset Bolevard (1950). Aurkezpenean, liburuaren koordinatzaileaz gain, beren ekarria egin duten Fernando Truebak eta Marta Medinak parte hartu dute.

Inor ez Luis Alegre bera baino hoberik saiakera kolektibo hau prestatzeko prozesua nolakoa izan den kontatzeko: "Asko idatzi izan da Wilderri buruz, baina bera bezalako norbaiten inguruan, inoiz ez da gehiegi. Erronka, nola ez, zerbait interesgarria ekartzea zen, erakargarria izateko bai Wilderren jarraitzaile, fanatiko eta adituentzat, bai oraindik abagunerik izan ez zuten zinemazale gazteentzat, bai eta hura gutxiesteari utzi nahi ziotenentzat ere. Hemeretzi pertsonaren laguntza izan dut, profil eta belaunaldi askotakoak, zinemaren, kritikaren, ikerketaren, kazetaritzaren edo literaturaren arloan dihardutenak. Gutako bakoitzak dugu gure Billy Wilder, eta haietako bakoitzak berea ekarri du, modu batera edo bestera, bere artikulu edo testigantzetara. Begirada horiek guztiek Wilderren handitasunaren ertz amaigabeen zati handi bat barnean har zezaten, haren bizitzaren, obraren, nortasunaren, estiloaren edo ideologiaren gakoak eman zitzaten, eta mundua ikusteko eta, isil-gordean edo, giza izaeraren zokoetan arakatzeko modu tragikomiko horren gainean —hain berea eta liluragarria— argia eman zezaten saiatu naiz. Liburuak bi elkarrizketa biltzen ditu. Bata, Fernando Truebak iradokia eta Nat Chediakek egina, Joseph McBrideri, Billy Wilderri buruzko biografia handi baten egileari (Billy Wilder: Dancing on the Edge, 2021), Espainian itzuli gabea. McBridek harreman estua izan zuen Wilderrekin. Bere ezagutza pertsonalak eta bere ikerketa apartak haren figuraren gainean argi berezi bat emateko aukera ematen diote. Batez ere solasaldi bat den beste elkarrizketaren protagonista Fernando Trueba bera da, Billy Wilderrengandik hurbilen egon zen espainiarra. Eta oso gazte nintzela The Apartment (1960) filma pluskuanperfektua zela bota zidanean, erokeria honetan bakarrik ez nengoela sentiarazi zidana".

Liburuan honako hauek idatzi dute: Luis Alegre, Jesús Angulo, Felipe Cabrerizo, Carlos Calvo, Quim Casas, Antón Castro, José Luis Castro de Paz, Nat Chediak, Elsa Fernández-Santos, Daniel Gascón, Mariano Gistaín, Carlos F. Heredero, Julieta Martialay, Marta Medina, Ana Merino, Oti Rodríguez Marchante eta Manuel Vilas.

Billy Wilder. Anatomía de un genio liburutegietan eskuragarri egongo da datozen egunetan (20 euro). 2026ko udazkenean Nosferatu Bildumako XIV. zenbakia argitaratuko da, Zigor Etxebestek Billy Wilderri buruz idatzitako euskarazko saiakera.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.