Euskadiko Filmategiak ondareari eta emakumeek eginiko zinemari eskainiko die eukal zinemaren zikloa

2026/04/07

Euskadiko Filmategiak ondareari eta emakumeek eginiko zinemari eskainiko die eukal zinemaren zikloa

Datozen hiru hilabeteetan, 16 film emango dira Gasteizen, Donostian eta Bilbon, hamar saiotan

Programak barnean hartzen du Itzalak argitzen (Koldo Almandoz / Gorka Bilbao, 2026) filmaren estreinaldia, baita Elena Iruretari eta Borja Cobeagari eskainitako saioak ere

Besteak beste, film hauek ere emango dituzte: Yoyes (Helena Taberna, 2000), Irrintzi (Mirentxu Loyarte, 1978), La capitana Alegría / Pour don Carlos (Musidora / Jaime de Lasuén, 1921) eta Fuego eterno (José Ángel Rebolledo, 1985)

Euskadiko Filmategiak ondarea eta emakumeen zinemagintza landuko ditu datozen hiru hilabeteetan, Gasteizen, Donostian eta Bilbon egingo den Euskal zinema zikloan. Azken bosturtekoan euskal emakume zinemagileen lanei argia eman ondotik, Filmategiak zabaldu egingo du fokua aurten, eta 16 film proiektatuko ditu hamar saiotan: gure zinematografiaren historia nolabait markatu duten izenburuak errepasatuko ditu.

Zikloa apirilaren 15ean (asteazkena) hasiko da Gasteizen, eta gaur aurkeztu dute Tabakaleran. Ekitaldian izan dira Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiaren zuzendaria, Miguel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoaren zuzendaria, Joselu Blanco EITBko Programazioko zuzendaria eta Helena Taberna zinemagilea.

Apirilean, maiatzean eta ekainean, emakumeek zuzenduriko pelikulak ikusteko aukera izango da Artium Museoan, Bizkaia Aretoan eta Tabakaleran. Ikusgai izango diren lanen artean, honako hauek: Yoyes (Helena Taberna, 2000), euskal zinemagintzako erreferentzia diren emakume zuzendarietako baten lehenbiziko lana; Hirugarren koadernoa (Lur Olaizola, 2022), Yoyes ETAko militantearen memoria berreskuratzeko lana, Ana Torrenten ahotsean kontatua; Urak aske (Bego Zubia Gallastegi, 2021), Artikutzako presa suntsitzeak ekarritako leheneratzearen berri ematen duen filma; eta La capitana Alegría / Pour don Carlos (Musidora / Jaime de Lasuén, 1921), ziurrenik Euskadin eta euskal produkzioarekin filmatutako lehenbiziko fikziozko lana, Musidora garai hartako emakumezko antzezle frantziarren mitoak Jaime de Lasuén aristokrata karlistarekin batera zuzendua.

(H)emen Ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako Euskal Herriko emakume profesionalen elkartearen hamargarren urteurrena ospatzeko, euskal zinemagintzako lan aitzindari bat proiektatuko da: Irrintzi (Mirentxu Loyarte, 1978), baita elkartearen sortzaileetako batek film horri buruz eginiko berrikuspena ere: Irrintziaren oihartzunak (Iratxe Fresneda, 2016).

Ondarea da, berebat, programako gainerako lanak lotzen dituen ardatza, eta, bereziki, Gerra Zibilari eskainitako saioa, Euskadiko garai hartako gobernuaren Propaganda Atalak ekoitzitako lau filmek osatua: Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937), Guernika (Nemesio Sobrevila, 1937) eta Elai-Alai (Nemesio Sobrevila, 1938).

Era berean, Gure Sor Lekuaren bila (2015) lana ere proiektatuko da. Haren bidez, ziurrenik euskaraz erabat eginiko lehenbiziko dokumentalaren historia osatu du Josu Martinezek. Dokumental hura Hazparnen estreinatu zuten 1956an.

Koldo Almandozek eta Gorka Bilbaok ere memoria-ariketa bat egiten dute: Itzalak argitzen (2026) lanean, 80ko hamarkadaren erdialdean produzitutako lau film ertain zaharberritzeko prozesua dokumentatu dute. Iaz zaharberrituak izan ziren Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986), Eusko Jaurlaritzarekin eta EITBrekin lankidetzan. Lan horren emaitza gisa sortua da film hori -EITBren ekoizpen propio bat-, eta lehenbizikoz emango dute zinema-aretoetan.

Euskadiko Filmategiak bere garaiko euskal film anbiziotsuenetako bat ere berreskuratuko du: Fuego eterno (1985). José Ángel Rebolledok zuzendua eta Imanol Uribek ekoitzia da, eta Javier Aguirresaroberen argazkia du. Musika Alberto Iglesiasena da, Gerardo Vera izan zen zuzendari artistikoa, eta antzezleak, berriz, Ángela Molina eta Imanol Arias.

Komediak ere izango du tokirik zikloan, Agur Etxebeste! filmarekin (Asier Altuna / Telmo Esnal, 2019), Donostian Elena Iruretak aurkeztuko du. Ildo horretan bertan, Un novio de mierda film laburra (Borja Cobeaga, 2010) emango da, baita Pagafantas ere (Borja Cobeaga, 2009), azken hori, hain justu, euskal komediaren “gurasoetako” baten lehen film luzea.

Sarrerak erosteko, Artium Museoaren, Tabakaleraren eta Arte Ederren Bilboko Museoaren leihatiletara edo webguneetara jo daiteke.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.