2025/12/03
Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburu kolektiboa aurkeztuko dute, Iratxe Fresnedak koordinatua, Nosferatu Bildumaren XIII. zenbakia.
Argitalpena Nosferatu programazioaren Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak zikloari dagokio. Zikloa 2025. urte osoan zehar Tabakaleran garatzen ari da eta datorren abenduaren 17an amaituko da, Lucrecia Martelen La niña santaren (2004) proiekzioarekin.
Liburua Iratxe Fresnedak koordinatu du, eta bertan idatzi dute, Fresnedaz gain, Tania Arriaga Azkaratek, Aitor Arruzak, Maitane Hernandez Eyheramonhok, Gentzane Martinez de Osabak, Olatz Ovejero Alfonsok eta Elisa Villota Sadabak.
Iratxe Fresnedaren hitzetan:
"Liburu honek fenomeno zinematografikoa aztertzen duten gai gakoen bilduma bat eskaintzen du, hiru ardatz nagusitan banatuta: sorkuntza, errepresentazioa eta bide berriak. Ardatz horien bitartez, ohiko film komertzialetatik aldendu eta zinemaren industria tradizionaletik kanpo sortzen diren sormen eta errepresentazio ikuspegien aniztasuna esploratuko da.
Aspaldi hasi ziren emakumeak eta industriako zinematografien barruan sartzen ez diren beste kolektibo batzuk zinearen historia propioa idazten. Zinemak errealitatearen ikuspegiak sortzen ditu, eta horiek, noizean behin, ezarritako eskema narratibo eta formaletatik ihes egiten dute. Aztertuko ditugun kasuetan, eskapada hori ez da soilik narratiba zinematografiko nagusitik urruntzean oinarritzen, une historiko bakoitzean atxikita dauden gizarteen kontakizun hegemonikoetatik ere urruntzean baizik".
Azaleko ilustrazioa Mercedes Garcíak (Ytantos) egina da, eta liburuaren maketazioaz ere arduratu da.
Iratxe Fresnedak gaur, abenduaren 3an, aurkeztuko du saiakera hau, 19:00etan, Tabakalerako Zinema Aretoan, Jessica Hausnerren Lovely Ritaren (2001) proiekzioaren aurretik.