2025/11/27
Tabakalerak 2026ko zinema-denboraldi berria aurkeztu du, urtarrilaren 8an hasiko dena. Proposamen hau bertako pantaila partekatuan programatzen duten erakundeek diseinatu dute: Donostia Kultura, Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera.
2026ko programak bere helburuari eutsiko dio, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zinema-aretora publiko anitzak erakartzea, alegia. Hartara, programazioak zinemaren eta beste diziplina batzuen arteko elkarrizketa indartuko du, zinema eta musikaren, zinema eta artearen, zinema eta literaturaren eta zinema eta zientziaren arteko intersekzioak aztertzen dituzten ziklo tematikoen bitartez. Gainera, UPV/EHUren eta EQZEren parte-hartzearekin garatutako programak eskainiko dira.
2026ko programazioari Kontatutako zinearekin emango zaio hasiera, zinemagileen eta ikusleen arteko hurbilketa zuzena sustatzea helburu duen proiektuarekin. Lehenengo saioa urtarrilaren 8an izango da, eta Alberto Gastesi izango da bertan, berriki Sitgesko Zinemaldiko sail ofizialean Singular bere filma aurkeztu duena. Filmaren proiekzioa 17:00etan hasiko da, eta jarraian hitzaldi bat eskainiko da, Gastesik berak filmaren sortze-prozesua publikoarekin partekatzeko.
Laura Citarella, Zineb Sedira eta Lucile Hadžihalilović
Denboraldiko lehen ziklo handia Laura Citarella argentinar zinemagileari eskainiko zaio. El Pampero Cine produkzio-etxe ospetsuko kidea (Mariano Llinás, Alejo Moguillansky eta Agustín Mendilaharzurekin batera), Citarellak lau film luze zuzendu ditu, besteak beste, Veneziako edo Donostiako zinemaldietan proiektatu direnak. Ekoizle gisa ere ezaguna da. Bere lan nabarmenen artean ditu Historias extraordinarias eta La flor film goraipatuak.
Zuzendaria Tabakaleran izango da urtarrilaren 15ean, Trenque Lauquen aurkezteko; Cahiers du Cinéma aldizkari espezializatuak 2023ko filmik onena izendatu zuen film hau. Bere egonaldian, zuzendariak eskolak emango ditu EQZEn, eta publikoari irekitako lantegi bat eskainiko du Zinea eta ikus-entzunezko laborategian. Gainera, urtarrilaren 17an, El affaire de Miu-miu proiektatuko da, eta jarraian solasaldi bat izango da Citarellaren eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema-koordinatzailearen artean.
Otsailean, Zineb Sedira argazkilari eta bideo-artista feminista frantziar-aljeriarrak zentroa bisitatuko du, Tabakaleran eskainiko zaion erakusketaren inaugurazioa dela eta. Garai berean zinema ziklo bat ere antolatu da, Aljeriako eta Marokoko zinemagileak ardatz dituena. Lehenengo saioan, otsailaren 21ean, Zineb Sedira bera izango da bertan, William Klein argazkilari eta zinemagileak zuzendutako Festival panafricain d´Alger 1969 filma aurkezteko.
Apirila eta ekaina bitartean, EQZErekin lankidetzan antolatutako atzera begirako bat eskainiko zaio Lucile Hadžihalilović zuzendari frantziarrari, Donostia Zinemaldian Zabaltegi-Tabakalera Saria irabazi berri duenari. Zikloak bere filmografia osoa ikusteko aukera emango du, eta irakasle gonbidatu gisa eskolak emango ditu EQZEn.
Hirugarren urtez jarraian, UPV/EHUko ikasleak arduratuko dira hilean behin zinema-aretoko egitaraua programatzeaz. Gazteak zineman zikloaren hirugarren edizioa urtarrilaren 22an hasiko da, eta pantaila handia ikasleen lehentasunei ireki eta publiko berriak sortzea izango du helburu.
Zinema eta literaturaren arteko harremana aztertzen duen zikloa urtarrilaren 29an hasiko da. Eider Rodríguez idazlea izango da lehen gonbidatua, Claire Denisen Beau travail filmari eskainitako saio batean. Hilean behin, ziklo honek film bat eskainiko du euskarazko azpitituluekin, eta idazle batek euskaraz eginiko aurkezpenarekin.
Bestalde, Zinema eta musika zikloa urtarrilaren 31n itzuliko da saio berezi batekin: Niña Coyote eta Chico Tornado bikotea izango da bertan zuzenean eta solasaldi bat eskainiko dute soinu-banden sortze-prozesuari buruz hitz egiteko.
Nosferatu. Billy Wilder
Nosferatu ziklo berria urtarrilaren 14an hasiko da Tabakaleran eta XX. mendeko munduko zinemagintzak eman duen izen handienetako bati eskainiko zaio: Billy Wilder Erdialdeko Europako zuzendariaren irudiari. El crepúsculo de los dioses (Sunset Boulevard, 1950) filmaren proiekzioarekin inauguratuko da zikloa egun horretan.
Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatuta, Tabakalera eta Institut Valencià de Cultura – La Filmoteca erakundeekin lankidetzan, 2026ko urtarriletik abendura bitartean garatuko da zikloa, eta 32 film proiektatuko dira.
Programazioak ibilbide osatua eskainiko du Wilderren filmografia bikainean zehar: 1930eko hamarkadako Alemanian gidoilari gisa egin zituen lehen urratsak; Frantzian zuzendari gisa egindako bere opera prima —Curvas peligrosas (Mauvaise graine, 1933)— eta AEBn bizi izandako garaia, Ernst Lubitsch, Mitchell Leisen edo Howard Hawks bezalako zinemagile handientzat gidolari bezala lan egin zuenekoa. Hollywooden zuzendu zuen lehen filma ere, El mayor y la menor (The Major and the Minor, 1942) ikusteko aukera izango da.
Luis Alegre idazle eta zinema kritikaria izango da Billy Wilder. Anatomía de un genio liburuaren koordinatzailea, Colección Nosferatuko 22. zenbakia. Urtarrilean argitaratuko da, zikloaren hasierarekin batera. Argitalpenak Fernando Truebarekin eta Joseph McBriderekin izandako elkarrizketak biltzen ditu. 2026ko udazkenean, Nosferatu Bildumako 14. zenbakia argitaratuko da, euskaraz, Zigor Etxebeste irakasle eta zinema adituak Wilderren figurari buruz idatzia.
Zinema eta zinema-eskolak
Zinemaldia + Plus zikloak—Donostia Zinemaldiak Tabakalerako pantaila partekatuan duen programa— ´zinema eta zinema-eskolak´ gaiari eskainiko dio 2026ko egitaraua.
2018an, Elías Querejeta Zine Eskolak ateak ireki zizkion sorkuntza, komisariotza eta artxiboko ikasleen lehen promozioari. Donostia Zinemaldiak, profesionalizaziorako (amildegirako jauzi hori, zinema-eskolatik mundu profesionalera) etapari babes historikoa eman zionak Nest bezalako sailekin, bere sorreran bertan parte hartu zuen, eta, ireki zenetik, zinema-eskolarekin batera antolatu dituen hainbat proiektu eraldatzaileren eragile izan dira Donostiako nazioarteko lehiaketarako.
Zinemak bere koadro tekniko eta artistikoen formazioa nola tratatu duen ikusteko helburuarekin, Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatutako ziklo honek zinema-eskolan bertan garatzen diren filmak biltzen ditu, bizialdi hori erregistratzen dutenak, baina baita ikasgelako lanetik literalki jaiotzen diren filmak, film kolektiboak eta ikaslearen eta zinemagilearen arteko banalerroa lausotzen dutenak ere.
Zikloak honako hauek programatuko ditu: We can´t go home again (1973), Nicholas Ray; Todos vós sodes capitán (2010), Oliver Laxe; Don´t expect too much (2011), Susan Ray; Le concours (2016), Claire Simon; Los mutantes (2016), Gabriel Azorín; The souvenir: Part II (2021), Joanna Hogg; A night of knowing nothing (2021), Payal Kapadia; eta Tú me abrasas (2024), Matías Piñeiro.
Zinema eta Zientzia edizio berria
Ohi bezala, Zinema eta Zientzia zikloaren edizio berri batekin (oraingoa bederatzigarrena) hasiko du Euskadiko Filmategiak bere urte zinematografikoa. Programa hau Donostia International Physics Centerrekin (DIPC) eta Donostia Zinemaldiarekin batera antolatzen da.
Zikloa urtarrilaren 9an hasiko da eta, ohi den bezala, Pedro Miguel Etxenike DIPCko presidenteak aurkeztuko du. Etxenikek inaugurazioko filma aurkeztuko du: El planeta de los simios (Franklin J. Schaffner, 1968). Lengoaia zinematografikoaren bidez, zientziaren munduarekin lotutako hainbat diziplina eta problematika landuko ditu ziklo honek. Programa osoa laster jakinaraziko da.
Euskadiko Filmategiaren udaberria euskal zinemari eskainitakoa izango da. Apirila eta ekaina bitartean 10-12 saio eskainiko dira, euskal produkzioaren zati txiki bat jasoko dutenak, bai klasikoa, bai berriagoa.
Gure lurraldean hiru jazzaldi garrantzitsu ospatzen dira uztailean (Gasteizkoa, Donostiakoa, Getxokoa) eta horregatik da Jazzaren euskal hilabetea. Hala, Euskadiko Filmategiak bat egiten du ospakizun horrekin, hamar urte betetzen dituen Jazzinema zikloa eskainita.
Udazkena klasikoen aldia izango da, Klasikoak zikloaren hirugarren edizioa, Donostia Zinemaldiarekin batera antolatua. "Klasikoen" kategoria lortu duten eta duela gutxi zaharberritu diren filmak aurkeztuko dira. Zinemaldiak irailean aurkeztuko ditu lehen bi emanaldiak, eta Klasikoak sailaren zatirik zabalena urria eta abendua bitartean garatuko da.
2026 zinema-bonua eta sarreren salmenta
Tabakalerako zinema-bonua berritu egin da 2026rako, eta 90 eurotan eskainiko du 30 filmetarako sarrera. Bonu honek pantaila partekatuko erakunde bazkideen proiekzioetarako balio du (Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine-Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera), 2026ko Donostia Zinemaldian programatutakoak izan ezik.
Bonuaren erosketarekin batera, aurten ere, Nosferatu Bildumaren bi argitalpenetako bat opari emango da: Dena egiteke dago, zinema tirokatu liburu kolektiboa (Iratxe Fresnedak koordinatua) edo Billy Wilder. Anatomía de un genio liburua (Luis Alegrek koordinatua) gaztelaniaz.
Bonua 2025eko abenduaren 19ko 12:00etatik aurrera erosi ahal izango da, eta salmenta 2026ko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte egongo da zabalik. Erosketak eta kudeaketak Tabakaleraren webgunean eta Informazio Gunean egin ahal izango dira. Bonuko sarrerek 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte balio dute.
Aldi berean, urtarrileko proiekzioetarako sarrera arrunten salmenta egun eta ordu berean irekiko da (2025eko abenduaren 19an, 12:00etan). Sarrera arruntak 4.5 € balioko du. Prezio-igoera hori online erosketa bidezko jaulkipen-gastuak ezabatu izanak konpentsatuko du. Ohiko deskontuak orain arte bezala aplikatuko dira.
Bonuari eta urtarrileko programazioari buruzko informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsultatu ahal izango da.