Aukeratu dira dagoeneko Kimuak 2012ko katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak

2012/06/12

Epaimahaiak 66 proposamen aztertu ditu.

Zazpi dira Kimuak zigilupean aurten banatuko diren film laburrak, aurkeztutako 66 proposamenen artean emandako epaiaren arabera.

Aurtengo epaimahaia osatu duten kideek, hots Maialen Beloki –Donostia Zinemaldiko Hautespen-batzordeko kidea eta Zinemira, Made in Spain eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa atalen Arduraduna–, Josemi Beltrán –Donostia Kulturako Zinema Arduraduna–, Pilar García Elegido –Madrilgo Erkidegoaren Ikus-entzunezko Ataleko Arduraduna–, Edurne Ormazabal –EITB.com-eko Zuzendaria– eta Ángel Sala –Sitges Catalunyako Nazioarteko Zinemaldi Fantastikoaren Zuzendaria–, aurkeztutako film laburren maila altua eta hauen artean zazpi baino ez aukeratzeko zailtasuna azpimarratu dute.

Hautatuak izan diren film laburrak Mikel Ruedaren AGUA!, Isabel Hergueraren BAJO LA ALMOHADA, Ander Mendiaren BEERBUG, Jesús M. Palaciosen CASA VACÍA, Koldo Almandozen DEUS ET MACHINA, Paul Urkijoren LOS MONSTRUOS NO EXISTEN eta Martín Roseteren VOICE OVER dira.

Aurtengo aukeraketa hiru lurraldeetako zuzendariez osatua dago, eta hizkuntza zein genero anitzak jasotzen ditu. Agua! Mikel Ruedaren laburrerako itzulera da, 2010ean Izarren argia zuzendu ostean. Oraingoan, ura elementu purifikatzaile moduan partekatzen duten eta bizitza kontrajarriak dituzten bi neraberen arazoetara gerturatu da Bilboko zuzendaria.

Bestalde, Isabel Herguerak bere hirugarren film laburra izango du Kimuaken, La gallina ciega (2005) eta Ámár (2010) animaziozko lanen ondoren. Bajo la almohada, Donostiako zuzendariaren lan berriak, Goako (India) ospitale batean GIB duten haurren istorioa eta eurek eginiko marrazkiak ditu abiapuntu.

Bildumako bigarren animazioa Ander Mendiak zuzendutako Beerbug da, ezohizko izaki dibertigarri baten istorioa. Getxotarrak Black To The Moon, eta Olentzero eta Betizuren sagatan egin izan du lan.

Irungo Jesús M. Palacios zuzendariak, bere lehen film laburra burutu du, Casa vacía, egun hutsik dagoen Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea artistak bizi izan ziren etxebizitzaren gaineko dokumentala.

Deus et Machina, apokalipsiaren gaineko hausnarketa poetikoa, Koldo Almandoz donostiarrak Kimuaken duen zazpigarren laburra da, Razielen itzulera (1998), Belarra (2002), Amuak (2004), Midori (2006), Columba Palumbus (2007) eta Ahate Pasa (2009) lanen ostean.

Paul Urkijo gasteiztarraren Los monstruos no existen-ek Gazte Epaimahaiaren Saria lortu zuen joan den Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Dokumental kutsua duen fikzio hau Kanbodian filmatu zen eta egoera babesgabean dauden adingabeen abusuen gaia jorratzen du.

Azkenik, Martín Roseteren Voice Over-ek hiru muturreko egoera, funtsean bakarra dena, kontatzen ditu. Proiektu honen atzean Koldo Zuazua eta Luiso Berdejo donostiarrak daude, bata ekoizle bezala eta bestea gidoia sinatuz. Berdejok Kimuaken hainbat ediziotan parte hartu du zuzendari bezala, ...Ya no pude caminar (2001), La guerra (2005), For(r)est In The Des(s)ert (2006) eta Limoncello (2007) lanekin.

Katalogo berria, Kimuaken 15. ediziokoa, datorren Donostia Zinemaldian aurkeztuko da ofizialki.

 

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.