2025/05/02
Joxean Fernández (Euskadiko Filmategiko zuzendaria), György Raduly (FIAFeko idazkariordea) eta Christophe Dupin (FIAFeko administratzaile-delegatua) maiatzaren 1ean Montrealen (Quebec)
Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak Quebecen defendatu zuen atzo hautagaitza. Azpimarratu zuenez, ekimena “erakustoki bikaina izango da euskal ondare zinematografikoaren balioa nabarmentzeko”
Sektoreko ekitaldi garrantzitsuena da, eta 2028ko apirilaren amaieratik maiatzaren hasierara egingo da Euskadiko Filmategian; hain zuzen, urte horretan 50 urte beteko ditu erakundeak, eta mundu guztiko 300 espezialista baino gehiago elkartuko ditu
Euskadiko Filmategia izango da Film Artxiboen Nazioarteko Biltzarraren egoitza 2028an; hain zuzen, apirilaren amaieratik maiatzaren hasierara. Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak Quebecen defendatu zuen hautagaitza, Film Artxiboen Nazioarteko Federazioaren (FIAF) biltzar nagusiaren aurrean. Fernándezek azpimarratu zuenez, “FIAFen nazioarteko biltzarra Euskadin izatea erakustoki bikaina izango da ondare zinematografikoaren balioa nabarmentzeko eta sektoreko punta-puntako adituekin ezagutza partekatzeko”.
Hitzaldian bideo bat aurkeztu zen, eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua izan zen parte-hartzaileetako bat. Adierazi zuenez, gobernuak “erabat” babesten du Filmategia ekimen horretan. Sailburuak azaldu zuenez, “Gure herrialdearen ikus-entzunezko memoria da Filmategia. Ezinbestekoa da gure iragana gordetzea eta, aldi berean, nor garen erakustea belaunaldi berriei. Bizi garen mundu global honetan, beste filmategi batzuengandik ikasten jarraitu nahi dugu, eta, halaber, gure esperientziaren berri eman ezagutza kolektibo horri”.
Birtualki izan bazen ere, parte hartu zuten José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak; lehena Zinemaldiaren eta Filmategiaren arteko lankidetza iraunkorraz mintzatu zen, eta Ormazabalek Tabakalera kultura zentroak mota horretako ekitaldiak antolatzeko dituen instalazioak nabarmendu zituen.
Nazioarteko FIAF biltzarra, zeinean 300 aditu baino gehiago biltzen baitira, mundu mailako ekitaldi garrantzitsuena da artxibo zinematografikoen esparruan. Urtetik urtera aldatu egiten da herrialde antolatzailea, eta mundu guztiko artxibozainek, akademikoek eta zinemagileek parte hartzen dute.
Lehenbiziko biltzarra New Yorken egin zen 1939an, eta ordudanik herrialdeetako hiriburuetan antolatu da gehienetan, estatuko zinemateken zuzendaritzapean. Iberiar penintsulako filmotekei dagokienez, Portugaleko Zinematekak 1989an antolatu zuen ekitaldia, Espainiako Filmotekak 1999an eta Kataluniako Filmotekak 2013an. Datorren urtean biltzarra Rabaten (Maroko) egingo da; eta 2027an, Berlinen (Alemania).
Euskadiko Filmategiak 50 urte beteko ditu 2028an. 1978an sortu zenetik, zenbait etapa izan ditu, hasierako garaietatik (elkarte gisa eratu zen), gaur egun arte. 2022tik, FIAFen eskubide osoko kidea da.
FILM ARTXIBOEN NAZIOARTEKO FEDERAZIOA (FIAF)
Cinémathèque Française (Frantzia), Germany’s Reichsfilmarchiv (Alemania), British Film Institute (Erresuma Batua) eta Museum of Modern Art Film Library (AEB) erakundeek sortu zuten Film Artxiboen Nazioarteko Federazioa 1938an. Film-materialak hauskorrak ziren garai hartan, eta filmak desagertzea gero eta kezka-iturri handiagoa zen; kezka horren erantzun gisa sortu zen federazioa. Bigarren Mundu Gerran eten egin zen erakundearen lana, baina gerraren ondoren berriro hasi zen lanean eta kide berriak batu zitzaizkion. FIAF erakunde garrantzitsuenetariko bat da zinemaren babesari dagokionez, eta funtsezkoa izan da kontserbazio eta zaharberritze zinematografikoen estandarrak sortzeko lanean. Gaur egun, 79 herrialdetako 176 erakundek osatzen dute, eta munduko ondare zinematografikoa zaintzea, zaharberritzea eta zabaltzea du helburu.