Euskadiko Filmategiak bere ikusle errekorra hautsi zuen 2019an

2020/01/29

Guztira, 12.289 pertsona gerturatu ziren joan den urtean antolatutako 95 emanaldietara.

Euskadiko Filmategiaren programazio zinematografikoak bere errekorra hautsi zuen 2019an Donostiako (Tabakalera) eta Bilboko (Arte Ederren Museoa) egoitzetan. Guztira, 12.289 ikusle gerturatu ziren antolatutako 95 emanaldietara, hau da, emanaldiko 130 lagun bertaratu ziren, batez beste. 2018an, 6.201 pertsona bildu zituzten antolatutako 73 emanaldiek; batez besteko 85 ikusle lortuta.

DIPC Donostia International Physics Centerrekin elkarlanean antolatutako “Zinema eta Zientzia” zikloak lortu zituen joan den urteko emaitzarik hoberenak. 4.312 ikuslek bete zituzten Tabakalerako eta Bilboko Arte Ederren Museoko aretoak, 2017az geroztik kultura zinematografikoaren eta kultura zientifikoaren hedapena bateratzen dituen zikloak erakarrita: zinemaren historiako klasiko handiak eta izenburu berriagoak nazioarte mailako zientzialari entzutetsuek aurkeztuta, alegia.

Buster Keatoni buruzko atzera begirakoak 3.000 ikusletik gora erakarri zituen. Cineteca di Bolognako zaharberritutako kopiak erakutsi ziren eta zuzeneko musika entzuteko aukera ere eskaini zuten hainbat emanaldik, Joserra Senperena eta Josetxo Fernández de Ortega piano-jotzaileen eskutik. Hala, oso belaunaldi desberdinetako pertsonak areto berean elkartzeko bertutea izan zuen zikloak, zinemagile bikain hori miresteko eta haren aparteko talentu komikoarekin barre eginez gozatzeko.

Jazzinemaren 4. edizioak, zinema eta jazza batzeko Euskadiko Filmategiak antolatutako zikloak, 1.778 ikusle lortu zituen. Zikloa lehendabizikoz antolatu zen Bilbon Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren laguntzarekin. Hala, Bizkaiko musika jaialdia Heineken Jazzaldiaren ohiko parte-hartzeari gehitu zitzaion.

Yannick Bellon zinemagileari urria eta abendua bitartean eskainitako atzera begirakoak oso zenbaki onak lortu zituen, 2.000 ikusleko langa gainditu baitzuen. Bukatzeko, azpimarragarria da baita ere Juanmi Gutierrez zinemagileari eskainitako omenaldian eta Bertrand Tavernierrek aurkeztutako saio berezian aretoa betetzea lortu zela aipatzea.

Euskadiko Filmategiaren programazioak aurrera jarraituko du 2020an, urtea amaitu aurretik Gasteizera (Artium) eramateko asmoarekin. Egunotan “Zinema eta Zientzia” zikloaren laugarren edizioa ari da ospatzen, DIPCekin eta Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatuta. Datorren emanaldia otsailaren 1ean izango da Bilbon eta otsailaren 4an Donostian. Silvia Bonoli zientzialariak Proxima (Alice Winocour, 2019) filma aurkeztuko du, eta proiekzioaren ondoren filmaz solasean ariko da bertaratutakoekin, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Tabakaleran. Pelikulak Donostia Zinemaldiko azken edizioko Sail Ofizialean parte hartu zuen eta epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.