Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek eta Donostia Zinemaldiak Zinema eta Zientzia zikloaren hirugarren edizioa aurkeztu dute

2020/01/08

- Donostia Zinemaldiak lehendabizikoz parte hartuko du ZINEMA ETA ZIENTZIA zikloaren antolakuntzan; ekimenaren hirugarren edizioan, hain zuzen.

- Guztira 11 film proiektatuko dira urtarrila eta martxoa bitartean Tabakaleran (Donostia) eta Bilboko Arte Ederren Museoan.

- Emanaldiek aurkezpena eta solasaldia izango dituzte, izen handiko zientzialarien eskutik.

- Aurtengo edizioa hainbat berritasunekin dator: zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi, ikastetxeei zuzendutako proiekzioak, musika zuzenean izango duen emanaldi bat eta Donibane Lohitzunen ospatuko den ekitaldi berezi bat.

Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ek eta aurten lehendabizikoz Donostia Zinemaldiak elkarlanean antolatutako ZINEMA ETA ZIENTZIA zikloaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur. Egitasmoa 2020ko urtarriletik martxora ospatuko da Tabakaleran (Donostia) eta Bilboko Arte Ederren Museoan. Bost erakundeetako arduradun nagusiek ekimenaren hirugarren edizioko xehetasunak iragarri dituzte gaur. Aurten, interes zientifiko handiko 11 film proiektatuko dira, eta saio guztietan, izen handiko zientzialari bat arduratuko da filma aurkezteaz eta proiekzio ondorengo solasaldia gidatzeaz. Gonbidatuak honako erakundeetatik etorriko dira: Centro de Física de Materiales CSIC-UPV/EHU, Instituto de Neurociencias de Castilla y León (Universidad de Salamanca), Centro de Astrobiología CSIC-INTA, Euskal Herriko Unibertsitatea, Laboratorium Bergara, Universidad Carlos III de Madrid (UC3M), Ikerbasque, Euskalmet edo Donostia International Physics Center (DIPC). Era berean, aurtengo edizioa hainbat berritasunekin dator: zientziaren alderdi desberdinak jorratuko dituzten bost hitzaldi, ikastetxeei zuzendutako proiekzioak, musika zuzenean izango duen emanaldi bat eta Donibane Lohitzunen ospatuko den ekitaldi berezi bat.

Euskadiko Filmategiaren eta Donostia International Physics Center-en arteko kolaborazioa 2018an abiatu zen ZINEMA ETA ZIENTZIA zikloarekin. Publikoaren aldetik jasotako erantzun onak 2019an bigarren ziklo bat antolatzera bultzatu gintuen, eta aurten, 2020an, hirugarren edizioa ospatuko dugu jada. Donostia Zinemaldiaren azken edizioan, hiru erakundeek indarrak batu zituzten hiriburuaren identitate zeinuetako bi uztartzeko: zinemarekiko dedikazioa eta zientzian lortutako espezializazioa. Ekimen horrek bi diziplinak batzea lortu zuen ikus-entzule gaztetxoentzat  Belodromoan antolatu ziren saioetan. Baina, batez ere, horrek guztiak Donostia Zinemaldia proiektuan sartzea baliatu zuen, hiru aldetako ekimena bihurtuta jada, kultura zinematografikoa kultura zientifikoarekin batera  transmititzea bateragarria dela sinesten duen ekimena osatuta, alegia.   

Zikloren hirugarren edizioan 11 film proiektatuko ditugu. Ágora filmak (Alejandro Amenábar, 2009), Hipatiaren figura ardatz hartuta, erlijioaren eta zientziaren arteko eztabaidan murgilduko gaitu, Antzinarotik gaurdaino bizi-bizi dirauen eztabaida, bidenabar. Zergatik Gilda (Charles Vidor, 1946)? 183,84 arrazoi daude horretarako, pisu (atomiko) handikoak. Gattaca (Andrew Niccol, 1997) filmarekin, berriz, manipulazio genetikora hurbilduko gara.  Proxima (Alice Winocour, 2019) Donostia Zinemaldiaren azken edizioko Sail Ofizialean ikusitako harribitxietako bat da. Her (Spike Jonze, 2013) adimen artifiziala da, bai, baina hori baino askoz gehiago. Autómata (Gabe Ibáñez, 2014) robotikaren munduan murgiltzen den distopia bat da. El árbol de la vida (2011) filmak, Terrence Malick-ek zuzendua, Canneseko Zinemaldia irabazi zuen, eta pantaila handian ikusteko filma da, zalantzarik gabe. Zientzia-fikzioari urtero egiten diogun errepasoan, bi adibide eder dakartzagu aurten: El hombre con rayos X en los ojos (Roger Corman, 1963) eta Emakumea ilargian/La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929). Despertares (Penny Marshall, 1990) filmak neurologiara hurbilduko gaitu Oliver Sacks-en eskutik, eta Ad Astra (2019) filmean, berriz, barne-bidaia eta espazio-abentura konbinatzen ditu James Gray zuzendariak. Emanaldiak Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Ederren Museoan izango dira.  

Zikloa datorren ostiralean, urtarrilak 10, abiatuko da Donostian, eta urtarrilaren 11n, berriz, Bilbon. Pedro Miguel Etxenike fisikaria, UPV/EHUko katedraduna eta DIPCko presidentea, izango da lehen zientzialari gonbidatua eta Ágora aurkeztuko du. Antzinaroan dago kokatuta filma eta ezaguera zientifikoa aurkitzeko prozesua kontatzen du, Hipatia ezagutzera eman zen lehendabiziko emakumezko astronomoa eta zientzialaria ardatz hartuta. Proiekzioa baliagarria izango da, beste zenbait konturen artean, zientziaren historiari buruzko edota emakumeak zientzian izan duen lekuari buruzko eztabaida pizteko; baina baita zientziaren eta erlijioaren, edota zientziaren eta Jainkoaren arteko betidanik konplexuak izan diren harremanak aztertzeko ere. 

Berritasunak 

2020ko edizioa hainbat berritasunekin dator. Alde batetik, bost hitzaldik komunitate zientifikoaren azken aurrerapausoetara gerturatuko gaituzte, honako zientzialarien eskutik: Marcos Pellejero (DIPC), Nerea Zabala (Euskal Herriko Unibertsitatea; DIPC), Gabe Ibáñez (Autómata filmaren zuzendaria) eta Concepción Alicia Monje (Universidad Carlos III de Madrid), Carlos Briones (Centro de Astrobiología CSIC-INTA) eta José Ramón Alonso (Universidad de Salamanca. Instituto de Neurociencias de Castilla y León). Solasaldi horiek Zientziakutxa zikloaren barruan ospatuko dira Tabakalerako Ruiz Balerdi Aretoan (Donostian); eta Bilbon, berriz, Bidebarrietako Liburutegi Nagusian izango dira. Egitasmoa burutzeko beharrezkoa izan da Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Bidebarrietako Liburutegi Nagusiaren kolaborazioa Bilbon, eta Kutxa Fundazioarena, aldiz, Donostian. Azken erakunde honekin elkarlanean antolatu ohi du urtero DIPCk Zientziakutxa hitzaldi sorta, Donostian.

Bestalde, El día de mañana (Roland Emmerich, 2004) filma proiektatuko zaie ikastetxeei. Gipuzkoako zein Bizkaiko hiriburuetan ospatuko diren emanaldi horietan klimaren fisika jorratuko da bertaratutako ikasleekin. Era berean, La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929) filmaren proiekzioan zuzeneko musika joko du Javier Pérez de Azpeitia piano-jotzaileak. Azkenik, Gilda (Charles Vidor, 1946) pelikularen saioa Donibane Lohitzuneko Cinéma Le Sélect zinemara lekualdatuko da urtarrilaren 21ean.   

Zinema emanaldietarako sarrera 3,50 euro kostako da. Bilbon, museoko leihatilan edota www.museobilbao.com web orrian erosi daitezke sarrerak; 2 euroko balioa izango dute Museoaren Lagunentzat eta doan izango dira 25 urtetik beherakoentzat (museoko leihatilan jaso behar dira sarrerak). Donostian, Tabakalerako Informazio Puntuan, zineko leihatilan (emanaldia hasi baino 30 minutu lehenago) eta interneten (https://ticket.kutxabank.es/tabakalera) egongo dira salgai, eta %10eko deskontua izango dute Tabakalera edota Donostia Kultura txartelak dituzten ikusleek. Emanaldi berezi bat aurreikusi da ziklo honetan: zuzeneko musika izango duen La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929) filmaren emanaldirako sarrera 7 euro kostako da bi hiriburuetan (4 euro Bilboko Arte Ederren Museoko Lagunentzat). Hitzaldietarako sarrera, berriz, doan izango da (aretoa bete arte).

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.