2026/06/17
Boloniako L’immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu da zuzendari nafarraren film luzea, eta Klasikoak sailean proiektatuko da, duela 38 urte estreinatu zen lekuan
Ana Díezek Euskadiko Filmategiaren Saria jasoko du Donostia Zinemaldiaren baitan
National Film Institute Hungary erakundeak antolatzen duen Budapest Classics Film Marathon-en eta Alemaniako Zinematekak bultzatzen duen Berlingo Film Restored -The Film Heritage Festival-en hasiko da filmaren nazioarteko ibilbidea
Euskadiko Filmategiak eta EITBk Ander eta Yul filma (Ana Díez, 1988) zaharberritu dute Boloniako Cinetecaren baitako L’immagine Ritrovata laborategietan (Italia). Euskal zinematografiako lan nabarmen hori Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean emango da 4K-n, irailean. Hain zuzen, jaialdi honetan estreinatu zen duela 38 urte, zehazki, Zabaltegi-New Directors atalean.
Gaur aurkeztu da zaharberritze-lana Tabakaleran, han izan direlarik Ana Díez zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Vanesa Fernández EITBko Euskara eta Kultura zuzendaria, José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria eta Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria.
Filmoteca Españolan gordetzen zen jatorrizko negatiboa, Boloniara eraman zuten 2025eko irailaren amaieran. Laborategietan aztertu eta eskuz konpondu zen, eta ultrasoinuekin garbitu zen. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeko eta soinua zaharberritzeko faseari ekin zitzaion, eta Bolonian bertan izan ziren Ana Díez eta Gonzalo Fernández Berridi filmeko argazki-zuzendaria, lan horiek gainbegiratzen. Lan horiez gain, prozesu osoa kontrolatu dute zuzendari nafarrak eta Filmategiko teknikariek.
Kopia zaharberritu horrek berak hartuko du parte National Film Institute Hungary erakundeak antolatzen duen Budapest Classics Film Marathon ekitaldian (Budapesten ospatuko da irailaren 15etik 20ra) eta Alemaniako Zinematekak bultzatzen duen Berlingo Film Restored -The Film Heritage Festival-en (urria). Ana Díezek bi jaialdietan aurkeztuko du filma. Pelikula zinema klasikoaren esparruko beste hitzordu erreferentziazko batzuetan proiektatzeko ahalegina egingo du Euskadiko Filmategiak.
EITBk eta Euskadiko Filmategiak finantzatu dute proiektua, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan du.
EUSKADIKO FILMATEGIAREN SARIA
Halaber, Donostia Zinemaldiaren testuinguruan, Ana Díezi emango dio saria Euskadiko Filmategiak, bere ibilbidea aitortzeko. Euskal zinemagintzako figura garrantzitsuak omentzen ditu sariak, eta, aurretik Pedro Olea, Montxo Armendáriz, Anjel Lertxundi, Xabier Elorriaga, Alfonso Ungría eta José Julián Bakedano zuzendariek jaso dute.
ANDER ETA YUL
Anderren bizitza kontatzen du filmak, droga-trafikoko delitu batengatik urteak kartzelan eman ondoren etxera itzuli den gaztearena. Itzulera horretan, garai batean izan zena izateari utzi dion familiarekin elkartu da, bai eta seminarioan lagunik onena izan zuen eta orain ETAko kidea den Yulekin ere.
Ana Díezek zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuen 1989an filmarekin, eta nabarmentzekoak dira filmean lan egin zuten teknikari eta artistak: Gonzalo Fernández Berridi (argazkigintza), Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne (musika), Eva Alfonso eta Karmele Soler (makillajea), Ángel Amigo (ekoizpena), Miguel Muñárriz, Isidoro Fernández, Carmen Pardo, Joseba Apaolaza, Ramón Barea, Ramón Agirre, Aizpea Goenaga eta Paco Sagarzazu (interpretazioa), etab.
Ana Díez emakume aitzindaria izan zen Euskadin film luzeak zuzentzen, eta, haren hitzetan, “Ander eta Yul obran, pertsonaien bidez, Euskadin eta, gustatu ala ez, beste mundu batzuetan une haietan bizi izan ziren gatazkak gorpuzten dira; joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren amaieran kokatzen da istorioa, oraindik ere orduko oihartzun urrunak entzuten ditugula garai hori bizi izan genuen guztiok”.
Díezek Bolonian igarotako egunen inguruan azpimarratu du, berriro bizi izan zituela “eszenaratzearen zailtasunak eta pozak, muntaketa-lanetan ari ginela gertatu zen moduan; hainbeste hamarkada igaro ez balira bezala”. “Denboraren joan-etorria toki guztietan nabarmentzen da, eta kopia zinematografikoak ilundu daitezke. Badirudi pertsonaien ekintzak, eta hitzak, lausotu egiten direla, distira galtzen dutela; pertsonaiak antzezten dituzten aktoreak fotogrametan harrapatuta eta fokuz kanpo daudela ematen du. Hogeita hamazazpi urteren buruan hasiera-hasieratik filma osatu duten bobinak zinema-areto batean ikusteak sortzen duen emozioa ezin da modu errazean azaldu. Igarotako denborak filmaren kadentzia aldatu duela dirudi. Baina, ohikoa denez, orainak iraganaren aldean dituen abantailak aldarrikatzen ditu, eta Boloniako teknikariak aukera zuen minutu gutxi batzuetan itzal batzuk hobetzeko eta plano jakin bateko distira apaltzeko. Laburbilduz, filma berreskuratu eta bizitasuna emateko. Behin betiko bertsioaren lehen proiekzioan nengoela iruditzen zitzaidan: filma bizirik sentitzen nuen eta duela urte asko amaitu zena berriro hasten zela zirudien. Filmak, pertsonak bezala, aldatu egiten gara, eta uzten diguten guztietan berridazten dugu gure historia”, gaineratu du.
Datuak
Jatorrizko izenburua: Ander eta Yul
Zuzendaria: Ana Díez
Estreinatu zen urtea: 1988, Zabaltegi-New Directors sailean. Aretoetan estreinaldia: 1989ko urtarrilean.
Iraupena: 94 minutu
Ekoizlea: Igeldo Zine Produkzioak, S.A.
Laguntzak: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Turismo Sailak diruz lagundua
Sariak: zuzendari berri onenaren Goya saria (1989)
Fitxa teknikoa
Zuzendaria: Ana Díez
Gidoia: Ángel Fernández Santos, Ana Díez, Ángel Amigo
Argazkilaritza: Gonzalo Fernández Berridi
Muntaketa: Ivan Aledo
Musika: Amaia Zubiria, Pascal Gaigne
Soinua: Aurelio Martinez
Zuzendaritza-laguntzailea: Joseba Salegi
Makillajea: Eva Alfonso, Karmele Soler
Jantziak: Atoia Arandigoyen
Apainketa: Errorea: EliaApiSearch
Ekoizpena: Ángel Amigo
Sinopsia
Etxera itzuli da Ander, droga-trafikoko delitu batengatik urteak kartzelan eman ondoren. Garai batean izan zena izateari utzi dion familiarekin elkartu da; dena aldatu da. Yul seminarioko kide ohiarekin egin du topo berriro.
Hona hemen Ana Díezen azalpenak: “Seminario berean ikasi izanak senidetu egiten ditu protagonistak, baina errealitateari aurre egiteko modu desberdinak dituzte. Anderrek ahal duena egiten du trapitxeo txikiak eginez bizitzeko. Kartzelatik irten da, baina ez du bizimodu berri bat aurkituko; deserrotuta dagoela egiaztatuko du. ETAko komando bateko kidea da Yul, eta ez da ausartzen jasotako aginduak zalantzan jartzen. Sarak, mundu horietatik kanpo dagoen pertsonaiak, gauean marrazten dituen itzal ilun bilakatzen du egunen joan-etorria. Gizonezko protagonisten senidetasun etsaituaren historiak jarraitu egiten du, harik eta amildegian murgiltzen diren arte. Neskak, aldiz, beste mundu batera alde egitea erabaki du, bere margolanetarako beste argi baten bila. Udan hemen idatzi du, itzultzean —itzultzen bada—, guztia aldatua izango dela pentsatu nahian”.
Ana Díezen biografia (Tutera, 1957)
Medikuntzan lizentziatu ondoren, Mexikora joan bere formazioa jarraitzeko, baina zinema ikasten bukatu zuen eta Elvira Luz Cruz: pena máxima (1985) dokumentala zuzendu zuen. Etxera itzultzean, zuzendaritza-laguntzaile gisa hasi zen zinemaren munduan; adibidez, Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985) eta 27 horas (Montxo Armendáriz, 1986) filmetan. 1989an zuzendu zuen bere lehen film luzea, Ander eta Yul, honi esker zuzendari berri onenaren Goya saria irabazi zuen. Aurrerago, telebista-saioak zuzendu zituen, eta zuzendaritzako eta gidoigintzako irakaslea izan zen zenbait unibertsitate eta zinema-eskoletan. Kolonbian filmatu zuen Todo está oscuro (1997) lanarekin itzuli zen zinema zuzendaritza lanetara. Dokumentalak (La mafia en La Habana -2000-) eta fikziozko filmak (Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan -2001-) tartekatzen dira Díezen ibilbidean. 2002an Galíndez aurkeztu zuen Donostia Zinemaldian, New Yorken desagertu zen Jesús Galíndez errepublikazale erbesteratu eta Eusko Jaurlaritzako delegatuari buruzko dokumentala. Fikziozko lanetara itzuli zen Paisito (2008) eta A quien cierra los ojos (2022) filmekin. Gainera, zinemaren eta ikus-entzunezkoen industrian lan egiten duten emakumeek osatutako CIMA elkartearen sortzaileetako bat ere izan da.
Filmografia
Elvira Luz Cruz: pena máxima (1985)
Ander eta Yul (1988)
Todo está oscuro (1997)
Algunas chicas doblan las piernas cuando hablan (2001)
Galíndez (2002)
¡Hay motivo! (2004)
Paisito (2008)
La casa de las fieras (2017)
A quien cierra los ojos (2022)