2021/09/22
© SSIFF (Argazkilaria: Jorge Fuembuena)
Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizleen elkarteek euskal zinemaren nortasun, programa edo erakunde nabarmen baten ibilbideari ematen dioten ohorezko golardoa da Zinemira Saria.
Aurten, Zinemaldiak eta ekoizleen elkarteek Kimuak euskal film laburrak babesteko programari omenaldia egitea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Euskadiko Filmategiak eta Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako programari, hain zuzen. Gaur egun Kimuak ahalbidetzen duen taldeak, Txema Muñozek eta Esther Caberok, jaso zuten saria irailaren 21ean Victoria Eugenia Antzokian ospatu zen Euskal Zinemaren Galaren baitan.
Kimuak 1998an abiatu zen, euskal film laburren oparotasuneko garai batean: 1996an Bego Vicariok animazio-film labur onenaren Goya saria jaso zuen, Pregunta por mí lanagatik; Koldo Almandozen Razielen itzulera, Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean jaso zuten 1997an; eta 1998an, Tinieblas Gonzalezen Por un infante difunto, Cannesen Semaine de la Critique sailean saritu zuten. Testuinguru horretan, Amaia Rodríguez Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko orduko zuzendariak eta Donostia Kulturako Zinema Unitateak ikusi zuten dirulaguntzak lagungarriak zirela film laburrak zuzentzeko, baina ez zutela horien banaketa bermatzen. Gabezia horri erantzuteko sortu zen programa, euskal film laburrak Espainiako estatuan eta nazioartean sustatzeko, zabaltzeko eta banatzeko asmoz, eta 23 urte geroago helburu horiek izaten jarraitzen du. Besteak beste, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Luiso Berdejo, Borja Cobeaga, María Elorza, Jon Garaño, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera, Ione Hernández, Pablo Malo, Izibene Oñederra, Koldo Serra, Bego Vicario eta Nacho Vigalondo zinemagileen ibilbideak babestu ditu programak.