Martxan da IKUSMIRA BERRIAK, ikus-entzunezko proiektu berriak sustatzeko erakunde-arteko egitasmoa

2015/02/03

IKUSMIRA BERRIAK, berrikuntza eta esperimentazioa – lengoaia zinematografikoan edo ekoizpen moduetan -  bilatzen duten ikus-entzunezko lanei laguntza eman asmoz sortu den ekimena da. Erakunde arteko kolaborazioaren ondorio da programa berri hau, hain zuzen, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Donostia Zinemaldiak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Donostia Kultura eta Euskadiko Filmategia Fundazioak sustatu dute. Ekimenaren helburu nagusia ikus-entzunezko sorkuntzari bultzada ematea da.

IKUSMIRA BERRIAK programa hiru ardatzen inguruan antolatu da: trebakuntza, ekoizpena eta erakusketa. Lurraldean errotuta dauden nazio- zein nazioarte mailako hiru jaialdi eta ekimenetan zentratzen da: Kimuak, film laburren hautaketa, Laboren urteroko emanaldiak (Clermont-Ferrand Zinemaldiko film labur esperimentalen saila) eta Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa – EIECINE-, urtero Zinemaldiaren baitan izaten dena. Gainera, Euskadiko zinegile eta ikus-entzunezko proiektu berritzaileetara iristeko asmoa ere badu.

Abiaburu gisa, IKUSMIRA BERRIAK ekimenak deialdi bat zabaldu du, aipatu ekimen horietan parte hartzen duten zinegileei, eta Euskal Autonomia Erkidegoko zinegileei zuzendua. Proiektuak aurkezteko deialdi honen bitartez, lau multzo horietako bakoitzetik bat hautatuko da, lau astetako egonaldi batean lana garatu ahal izateko. Egonaldi horiek, Tabakaleraren instalazioetan egingo dira.

Behin egonaldiko epea amaitutakoan, landutako proiektuak pitching batean aurkeztuko dira. IKUSMIRA BERRIAK ekimenak Euskadiko ekoizpen-etxeak eta ikus-entzunezko industriak ere inplikatu nahi ditu, legoaia berri hauek gure testuinguruan integratu daitezen, eta horien erakusketa eta nazioartekotzea sustatzeko plataforma bat bermatu ahal dadin. Hautatutako proiektuak euskal ekoizpen-etxeek (indartze-bidean daudenak, zein jada finkatutakoak) koproduzituko dituzte, hauen parte hartze maila pitching-aren emaitzaren araberakoa izango delarik. Era berean, ikus-entzunezko industriako euskal enpresa batek proiektuen postprodukziorako languntza eskaintzea ere aurreikusita dago. Ekimen honen emaitza gisa sortzen diren lanak Donostia Zinemaldiko sailen batean erakutsiko dira.

LAU EGONALDI LAU PROIEKTURENTZAT

IKUSMIRA BERRIAK-ek lau egonaldi eskainiko ditu, horietatik hiru lurraldean errotutako ekimenei lotuak, eta laugarren bat bertako zinegileei zuzendua.

    • XIII Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako zinegileak (EIECINE). Urtero antolatzen du topaketa hau Donostia Zinemaldiak, Tabakalerarekin elkarlanean eta DSS2016EUren laguntzarekin. Topaketak munduko zine eskola ezberdinetako ikasleak elkartzen ditu, aurrez lanen hautaketa bat eginda. Euren proiektuak erakusten dituzte bertan, eta industriako profesionalekin solasaldi eta ikastaroetan parte hartzen dute.
       
    • Kimuak 2014 edizioan hautatutako zinegileak. Kimuak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Etxepare Euskal Institutuaren bitartez film laburren promozio eta hedapenerako sortutako programa da, Euskadiko Filmategiak kudeatzen duena. Euskadin egindako film laburren urteroko hautaketa hau nazioarteko zinemaldi garrantzitsuenetan eta ikus-entzunezko ekimenetan lehiatzen da.
    • 37. Clermont-Ferrand Film laburren zinemaldiko Labo Saileko partaideak. Film laburren jaialdien artean munduko garrantzitsuenetakoa da. Labo sailean lanik berritzaileenak, bide berriak bilatzen dituztenak – izan errepresentazioari dagokionez, narrazio moduei dagonienez edo esperimentazio estetikoari loturik- batzen dira. Azken zortzi urteotan, Clermont-Ferrand Zinemaldiaren, Donostia Kulturaren eta Tabakaleraren arteko lankidetzaren ondorioz, Labon hautatutako lanak Donostian proiektatzen dira, Kimuak-eko lanekin batera.
       
    • Euskal Autonomia Erkidekogo (EAE) zinegileak. Deialdi irekian parte hartzen duten zinegileek EAEn erroldatuta egon behar dute, gutxienez oinarri hauen argitarapena baino urtebete lehenago, edo EAEn jaiotakoak izan behar dute eta bertan bizi izan modu jarraian gutxienez 5 urtez edo etenaldiak eginda gutxienez 10 urtez. 

Proiektu honetan parte hartu nahi duten pertsonek izena eman eta euren proiektua aurkezteko epea izango dute 2015eko otsailaren 3tik apirilaren 1era, www.ikusmiraberriak.eu webgunean. Behin izen-emate epea amaitzen denean, aditu batzorde baten zuzenduko du maiatzera arte luzatuko den  hautaketa prozesua.

PROGRAMAREN GARAPENA

Lehen deialdi honetan hautatutako zinegileek egonaldi programari ekingo diote 2015eko irailaren 21ean, 63. Donostia Zinemaldiarekin koinzidituz. Lehen astean Zinemaldiaren industria saileko jardueretan parte hartzeko aukera izango dute, baita Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako (EIECINE) saioetan ere.

Behin Zinemaldia amaitzean, egonaldi programari ofizialki hasiera emango zaio 2015eko irailaren 28ean, eta lau asteren buruan, urriaren 25ean, igandearekin, amaituko da egonaldia. Partaideek, beraz, hilabete izango dute euren proiektuak garatzeko.

Egonaldietan dauden zinegileek lanerako Tabakalerako azpiegiturak erabiliko dituzte. Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, irailean zabalduko ditu ateak, behin berritze lanak amaituta. Kultur proiektu propioaz gain, eraikinean beste zenbait ekimen eta erakundek ere hartuko dute egoitza, hala nola Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiak, Etxepare Euskal Insitutuak eta Kutxa Fundazioak. Guztien artean kultur-ekosistema berri bat sortzea izango dute xede, sortzaile sarea indartuko duena eta eragile ezberdinen eta hiritarren artean elkarlan eta harremanerako guneak eraikiko dituena.

Trebakuntza eta ekoizpen faseen ostean, IKUSMIRA BERRIAK programaren asmoa garatutako lanen erakusketa laguntzea ere bada. Horrela, Donostia Zinemaldiak bere programazioan txertatuko ditu lanok, eta konpromisoa hartzen du sail nagusietako hautaketetan ere haintzat hartzeko. Era berean, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak ere konpromisoa hartzen du berariazko testuinguru batean lanok proiektatzeko.

Kontaktua
Esther Cabero
Email: ikusmira@ikusmiraberriak.eu
Tel: +34 943 011 311
Web: www.ikusmiraberriak.eu

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.