Néstor Basterretxeari omenaldia Tabakalerako zinean

2024/10/02

Néstor Basterretxeari omenaldia Tabakalerako zinean

Euskadiko Filmategiak, Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak artistaren mendeurrena ospatu nahi dute, bere film gehienak emanaz.

 https://www.sansebastianfestival.com/lehen_orrialdea/2/euBere bizitza eta lanari buruzko dokumental batek eta artistak berak zuzendu zituen lau film laburren proiekzioak osatuko dute omenaldia.

Néstor Basterretxea (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) XX. mendeko euskal artista polifazetiko eta entzutetsuenetako bat izan zen eta bere jaiotzaren mendeurrenaren harira Euskadiko Filmategiak, Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak (SSIFF) proiekzio-ziklo berezi bat antolatu dute urrirako. Omenaldi hau Eusko Jaurlaritzak 20 kultura-erakunde baino gehiagorekin batera koordinatu duen ospakizun kolektiboaren barruan kokatzen da eta bere xedea da Basterretxeak euskal kultura eta arte garaikiderako izan zuen garrantzia eta bere legatua nabarmentzea.

Zinegilea ez ezik, Basterretxea bikaintasun paregabez pintura, eskultura, diseinua eta ilustrazioa landu zituen diziplina anitzeko artista bezala eta euskal kulturaren defendatzaile sutsua gisa oroitu nahi dute proiekzio hauek. Bere mendeurrenaren ospakizunak aurtengo urriaren amaierara arte luzatuko dira eta diziplina anitzeko jarduera ugari hartuko dituzte barne, arte eta gizarte garaikideetan Basterretxeak izan zuen eragina eta bere legatuaren garrantzia nabarmentzeko.

Proiekzioak Tabakalerako zineman

Egitaraua urriaren 4an hasiko da, Gentzane Martínez de Osabak eta Alejandro García de Vicuñak zuzendu duten Señales de vida: Néstor Basterretxea dokumentalaren emanaldiarekin. 77 minutuko luzemetraia honek artistaren bizitza eta lana behatzen du, Basterretxeak 89 urte zituela eta bere bizitzaren une garrantzitsu batean: Arte Ederren Bilboko Museoan egingo zen bere azken atzerabegirakoaren atarian. Bere ibilbidea eta artearekin zuen harremana aztertzerakoan artistaren baitan agertu ziren kontraesanak islatzen ditu dokumentalak eta bere lanak euskal kulturan izan duen inpaktuaren ikuspegi intimo bat eskaintzen du.

Urriaren 5ean, Basterretxeak berak egin zituen zenbait film labur emateko saio bat antolatuko du Tabakalerak: bere lan zinematografikoaren funtsezko lagin bat. Proiekzioaren aurretik, artistaren artxiboa ikertu duten Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Andoni Imaz eta Matías Fajn ikasleek aurkezpena egingo dute.

Film laburren zerrenda

Alquézar. Retablo de Pasión (1966) 12’

Fernando Larruquertekin batera egina. Huescako Alquézar herri txikiaren arte- eta arkitektura-aberastasuna esploratzen du dokumentalak: herria “pasiozko erretaula” bilakatzen da zinemagileen eskuetan.

Pelotari (1964) 12’

Fernando Larruquertekin batera egina. Euskal pilotari eginiko omenaldi bat da: pilotaren dimentsio fisikoa esploratzeaz gain, euskal kulturan duen pisu sinbolikoa ere aztertzen du. 1965. urtean dokumental onenaren eta kirol dokumental onenaren sariak eskuratu zituen eta 1964ko Bilboko Nazioarteko Jaialdian Zilarrezko Domina jaso zuen. Nazioarteko jaialdi ezberdinetarako ere aukeratua izan zen.

Operación H (1963) 12’

Fikzio esperimentaleko lan honetan, bere ahalmen sortzailea eta misterio eta intrigako testuinguru batean narrazio bisualarekin jokatzeko bere gaitasuna agerian utzi zituen Basterretxeak.

Sin título 5’

Film enigmatiko eta labur honek irudi abstraktu eta iradokitzaileen bitartez emozioak transmititzeko Basterretxeak zuen gaitasuna agerian uzten du.

Bi saioak arratsaldeko 19:00etan hasiko dira Tabakalerako zinean. Sarrerak eskuragai daude dagoeneko, webgunean eta zentroaren informazio puntuan.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.