Lyongo Lumière zinema-jaialdiko aretoak jendez gainezka egon dira ´Tasio´ (Montxo Armendáriz, 1984) filmaren bi emanaldietan

2024/10/17

Lyongo Lumière zinema-jaialdiko aretoak jendez gainezka egon dira ´Tasio´ (Montxo Armendáriz, 1984) filmaren bi emanaldietan

Euskadiko Filmategiak zuzendari nafarraren filma 4K-n zaharberritu du L’Immagine Ritrovata laborategietan (Bolonia). Lyonen Thierry Fremauxek (Lumière eta Cannesko zuzendaria) eta Joxean Fernándezek (Euskadiko Filmategiko zuzendaria) aurkeztu dute gaur

Lyongo Lumière zinema-jaialdiko aretoak jendez gainezka egon dira Tasio (Montxo Armendáriz, 1984) filmaren bi emanaldietan. Trésors et curiosités sailaren baitan, lehen emanaldia urriaren 15ean izan zen, hiriko Bellecour aretoan; bigarren emanaldia, berriz, Le Hangar du Premier-Filmen izan da gaur (hilaren 17). Bigarren proiekzioa Thierry Fremaux Lumière eta Canneseko Zinemaldiko zuzendariak eta Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak aurkeztu dute.

Tasio Euskadiko Filmategiak zaharberritu du Boloniako Cinetecaren baitako L’Immagine Ritrovata laborategietan, 2023ko urria eta azaroan. Euskal zinemagintzaren funtsezko obra hori Cannesen, Bolonian, Donostian eta Lyonen ikusi ondoren, Nafarroako Filmategian (Iruñea), Filmoteca Españolan (Madril), Sevillako Europako Zinemaldian, Zinebin (Bilbo), Artium Museoan (Gasteiz) eta Tabakaleran (Donostia) ikusi ahal izango da datozen egun eta asteetan, besteak beste.

Gainera, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

Jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta zegoen, eta handik egin zuen laborategietarainoko bidaia, joan den irailaren bukaeran. Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendárizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara. Bolonian eman zuen aldiaz gain, zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko langileek prozesu osoa kontrolatu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren babes ekonomikoari esker zaharberritu ahal izan da filma, Enrique Cerezo P.C. filmaren jabearekin adostuta.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.