Víctor Ericek eman die hasiera Euskadiko Filmategiaren 35. urteurreneko ospakizun ekitaldiei

2013/05/13

Zinemagile donostiarrak gaur arratsaldean aurkeztuko ditu La Morte Rouge eta El espíritu de la colmena filmak, 20:00etan, Victoria Eugenia antzokian.

Euskadiko Filmategiak maiatza honetan ospatuko du bere 35. urteurrena. Ekitaldiak Donostian izango dira, 1978an Peio Aldazabalek, Juan José Almuedok, José Luis Basocok, Néstor Basterretxeak eta José Manuel Gorospek Filmategia sortu zuten hirian, hain zuzen. Garaia da, beraz, sortzaile hauek Euskadiko Filmategiaren sorreratik ikus?entzunezko euskal ondarea jaso, kontserbatu, zaharberritu, ikertu eta zabaltzeko egin zuten ahalegina eskertzeko.

Ospakizun honetako ekitaldiak hiru izango dira:

- Maiatzaren 13an (20:00etan): Victor Erice zuzendariaren La Morte Rouge (2006) eta El espíritu de la colmena (1973) filmeen proiekzioa Victoria Eugenia Antzokian. Zuzendariak berak aurkeztuko ditu bi filmak. Metraia ertaineko filma da lehena, eta bertan, 6 urterekin Donostiako Kursaalean zinema ikusle gisa Ericek izan zuen lehendabiziko esperientzia kontatzen du; bigarrena, aldiz, dagoeneko munduko zinemaren klasikoetako bat bihurtu da eta aurten 40 urte betetzen ditu. Zuzendariak adostutako etalonaje batetik ateratako kopia berri bat proiektatuko dugu. Bi filmeen arteko elkarrizketa zirraragatik eta zinemarekiko azalerazten duten miresmenagatik, egokiak dira honen moduko urteurren bat ospatzeko.

- Maiatzaren 14ean (19:30ean): Victor Ericeren hitzaldia Koldo Mitxelena Kulturunean.

- Maiatzaren 23an (20:00etan): Antzoki Zaharrean Néstor Basterretxea eta Fernando Larruquerten Ama Lur (1968) film luzearen proiekzioa. Euskadiko Filmategiko sortzaileak bertan izango dira.

Euskadiko Filmategiaren urteurren hau ospatzeak helburu hirukoitza du: sortzaileen lana aitortzea, pantaila handian nazioarteko ospea duen euskal zinemagile batekin zinemaz gozatzeko aukera izatea eta, 35 urteren ondoren, gure erakundearen helburuen garrantzia aldarrikatzea XXI. mendean.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.