Euskadiko Filmategiak munduan bakarra den Mélièsen kopia aurkeztu du FIAFen Bartzelonako Kongresuan

2013/04/26

Euskadiko Filmategiak parte hartu du apirilaren 21 eta 27a bitartean Kataluniako Filmotekak Bartzelonan duen egoitza berrian antolatu den FIAFen (Film Artxibategien Nazioarteko Federazioa) 69. Kongresuan. Kongresuko gai nagusiak, erakargarria artxibategi zein akademia munduarentzat, filmeetako bertsio anitzak (zentsura, bikoizketa edota koprodukzioetatik abiatuta sortuak izan direnak, adibidez) jorratu ditu. 

Euskadiko Filmategiak modu eraginkorrean parte hartu du kongresuan eta Kataluniako Filmotekaren laguntzarekin zaharberritutako zinemaren hastapenetako bi film aurkeztu ditu: Le chevalier mystère (George Méliès, 1899) eta Concierge et Tourlourou (Pathé, 1897). Biak eskuz koloreztatuak izan ziren bere garaian, baina gainera lehena gisa horretako kopia bakarra da munduan gaur arte; izan ere, jakina da beste bat badela nitratoan, baina zuri-beltzean, George Eastman House-n (Rochester, Ameriketako Estatu Batuak) gordailuan utzita. Koldo Gutierrezek Euskadiko Filmategian gordailuan utzitako bilduma zabalago bateko parte dira bi filmok. Mélièsek egindako 500 pelikula baino gehiagotik, nekez kontserbatzen da %40; koloreztatutako bertsioetatik, berriz, ez daude munduan hogeita hamar bat baino gehiago. Donostian aurkitutako Le chevalier mystère filmaren bertsioa aparteko talde horretako kide da. Lehen belaunaldiko kopia bat da, hau da, jatorrizko negatibotik abiatuta egina. Montreuil-en jaiotako aztiak, XIX. mendeko hainbat kultur tradizio bildu eta jarri zituen zinematografoaren zerbitzura eta gaur egun berriro gaurkotasuna du: DVD edizioak, erakusketak (apirilean, Bartzelonan; eta uztailean, Madrilen), proiekzioak Cinémathèque Française-n, Le voyage dans la lune (1902) filmaren zaharberritze eztabaidatua, eta Martin Scorsesek 3Dn egindako omenaldia (Hugo (2011)).

Aurkikuntzaren garrantzia zalantza guztitik kanpo dago. Bere aurkezpena eta proiekzioa, Kataluniako Filmotekako Chomon Aretoan (Bartzelonan), guztiz bat etorri da bertsio anitzen gaiarekin, zinemaren hastapenetan, batez ere, bereziki nabaria dena.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.