Montxo Armendárizek ´Tasio´ (1984) filmaren kopia zaharberritua aurkeztu du Cannesko Zinema-jaialdian

2024/05/23

Bideo hau ikusteko marketing-eko cookiak onartu behar dira. Konfigurazioa: hemen.

Zuzendari nafarraren filma Boloniako L´immagine Ritrovata laborategietan 4Kn zaharberritu du Euskadiko Filmategiak, eta ikusleek txalo hunkigarri batekin hartu dute

Montxo Armendárizek Tasio (1984) filmaren zaharberritutako kopia aurkeztu du gaur arratsaldean Cannesko zinema-jaialdian. Euskadiko Filmategiak L´immagine Ritrovata laborategietan (Boloniako Zinematekaren menpe daude) 4Kn zaharberritu du filma, eta bertaratutakoek txalo hunkigarri batekin jaso dute.

Proiekzioa Buñuel aretoan izan da, eta Armendárizez gain Puy Oria ekoizlea, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Sophie de Mac Mahon Mercury Filmseko (pelikularen jabea) arduraduna, Frédéric Maire Suitzako Cinematecaren zuzendaria; eta Thierry Frémaux, Cannesko zinema-jaialdiaren zuzendaria ere izan dira.

Armendáriz 1995ean lehiatu zen Cannesen Urrezko Palmorria lortzeko Historias del Kronen filmarekin. Oraingoan ere berak aurkeztu du pelikula, Fernandez, Iturbe eta Frémauxekin batera, eta oso hunkituta agertu zen. "Ohorea da hemen egotea. Espero dut bere printzipioei leial eta natura maitatuz bizi izan zen pertsona bati buruzko film bat gustatze", esan du zinemagileak".

Bestalde, Euskadiko Filmategiko zuzendariak eskerrak eman dizkie Cannesko zinema-jaialdiari, Euskadiko Filmategiko lantaldeari, L´immagine Ritrovata laborategiei, Eusko Jaurlaritzari, Mercury Filmsi, Puy Oriari eta, batez ere, Montxo Armendarizi. Tasio ekoiztu zuen Elias Querejeta eta duela gutxi zendutako Laurent Cantet zinemagilea ere gogoratu ditu. Aurkezpenean Fernandezek Iparragirreren Gernikako arbola abestiaren bertso bat aipatu du: "Eman ta zabal zazu". "Euskal zinemak bere fruituak eman ditu eta horiek zabaltzea da gure lana", adierazi du.

Halaber, Iturbek azpimarratu du: "Tasio film ikonikoa da, gizarte baten eta garai baten balioak oso ondo islatzen dituena. Gure lurraren balioak irudikatzen dituen film Cannesko zinema-jaialdian egotea mugarri bat da".

‘TASIO’REN ZAHARBERRITZEA 40. URTEURRENEAN

Tasio Euskadiko Filmategiak zaharberritu du Boloniako Cinetecaren baitako L’immagine Ritrovata laborategietan, 2023ko urri eta azaroan. Euskal zinemagintzaren funtsezko obra hori Cannes Classics saileean ikusi ondoren, filmaren kopia zaharberritu berbera baliatuko dute irailean Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko Klasikoak saila zabaltzeko, jaialdi horretan estreinatu baitzen duela 40 urte.

Jatorrizko materiala Espainiako Filmategian gordeta zegoen, eta handik egin zuen laborategietarainoko bidaia, joan den irailaren bukaeran. Bolonian, hura berraztertu, eskuz konpondu eta ultrasoinuekin garbitu zuten. Eskaneatu ostean, digitalki zaharberritu zuten: irudia egonkortu, eta marrak nahiz zikinkeria ezabatu zizkioten. Azkenik, kolorea zuzentzeari eta soinua zaharberritzeari ekin zioten; hain zuzen, Armendárizek berak ikuskatu zituen lan horiek bertatik bertara. Bolonian eman zuen aldiaz gain, zuzendari nafarrak eta Euskadiko Filmategiko langileek prozesu osoa kontrolatu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako sailaren babes ekonomikoari esker zaharberritu ahal izan da filma, Enrique Cerezo P.C. filmaren jabearekin adostuta.

Cannes Classics-erako hautatu dute Tasio, besteak beste, Napoleon (Abel Gance, 1927) eta beste film batzuekin batera. Adibidez, Gilda (Charles Vidor, 1946), Paris, Texas (Wim Wenders, 1984), Los siete samurais (Akira Kurosawa, 1954), Los paraguas de Cherburgo (Jacques Demy, 1964), Loca evasión (Steven Spielberg, 1974) edo Cuatro noches de un soñador (Robert Bresson, 1971). Izan ere, frantziar zinema jaialdiaren sail horrek titulu klasikoak berreskuratzen ditu, eta, arlo horri dagokionez, munduko jaialdi garrantzitsuenen artean dago.

Euskadiko Filmategiak ahalegina egingo du euskal zinemagintzako film ikoniko hori zinema klasikoaren eremuan erreferentziazkoak diren beste hitzordu batzuetan ere proiektatu dadin.

Bestalde, Tamasa banatzaile frantziarrak 2025ean Frantziako aretoetan proiektatzeko eskubideak erosi ditu.

 

‘TASIO’

Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, eta 14 dituenerako ikazkina da dagoeneko, aita bezala. Bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz (Tasio) ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak; gizon hura Zuñigan jaio zen 1916an, eta 1989an hil zen Valderrota mendian.

Lantalde tekniko eta artistiko garrantzitsua bildu zuen filmak; besteak beste, Elias Querejeta (ekoizlea), Pablo G. del Amo (muntatzailea), Gerardo Vera (zuzendari artistikoa), Angel Illarramendi (konpositorea), José Luis Alcaine (argazki-zuzendaria), Alfredo Mayo (kamera) eta José Luis López-Linares (argazki finkoa) aritu ziren lanean. Bestalde, Patxi Bisquertek eta Amaia Lasak gorpuztu zituzten protagonistak.

Montxo Armendárizen hitzetan, “isileko askatasunari buruzko filma da Tasio: arauen eta konbentzioen kontra ezkutatzen den askatasun horri buruzkoa”. “Tasioren pertsonaiatik gehien interesatzen zitzaidana gizartearen aurrean zituen duintasun, harrotasun eta ohorea ziren, nahiz eta jarrera horrek atzerakoi itxura eman ziezaiokeen, hots, aurrerapenaren aurka zegoen pertsonaia baten tankera. Hala ere, beste irakurketa bat du orain, egin nuen garaian ez bezalakoa”, gehitu du zuzendariak.

Boloniara eginiko txangoaz, Armendárizek nabarmendu du Tasio zaharberritzen ari ziren laborategiko aretora sartu eta pantailan filmaren izenburua zuen fotograma izoztua ikusterakoan, “estreinaldiaren eguneko zirrara berbera” sentitu zuela. “Amets bat egia bihurtzen ikustearen poza. Fotokimikotik irudiak gogoratzen nituen bezalaxe berreskuratzeaz gain, irudi horiekin batera nire bizitzako zatiak ere berreskuratu nituen: eszena bakoitza ikuskatu ahala, momentu ahaztezinak eta pertsona kuttunak agertu ziren, beren argi-ilunekin, oroitzapenak fotogrametan harrapatuta geratu balira bezala eta denbora pasatze hutsagatik desagertzea onartuko ez balute bezala”, azaldu du.

Bestalde, Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek aitortu du Tasio lanarekin ekin diotela “euskal zinemagintzako titulu nagusiak zaharberritzeko proiektuari. Gainera, akaso munduko laborategirik onenean (Boloniakoa) ekin diogu lan horri, nazioartean gure zinemari ere ‘klasiko’ kontzeptua txertatzeko asmoz. Prozesu osoan zehar Montxo Armendárizen lana eta konplizitatea eduki izanak zilegitasun eztabaidaezina ematen dio lanari. Hitz batez esanda, gure titulurik onenetako baten zaharberritze-lanik onena dugu erakusleihorik onenean: Cannes”.

 

MONTXO ARMENDÁRIZ (OLLETA -NAFARROA-, 1949)

Montxo Armendáriz zuzendariak (Olleta, Nafarroa, 1949) hamahiru urte zituenetik jakin zuen zinemagintzan jardun nahi zuela; haatik, elektronika ikasi, eta gai horren irakasle gisa eman zituen lehenengo pauso profesionalak. Armendáriz autodidakta izan zen, eta 1977an, Euskal Zine Egileen Elkarteari esker, Fernando Larruquert eta Javier Aguirresarobe ezagutu zituen. Zinegilearen lehenengo film laburrean, Barregarriaren dantza/La danza de lo gracioso, muntatzaile lanetan jardun zen Larruquert, eta argazki-zuzendari, berriz, Aguirresarobe. Lan horrek urte hartako Zilarrezko Mikeldi saria eskuratu zuen Bilboko Film Laburren Nazioarteko Zinemaldian. Gerora, askoz ere sari gehiago iritsi ziren; besteak beste, honako lan hauekin: Ikusmena (1980), Ikuska 12 (1981), Carborneros de Navarra (1981), Tasio (1984) —Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko bigarren saria eta Fipresci saria—, 27 horas (1986) —zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra Donostia Zinemaldian—, Las cartas de Alou (1990) —Urrezko Maskorra eta Fipresci saria Donostia Zinemaldian—, Historias del Kronen (1995) —sail ofizialean egon zen Cannesko zinema jaialdian eta gidoi egokitu onenaren Goya saria eskuratu zuen—, Secretos del corazón (1997) —europar film onenaren Aingeru urdina saria jaso zuen Berlinalen eta nazioarteko filmik onena izateko hautagai izan zen Oscar sarietan—, Silencio roto (2001), Escenario móvil (2003), Obaba (2004) —Donostia 53. Zinemaldiaren irekiera-filma— eta No tengas miedo (2011).

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.