2024/03/20
Apiriletik ekainera bitartean, Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean, Gasteizen, Donostian, Bilbon, Iruñean eta Donibane Lohitzunen proiektatuko diren hamabi film berrikustera eta ezagutzera gonbidatuko gaitu. Lyongo Lumière Institutuarekin izaniko lankidetza arrakastatsuaren ondotik —elkarlan horren emaitza izan dira azken bi urteetan antolaturiko Lumière Saioak—, Filmategiak hamabi titulu jo ditu begiz; haietako batzuk aski ezagunak, eta beste batzuk, berriz, oraindik esploratzeke daudenak.
Proposamen kanonikoen artean, nabarmentzekoa da datorren apirilaren 5ean Tabakaleran zikloa abiaraziko duen filma: Modern Times (Tiempos modernos / Garai modernoak, 1936), Charles Chaplinen lan gailenetako bat eta haren azken film mutua, Boloniako Zinematekak zaharberritu duena.
Esa pareja feliz (1951), Juan Antonio Bardem eta Luis García Berlangaren lehen obra, Espainiako Zinematekak zaharberritutako klasikoa. Filmoteka horretako Valeria Camporesi zuzendariak aurkeztuko du Donostian eta Bilbon.
Ikusgai izango dira, halaber, Peeping Tom (El fotógrafo del pánico / Begiluzea, Michael Powell, 1960), Scorseseren arabera, “shock bat sistemarentzat, eta argi eta zuhur erakusten du artea egiteak dakarren arriskua”; Cross of Iron (La cruz de hierro / Burdinazko gurutzea, Sam Peckinpah, 1977) eta The Apartment (El apartamento, Billy Wilder, 1960). Azken film hori Luis Alegre kritikari eta historialariak aurkeztuko du Donostian eta Bilbon.
Deskubritu beharreko proposamenen artean ageri dira, orobat, Les ordres (Las órdenes, Michel Brault, 1974). Quebeceko Zinematekak berriki zaharberritu duen film horrek hainbat sari eskuratu zituen, eta aurten 50. urte beteko ditu. Beste sari batzuen artean, Costa-Gavrasekin partekatu zuen zuzendaritza onenaren saria Canneseko Zinema Jaialdian (Section spéciale, 1975).
Suitzako Zinematekak L´inconnu de Shandigor (El desconocido de Shandigor, Jean-Louis Roy, 1967) aurkeztuko du, filmoteka horretako Fréderic Maire zuzendariaren eta Film Artxiboen Nazioarteko Federazioko (FIAF) presidente ohiaren eskutik. Eta Lumière Institutuak, bestalde, Adieu, Chérie (Adiós, Querida, Raymond Bernard, 1946) ekarriko du.
Halaber, Euskadiko Filmategiak Classe tous risques (A todo riesgo / Arrisku-klase guztiak, Claude Sautet, 1960) berreskuratuko du, Donostia Zinemaldiak 2022an eskaini zion atzerabegirakoan proiektatu ezin izan zen zuzendari frantziarraren film bakarra.
Klasikoak zikloan emango dira, orobat, Koibumi (Carta de amor, Kinuyo Tanaka, 1953), 1954an Cannesen lehiatu zena; Sur (Fernando E. Solanas, 1988), egileak “bizitzari eskainitako kantu bat” gisa deskribatua; eta Not a Pretty Picture (Martha Coolidge, 1976), orain arte aurkitzen zaila izan den eta Academy Film Archive eta The Film Foundation etxeek 4Kn zaharberritu duten harribitxia. Donostia Zinemaldiko Artxiboa proiektuaren koordinatzaile Irati Crespok aurkeztuko du film hori Bilbon eta Donostian.