Azken hiru urteetan, Buster Keatonen filmen zaharberritze zoragarriak ikusten ari gara, Cineteca di Bolognak eginak. Chaplinekin egin zuten, eta Keatonekin ari dira orain. Haren zinema inoiz ez bezala ikusten da, Cecilia Cenciarelli bezalako profesionalen lanari esker. Euskadiko Filmategiarentzat, beraz, oso berezia eta oso maitatua da ziklo hau: zinematografoaren maisu honen obraren bidez, kultura zinematografikoa zabalduko dugu zinema mutuari buruzko gure lehen zikloan; baina, horrez gain, zahar-berritzearen arloan munduko entzutetsuena izan daitekeen filmotekak egiten duen lanaren garrantzia nabarmenduko dugu; —eta film-artxibategi guztien lanak duen garrantzia—. Honela esan zion Orson Wellesek Peter Bogdanovichi: “Keaton laudorio ororen gainetik dago”. Ez da hori uste duen bakarra. Fernando Truebak honako hau idatzi zuen: “Keatonen zinema Paradisua da, jatorrizko bekatua baino lehenagokoa; dena da gardentasuna, irudiaren xalotasuna. Arteak primitiboa izateari utzi gabe erdiets dezakeen elaborazio- eta sofistikazio-mailarik handiena da (...). Keatonen txisteak ez dira gag bisual hutsak, literatura hobezina dira, poesia garbi eta hutsa, irrigarrikeria-zantzurik gabekoa (...). Keatonek beste ezein zuzendarik baino irudi ahaztezin gehiago sortu ditu”. Cineteca di Bolognak jada zaharberritu dituen film batzuk berrikusiko dira hemen, eta horien artean daude komiko eta zinemagile bikain honen filmografiako ezinbesteko film labur eta luze batzuk. Gainera, Joserra Senperena eta Josetxo Fernández de Ortega Jauregui euskal musikari bikainek zuzenean joko dute pianoa film horietako batzuen proiekzioan. Eta beste goxoki bat: The Great Buster, lehen aldiz Euskal Herriko pantailetan. Keatonen talentuari buruzko dokumental-omenaldi honen egileak Ford eta Hawksen parean jartzen du Keaton. Zinema mutua zinema-aretoetan ikustea bizipen paregabea da. Keatonek dena pentsatua zuen zineman denok barre egin genezan. Eta “heroi keatondarra” aldarrikatzekoa da, erabat, XXI. mendean: sentimentalismorik eza eta aurpegiera asaldagaitza, erabakitasun irmoa (amodio kontuetan, batez ere), beti David Goliathen aurka, poesia, umorea... Goazen Keaton ikustera! Eser gaitezen, eta, une batez, pentsa dezagun Keatonengan, gaurkotasunaren abiadura biziko trenaren bielak herrestan garamatzan honetan.