10 URTE JAZZINEMAREKIN
Hamar urte bete ditu Euskadiko Filmategiaren ziklorik zaharrenak, Tabakalera eraikinera igaro eta programazio egonkorra hasi zenetik. Euskadiko jazz-jaialdiekin lankidetzan, uda-garaian, hauetako ezaugarriren bat edo gehiago izan behar zituzten filmak ikusi ditugu gure pantailetan: jazz musikako soinu-bandak edukitzea, jazzaren historiako pertsonaia handien ingurukoak izatea eta jazz-kutsuko hizkuntza zinematografikoa izatea.
Urteurren polit hori ospatzeko, ziklo labur baina izugarri aberats bat prestatu dugu, AEBko zinematografia- eta jazz-sorkuntza onenetara eramango gaituena hau da, jatorrira. Miresten eta ongi ezagutzen duten musikaren munduan murgildu ziren zinemagintzako izen handiak izango ditugu. The Glenn Miller Story -Música y lágrimas- (Anthony Mann, 1954) biopicean, Mann jakintsuak James Stewart zuzendu zuen beste behin ere, zeinak bizia eman baitzion jazzaren ikur izan zen Glenn Millerri; nori ez zaio etortzen izen hori burura swingaz eta big bandez ari garenean? Charlie Parker dugu jazzeko beste izen handi bat; bereziki, bebop iraultzaz ari garela. Musikaria ere baden eta mota horretako musikaren historian aditua den Clint Eastwood zinemagileak pantailaratu zuen Parkerren ibilbidea (Bird, 1988). Film horretan, Quim Casas kritikariaren hitzetan, Eastwoodek egin zuen “Parkerren erretratu inpartzial, hunkigarri eta gogor bat haren bizitza pribatuari eta haren mendekotasunei jarraituz, baina batere moralismorik gabe; eta, noski, haren musika-sorkuntza bikainaren, biren, grabazioen eta eragin zuen iraultzaren berri ere eman zuen”.
Altman maisuari beti gustatu izan zitzaion jazza, eta Kansas City (1996) filmak erakusten digu ondoen alderdi hori. Hey-Hey Cluba birsortuz, mafiez eta arrazismoaz hitz egin zuen eta 1930eko hamarkadako jazzarekin girotu zuen guztia, koherentzia handiz. Eta, xehetasun guztien artean bat nabarmentze aldera, Joshua Redman handiak egin zuen Lester Young mitikoaren papera. Fernando Trueba behin baino gehiagotan izan dugu ziklo honetan. Hari esker ezagutu genuen Shirley Clarke bikainaren The Connection -La conexión- (1961), eta hura interpretatzeko gakoa eman zigun: ez da jazzari buruzko film bat, jazza da; protagonista zuen musikan murgiltzea lortu zuen filmaren hizkuntza zinematografikoak.
Amaitzeko, ohiz kanpoko saio berezi bat. Badakigu ez dela jazza, rocka dela; baina lotura ugari dituzte: The Last Waltz -El último vals- (Martin Scorsese, 1978). Hamar urtez musika-zinema eskaini ondoren, jai-giroko keinu bat egin nahi diogu AEBko zinemako beste maisu batek zuzenduriko genero honetako film garrantzitsuenetariko bati. Filma ikusi eta aretotik irtetean, airean zabiltzatela eta gainetik pisu bat kendu duzuela irudituko zaizue.