17 euskal ekoizpen ikusgai Nantesko FCEN zinemaldian

2025/03/21

17 euskal ekoizpen ikusgai  Nantesko FCEN zinemaldian

Euskal zineari eskainitako Fenêtre Basque zikloak bederatzi film luze, serie bat eta Kimuak 2024 programako zazpi film labur erakutsiko ditu

Azken Erromantikoak euskarazko filma sail lehiakorrean izango da, gaur hasi eta martxoaren 29ra bitarte egingo den FCENen

Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak idatzi eta Etxepare Euskal Institutuak argitaratutako euskal zinemari buruzko liburua aurkeztuko da bertan

Nantesko Festival du Cinéma Espagnol (FCEN) jaialdiaren baitan egiten den Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) zikloak 24 edizio beteko ditu aurten. Etxepare Euskal Institutuak, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, sustatzen duen sail hau Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio sendoenetakoa da, eta urtero euskal urteko euskal ekoizpen nabarmenen eta, oro har, euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du.

Aurtengo edizioan, guztira, 17 euskal ekoizpen izango dira Nantesen martxoaren 21etik 29ra egingo den zinema-jaialdian. Horietatik, bederatzi film luze eta Kimuak 2024ko programako zazpi film labur Fenêtre Basque zikloan proiektatuko dira. Euskal zinemari propio eskainitako zikloa osatzen duten euskal produkzioez gain, euskal zinemak presentzia nabarmena izango du FCENen 34. edizioan; izan ere, bi film luze sail lehiakorrean arituko dira eta, horrez gain, euskal zinemak beste sail batzuk zipriztinduko ditu. Sail ofizialean, lehiatuko dira Marco (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta Azken Erromantikoak (David Perez Sañudo). Marco filmak hainbat sari irabazi zituen Veneziako Mostrako iragan edizioan; Azken Erromantikoak berriz jatorrizko bertsioan, euskaraz, proiektatuko da Nantesen, eta Donostia Zinemaldian ere ikusi ahal izan zen. Dokumental onenaren saria eskuratzeko norgehiagokan, beste bi euskal ekoizpen aurki daitezke: Los Williams (Raul de la Fuente) eta Chaplin, espíritu gitano (Carmen Chaplin). Izaera desberdina duten bi istorio dakartzate filmek; bi anaia futbolariren istorioa, batetik; zinemako jenio batena, bestetik.

Fenêtre Basque 2025 Fenêtre Basque atalean, bederatzi luze izango dira guztira. Arestian aipatutako lau horiez gain, honako hauek ere ikusi ahal izango dira: Pello Gutierrez zuzendariaren Erreplika dokumentala proiektatuko da, zeinak irudien gabezia eta memoria pertsonala aztertzen baitituen. Tratamos demasiado bien a las mujeres Clara Bilbaoren apustu ausarta da filme historikoei buelta emateko eta beste genero batzuekin jolasteko. Paul Urkijoren Irati filmak, euskarazko zinemaren historian errentagarrien izan den pelikulak, euskal mitologiaren mundura garamatza. Euskal zinemaren historiaren izen propio bat, benetako klasiko unibertsal bat, ere izango da Nantesen: Tasio, Montxo Armendarizen film ezaguna. Euskadiko Filmategiak zaharberritutako kopia Cannesko jaialdiko eta Donostia Zinemaldiko azken edizioetan izan zen, eta orain bigarren bizitza bat izaten ari da.

Azkenik, aurtengo Malagako Zinemaldiko sail ofizialean dagoen Los aitas Borja Cobeagaren filmak itxiko du aurtengo FCEN. Gainera, Fenêtre Basque-ren baitan, aurreko edizioetan bezala, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Kimuak 2024 katalogoan jasotako film labur batzuk ere ikusi ahal izango dira: Izibene Oñederraren Etorriko da; Joana Moyaren Todo lo cubre la sal; Jorge Moneoren Exergo; Koldo Almandozen Dinosaurioak; Alba Lozanoren Utländsk; Iratxe Fresnedaren Errotatiba eta Aitor Abioren Patrimonio.

Euskal ikus-entzunezkoek izango duten presentzia nabarmenaren erakusgarri, aurten, FCENek Frantzian orain arte ikusi gabeko serieen atalean, Alauda Ruiz de Azuaren Querer proiektatuko du. Gainera, euskal zinemaren erakusleiho zabal eta heterogeneo honen osagarri gisa, hainbat gonbidatu gerturatuko dira Nantesera egunotan, hala nola, David Perez Sañudo, Jon Garaño, Clara Bilbao, Pello Gutierrez edota Montxo Armendariz.

Basque. Zinema liburuaren aurkezpena

Etxepare Euskal Institutuak bultzatu eta argitaratu duen liburu-bilduma da Basque; hamabi kultur-adierazpideren ardatzean osatutako hamabina ale. Bildumak euskara, euskal kultura eta sorkuntzaren berri ematea du xede, eta euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta fransesez dago euskuragai etxepare.eus webgunean. FCENen testuinguruan aurkeztuko den Basque. Zinema lehen aldiz 2012an argitaratu zen liburuaren eguneratzea da. Orduan bezala, orain ere, Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak burutu du liburuaren berridazketan azken urteetako gertakari eta ekoizpen nabarmenei erreparatuz. Martxoaren 22an, arratsaldez, Nantesen egingo den Rencontre Cinéma Basque mahainguruan aurkeztuko dute liburua Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko Zuzendari Nagusiak eta Joxean Fernández liburuaren egile eta Euskadiko Filmategiko buruak.

Jaialdiari buruz 1990ean sortu zen Festival du Cinéma Espagnol de Nantes (FCEN) jaialdiaren helburua da Espainiako Estatuan egindako zinea Frantzian zabaltzea eta horretarako emanaldi zinematografikoez gain ekitaldi ezberdinak antolatzen
dituzte jaialdiak irauten duen bitartean: mahai-inguruak, arte erakusketak, kontzertuak, etab. Urtero 27.000 ikusletik gora biltzen ditu jaialdiak, baita kritikari eta industriako profesionalak ere. Nantes da euskal zinema gehien aintzat hartu eta erakutsi duen Europako hirietako bat. Horrela, Fenêtre Basque atalak 24 urte beteko ditu aurten. Urteotan, euskal zinemako izen handiak pasa dira bertatik euren lanak aurkeztu eta publikoarekin solasean aritzeko.

FENETRE BASQUE 2025

Sail ofiziala, lehian
Marco, l’énigme d’une vie (Aitor Arregi, Jon Garaño, 2024)
Azken Erromantikoak (David Perez Sañudo, 2024)

Dokumental onenaren saria
Chaplin, espíritu gitano (Carmen Chaplin, 2024)
Los Williams (Raúl de la Fuente, 2024)

Film luzeak
Erreplika (Pello Gutierrez, 2024)
Irati (Paul Urkijo, 2022)
Los aitas (Borja Cobeaga, 2025)
Tasio (Montxo Armendariz, 1984)
Tratamos demasiado bien a las mujeres (Clara Bilbao, 2024)

Kimuak 2024
Dinosaurioak (Koldo Almandoz)
Errotatiba (Iratxe Fresneda)
Etorriko da (Izibene Oñederra)
Exergo (Jorge Moneo)
Patrimonio (Aitor Abio)
Todo lo cubre la sal (Joana Moya)
Utländsk (Alba Lozano)

Beste euskal ekozipen batzuk
Querer seriea (Alauda Ruiz Azua, 2024)

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.