Álex de la Iglesiarekin mahai-ingurua eta Herederos de la bestia (Diego López eta David Pizarro) filmaren estreinaldia Donostian, Euskadiko Filmategiaren eskutik

2017/04/05

Euskadiko Filmategiak biharko emanaldi berezi bat antolatu du, Álex de la Iglesiaren, El día de la bestia bere filmaren eta orokorrean zinema fantastikoaren inguruko mahai-ingurua eta proiekzioa antolatuta. Josemi Beltrán Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko zuzendariak moderatuko du mahai-ingurua. Bertan, Álex de la Iglesia zinema zuzendariak,  Jorge Guerricaechevarría bere gidoilarikideak, Flavio Labiano argazki zuzendariak eta Diego López Herederos de la bestia filmaren zuzendariak parte hartuko dute.

David Pizarro eta Diego López Los perversos rostros de Víctor Israel (2010) dokumentalaren eta Silencios de pánico (2013) liburuaren egileak dira. Beraz, Espainiako fantasiazko zinemarekiko duten interesa begi-bistakoa da. Gaiaren inguruan beste lanen bat abiatzeko izandako solasaldi guztietan ateratzen zitzaien Álex de la Iglesiaren filmografiako izenburu mitikoa. Azkenean, El día de la bestia-ri buruzko dokumental bat filmatzea erabaki zuten. Zinemagile bilbotarrari ideia proposatu ziotenean, hark emandako berehalako baiezkoa funtsezkoa izan zen proiektua ondo atera zedin. Era berean, egileentzat nahitaezkoa izan zen Catalunyako fantasiazko zinemaren hainbat ordezkariren testigantza jasotzea, El día de la bestia funtsezko oinarria izan baita haien ibilbideetan. Hala, Nacho Cerdà, Paco Balagueró eta Paco Plaza zinemagileekin harremanetan jarri ziren, eta haiek filmean parte hartzea erabaki zuten. Beste alor batzuetako pertsonaia garrantzitsuak ere agertzen dira, hala nola José Luis Rebordinos eta Ángel Sala programatzaileak, Quim Casas zinema kritikaria, eta, batik bat, pelikularen errodajean parte hartu zuen lan-talde artistikoa eta teknikoa (horien artean ageri dira mahai-inguruan parte hartuko duten Guerricaechevarría eta Labiano). Pablo Berger eta Enrique Urbizu euskal zinemagileek ere euren testigantza eskaini zuten, zuzendari bilbotarrak bere jaioterrian igarotako lehendabiziko urteen inguruan.

Aipatzekoa da, baita ere, Álex de la Iglesiaren film klasikoaren 20. urteurrena ospatzeko asmoarekin ere jaio zela Herederos de la bestia (2016). Zenbait jaialditan parte hartu du dagoeneko; Sitgesen, Buenos Airesko Ventana Sur-en edota Malagan, esaterako. Orain Donostian estreinatuko da eta zinema aretoetako estreinaldia ere oso gertu dago. Azkenik, azpimarragarria da mahai-inguru honi esker berriro gurutzatuko direla Álex de la Iglesiaren eta Euskadiko Filmategiaren ibilbideak. Izan ere, erakundeak zinemagile bilbotarrari liburu bat eta atzera begirako bat eskaini zizkion 2012an, Baionan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen.

Emanaldia (mahai-ingurua eta proiekzioa) apirilaren 6an, osteguna, 19:00etan izango da Tabakalerako 1 zinema aretoan (Andre Zigarrogileen plaza, 1. 20012 Donostia) eta sarrera 3,50 €-koa izango da (Tabakalerako Informazio Puntuan daude salgai). 

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.