Euskadiko Filmategiak Fernando Larruquerti buruzko liburua argitaratu du

2017/04/11

Argitalpenarekin batera, zinemagile irundarrari omenaldi bat eskainiko zaio apirilaren 12an, 19:00etan, Tabakalerako 1 zinema aretoan, Donostian.

Euskadiko Filmategiak Fernando Larruquerti (Irun, 1934-2016) buruzko liburua argitaratu du: Desde la frontera: el cine de Fernando Larruquert. Argitalpena Carlos Roldarenk (ed.lit.) eta Juan Miguel Gutierrezek idatzi dute, eta Montxo Armendarizen hitzaurrea dauka.

Larruquert musikaria, zinemagilea, argazkilaria eta euskal kulturako pertsonaia esanguratsuenen konplizea izan zen. Irungo Ganbera Abesbatzeko zuzendari gisa aparteko arrakasta lortu ondoren,  Larruquert, bere lagun Oteizak proposatuta, zinemagintzaren abenturan murgildu zen, honako helburu garbiekin: euskal herritarrak frankismoak lapurtutako errealitateaz informatzea eta hizkuntza zinematografiko propioa sortzea, Euskal Herriko kultura herrikoiaren sustraietan oinarrituta. Néstor Basterretxearekin batera zuzendutako Ama Lur (1968) dokumentala gaur egun ezinbesteko erreferentzia bilakatu da euskal zinemagintza garaikidea ulertzeko. Ondoren, musika herrikoia aztertu zuen  (Euskal Herri-Musika, 1978) eta Everest zapaldu zuen lehen espedizioaren abentura ere dokumentatu zuen (Agur Everest, 1981). 80. hamarkadatik aurrera, itxaropena galduta, Zazpigarren Artetik pixkanaka urrundu egin zen eta argazkilari gisa ibilbide oparoa abiatu zuen, bere familiarekin batera, Lamia talde-izenpean. Bere heriotza (2016/10/20), euskal zinemagintzarentzat, -eta euskal kulturarentzat oro har -, galera izugarria izan da.

Omenaldia

Euskadiko Filmategiak zinemagile irundarra omenduko du liburuaren argitalpenarekin batera. Hala, apirilaren 12an, 19:00etan, Donostiako Tabakalerako 1 zinema aretoan Alquézar, retablo de pasión (Basterretxea y Larruquert, 1966) eta  Euskal Herri-Musika (Larruquert, 1978) proiektatuko dira.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.