Alfonso Ungríak eta Anjel Lertxundik Euskadiko Filmategiaren saria jaso dute

2025/09/26

Alfonso Ungríak eta Anjel Lertxundik Euskadiko Filmategiaren saria jaso dute

Ehun metro (1985) eta Hamaseigarrenean aidanez (1985) filmen zuzendariek pelikulen bertsio zaharberrituak aurkeztu dituzte gaur, Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailaren baitan

Alfonso Ungría (Ehun metro, 1985) eta Anjel Lertxundi (Hamaseigarrenean aidanez, 1985) zuzendariek Euskadiko Filmategiaren saria jaso dute gaur. Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailaren baitan, bi filmen bertsio zaharberrituak aurkeztu dituzte Tabakaleran. Ekitaldian Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak, Joselu Blanco EITBko Programazio zuzendariak eta Urkiri Salaberria, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak ere parte hartu dute.

Hitzaldian, Ungriak eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzari, EITBri eta Euskadiko Filmategiari. “Ekitaldi hau eta zaharberritze hauek eskertu nahi ditut”, esan du. Eta Klara Badiola eta Patxi Bisquert, bere filmeko protagonistak, gonbidatu ditu bere ondora: “ekoizlerik eta aktorerik gabeko zuzendariak ez dira ezer", azpimarratu du.

Bestalde, Lertxundik eskerrak eman dizkie zaharberritze horiek posible egin dituztenei, eta “40 urte hauetan euskal zinemaren ametsa betetzen saiatu diren zinegilei”. “Eta zuei eskerrak, noski: ez baitago literaturarik irakurlerik gabe, ez baitago zinerik ikuslerik gabe”, amaitu du.

Zaharberritze proiektu honek Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986) film ertainak ere barne hartu ditu. Euskadiko Filmategiak gidatu ditu lau zaharberritzeak, eta erakunde horrek eta EITBk finantzatu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren babes orokorrarekin, Boloniako L´Immagine Ritrovata laborategietan.

José Julián Bakedanok (Oraingoz izen gabe, 1986) jasoko du Euskadiko Filmategiaren saria, bihar, 16:00etan, Tabakaleran egingo den emanaldi bikoitzean. Xabier Elorriagaren (Zergatik panpox, 1985) ordez Arantxa Urretabizkaiak (liburuaren idazlea) jasoko du.

LAU FILM ERTAINAK ETA HAIEN ZAHARBERRITZEA

Ramón Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Anjel Lertxundiren eleberri izenkideetan oinarrituta daude, hurrenez hurren, Ehun metro, Zergatik panpox eta Hamaseigarrenean, aidanez, eta Irati Filmak ekoiztetxeak egin zituen, 100 milioi pezetako aurrekontuarekin. Diru hori guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eman zuen oso-osorik. Bakedanok zuzendu eta ekoiztutako Oraingoz izen gabe film ertainari dagokionez, Bernardo Atxagak idatzi zuen gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta. 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen filma.

Lan hauek zaharberritzeko, Espainiako Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordeta dauden 35 mm-ko jatorrizko negatiboak erabili dira. Lehenik, material fotokimikoa garbitu egin da, eta mekanikoki prestatu, digitalizatzeko. Bigarren fasean, denboraren joanak eragindako inperfekzioak desagerrarazi dira, betiere jatorrizko materialari benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzendu dira. Filmategiko teknikariek eta zuzendariek gainbegiratu zituzten lanak abuztuan amaitu ziren. Hain zuzen, uztailean Boloniara joan ziren helburu horrekin.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.