Xabier Elorriagak eta José Julián Bakedanok Euskadiko Filmategiaren saria jaso dute

2025/09/27

Xabier Elorriagak eta José Julián Bakedanok Euskadiko Filmategiaren saria jaso dute

Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailean estreinatu dira Zergatik panpox (1985) eta Oraingoz izen gabe (1986) film ertainen bertsio zaharberrituak

Xabier Elorriaga (Zergatik panpox, 1985) eta José Julián Bakedano (Oraingoz izen gabe, 1986) zuzendariek Euskadiko Filmategiaren saria jaso dute gaur. Ekitaldian izan dira Bakedano bera eta, Elorriagaren ordezkari gisa, Arantxa Urretabizkaia idazlea, Zergatik panpox eleberriaren egilea. Elkarrekin aurkeztu dituzte Tabakaleran bi film ertainen bertsio zaharberrituak, Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailaren baitan. Gainera, parte hartu dute Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariak, Joselu Blanco EITBko Programazio zuzendariak, Vanesa Fernández EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak eta Urkiri Salaberria Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren zuzendariak.

Urretabizkaiak Elorriagak idatzitako testu bat irakurri du: “Angel Amigok Zergatik panpox lanaren egokitzapena zuzentzeko eskaini zidanean, nobela irakurria nuen. Gustatu ez ezik, hunkitu ere egin ninduen, eta joan den mendeko 80ko hamarkadan emakumeen errealitateak ulertzera behartu ninduen. Zaharberritzea oso erabaki egokia izan da, Filmategiari prestigioa emateaz gain, ikusleei ere mesede egiten dien erabakia”.

Bestalde, Oraingoz izen gabe filmaren errodajea nolakoa izan zen errepasatu du Bakedanok: “Orduan ez zen uste fikzioa euskaraz egin zitekeenik, eta guk ez genuen bizkaiera aldarrikatu, euskara mintzatua errebindikatu genuen. Gainera, talde teknikoak izan ezik, inork ez zuen kobratu”. Zuzendariak eskerrak eman dizkie proiektuaren finantzaketan parte hartu zutenei, aktoreei, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri. “Zaharberritzea bikain geratu da, lehen egunean bezala dago; oso pozik nago”, amaitu du.

Zaharberritze proiektu honek Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985) eta Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985) film ertainak ere barne hartu ditu. Euskadiko Filmategiak gidatu ditu lau zaharberritzeak, eta erakunde horrek eta EITBk finantzatu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren babes orokorrarekin, Boloniako L´Immagine Ritrovata laborategietan.

Alfonso Ungríak (Ehun metro, 1985) eta Anjel Lertxundik (Hamaseigarrenean aidanez, 1985) atzo jaso zuten Filmategiaren saria.

LAU FILM ERTAINAK ETA HAIEN ZAHARBERRITZEA

Ramón Saizarbitoriaren, Arantxa Urretabizkaiaren eta Anjel Lertxundiren eleberri izenkideetan oinarrituta daude, hurrenez hurren, Ehun metro, Zergatik panpox eta Hamaseigarrenean, aidanez, eta Irati Filmak ekoiztetxeak egin zituen, 100 milioi pezetako aurrekontuarekin. Diru hori guztia Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eman zuen oso-osorik. Bakedanok zuzendu eta ekoiztutako Oraingoz izen gabe film ertainari dagokionez, Bernardo Atxagak idatzi zuen gidoia, Jorge Luis Borgesen ipuin batean inspiratuta. 1987ko Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean estreinatu zen filma.

Lan hauek zaharberritzeko, Espainiako Filmategian eta Euskadiko Filmategian gordeta dauden 35 mm-ko jatorrizko negatiboak erabili dira. Lehenik, material fotokimikoa garbitu egin da, eta mekanikoki prestatu, digitalizatzeko. Bigarren fasean, denboraren joanak eragindako inperfekzioak desagerrarazi dira, betiere jatorrizko materialari benetakotasunari eusteko asmoz. Gero, kolorea eta soinua zuzendu dira. Filmategiko teknikariek eta zuzendariek gainbegiratu zituzten lanak abuztuan amaitu ziren. Hain zuzen, uztailean Boloniara joan ziren helburu horrekin.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.