2026/09/30
´Inauguración del campo del Atlhetic´. Euskadiko Filmategia
Pordenoneko (Italia) Zinema Mutuaren Jardunaldiak (Le Giornate del Cinema Muto) —modalitate horretako nazioarteko erreferentzia— Espainiako zinemagintzaren jatorriari (1896-1916) buruzko atzera begirako monografiko bat aurkeztu du lehenbizikoz, zinema-ondarea kontserbatzen jarduten duten filmoteka, artxibo eta erakundeen arteko lankidetzaren emaitza gisa
Euskadiko Filmategiak ere parte hartuko du atzerabegirako horretan, eta Euskal Herrian kontserbatzen den obrarik zaharrenetako bat emango du: Inauguración del campo del Athletic (Athleticen futbol-zelaiaren inaugurazioa, 1913)
Espainiako zinemagintzaren jatorriari buruzko nazioarteko lehen atzerabegirako handiak hainbat herrialdetako 63 lan biltzen ditu, eta handitu egiten du berreskuratutako eta zaharberritutako film-zerrenda, Estatuaren zinematografiaren lehenbiziko urteen gaineko ezagutza zabaltzeko eta aberasteko
Emanaldiak urriaren 5etik 8ra izango dira, eta, nazioarteko ikus-entzuleen aurrean Espainiako kultura zinematografikoaren jatorria ulertzeko funtsezko ondare bat erakusteaz gainera, nabarmenduko da zeinen garrantzitsua den filmoteken eta erakundeen arteko lankidetza obra horiek ikertu, babestu eta zabaltzeko
Filmoteka, artxibo eta ondare-erakundeen arteko lankidetzari esker, Espainiako zinemagintzaren sorburuari buruzko atzerabegirako bat antolatu dute (1896tik 1916ra bitarteko lanekin) Pordenoneko Zinema Mutuaren Jardunaldietan. Italian egiten den jaialdi hori zinema mutuari eskainitako nazioarteko erreferentzietako bat da, eta 45. edizioa izango du 2026an.
Nazioarteko topaketa horretan Espainian eginiko hasieretako zinema ematea aukera bikaina da funtsezko ondare bat lehen mailako esparru batean ezagutarazteko, eta agerian uzten du gainera zeinen garrantzitsua den film-artxibategien arteko lankidetza memoria zinematografikoa kontserbatzeko, ikertzeko eta zabaltzeko.
Programa urriaren 5etik 8ra izango da, eta zenbait artxibo eta bildumatako 63 lan zinematografiko bilduko ditu lau saiotan. Jardunaldiak urriaren 6aren bueltan ospatzeak —Espainiako Zinemaren Egunean, alegia— ederki erakusten du atzerabegirako horren garrantzi berezia. Hain zuzen ere, pantaila handian ikusi ahal izango dira estatuan filmatutako lehen irudi zinematografikoetako batzuk: dela atzerriko operadoreek zinematografoa ekarri zutenean filmatutakoak, dela ekoizpen zinematografiko nazionaleko lehen ekimenak.
Euskadiko Filmategiak ere parte hartuko du atzerabegirako horretan, Inauguración del campo del Athletic (Athleticen futbol-zelaiaren inaugurazioa, 1913) filmarekin. Obra horretan, garai bateko San Mames futbol-zelaiaren inaugurazioa eta Athletic Clubek eta Irungo Racingek jokatu zuten partida erakusten dira. Partida hura gol banarekin berdinduta amaitu zen: bata Athleticeko Rafael Moreno Pichichik sartua eta bestea, berriz, Racingeko Patricio Arabaolazak. Julián López Olivak zuzendu zuen film hura Pathé etxe frantziarrarentzat, eta bi minutu irauten du.
Parte hartzen duten filmoteka guztien artean adostu dituzte hautatako filmak, eta, guztien artean, ibilbide bat proposatzen da Espainiako zinematografoaren lehen hogei urteetan barrena, kronologia, lurraldea eta gaiak kontuan hartuta. Bistak, gaurkotasun-kontuak, fikzioak eta are zinemagintza-publizitatearen lehen aleetako bat aurkeztuta, programak bitarteko horren bilakaera ez ezik ekoizpen zinematografiko propioaren garapen progresiboa ere azaltzen du.
Jardunaldiaren barruan antolatutako lau saioetan, ibilaldi bat proposatzen da: XIX. mendearen amaieran zinematografoa Espainiara iritsi zenekoa (hasiera hartan, atzerriko operadoreek ekarrita, Lyongo Lumière etxeak bidalitako Alexandre Promio, hain justu), eta, arian-arian, bertako produkzioak sortzen hasi zirenekoa. Programak Pau Audouard argazkilariari lotutako lanak biltzen ditu, bai eta Fructuós Gelabert, Eduardo Gimeno eta Ignacio Coyne aitzindarienak ere —azken horrek egina da, hain justu, Espainian egindako zinema soinuduneko lehen esperimentuetako bat—.
Atzerabegirakoak arreta berezia eskaintzen die orobat emakumeak protagonista dituzten lehen fikzioei. Askotariko pertsonaiak ikusiko ditugu pantaila handian; konparazio baterako, maitemindutako kontrabandista bat, Tórtola Valencia artista, edo garai hartako telesail zinematografiko ezagunetan inspiratutako heroi abenturazaleak —emakumezkoak, hain justu—. Zinematografoaren lehen urteetan filmatutako dantzek ere toki nabarmena izango dute inaugurazio-ekitaldian.
Filmoteka partaideek elkarlanean garatutako ikerketa-, babes- eta zaharberritze-ekimen gehiago ere bultzatu dira proiektu horren harira, eta horietako batzuk lehenbizikoz emango dituzte jendaurrean Pordenonen. Horien artean daude, esaterako, Segundo de Chomónen titulu berri bat, Bartzelonako garaian egindako lanari buruzkoa; orain arte Kanarietan aurkitu den 28 mm-ko formatu zaharreneko etxeko filma; eta Voluntad que vence (Borondatea garaile, Salvador Castelló, 1919) abenturazko film luzea, Croscat Ramblers jazz-taldearen zuzeneko musika-doinuekin aurkeztuta.
Zuzeneko musika-akonpainamenduari dagokionez, programako saioetan izango dira Caspervek (jatorrizko musika eta moldaketak: Brais González; interpretazioa: Caspervek Ensemble) eta Jaialdiko orkestra egoiliarra (zinema muturako eta zinematografoaren lehen garaietako filmetarako zuzeneko musika konposatzen eta interpretatzen espezializatutako interprete eta sortzaileak, esperientzia handikoak). Haien parte-hartzeak edertu egingo ditu programatutako lan zinematografikoak: ikus-entzuleek emanaldi berezi eta garaikide batez gozatu ahal izango dute, eta, aldi berean, ondare zinematografikoa zabaltzen eta publiko zabalago baten eskura jartzen lagunduko du.
Ondare zinematografikoa zaintzeko, ikertzeko eta zabaltzeko lankidetza
Ekimen horrekin, filmoteka partaideek berretsi egiten dute ondare zinematografikoa zaintzeko, aztertzeko eta zabaltzeko konpromisoa, bai eta artxiboen, erakunde kulturalen eta ikertzaileen arteko lankidetza ere, gure historia zinematografikoko lehenbiziko irudiak berreskuratzeko, aztertzeko eta partekatzeko.
Valentziako Filmoteka, Kanarietako Filmoteka, Mallorcako Soinu eta Irudi Artxiboa, Zaragozako Filmoteka, Nafarroako Filmoteka, Euskadiko Filmategia, Gironako Museu del Cinema -Col·lecció Tomàs Mallol, Kataluniako Liburutegia, Kataluniako Filmoteka, Galiziako Filmoteka, Nafarroako Filmoteka, Andaluziako Filmoteka eta Espainiako Filmoteka orpoz orpo aritu dira elkarrekin lanean atzerabegirako hau posible egiteko.
Proiektuak, gainera, Institut Lumière, Jérôme Seydoux-Pathé Fundazioaren, Frantziako Zinematekaren eta Britainia Handiko Film Institutuaren eta Centre National de la Cinématographie et de l ´image animée erakundearen nazioarteko lankidetza izan du, bai eta Milango Cervantes Institutuaren laguntza ere, lehenengo saioan zuzeneko musikajartzeko.
Irekiera-proiekziorako, CSICeko Giza eta Gizarte Zientzien Espainiako Zentroko Historia Institutuaren Spain on Stage: Dance and the Imagination of National Identity (Espainia taula gainean: dantza eta nortasun nazionalaren irudimena, ERC 2023-CoG 101125179) ikerketa-proiektuaren aholkularitza ere jaso da. Institutu horren partaidetzari esker identifikatu ahal izan dira, hain justu, programan bildutako film askotan ageri diren dantzak eta musikak.
Kataluniako Filmategiak 2019 eta 2025 artean hiru ediziotan bultzatu, koordinatu eta antolaturiko Projectem el passat/Proyectemos el pasado (Proiekta dezagun iragana, 1896-1916) jardunaldien emaitza ere bada atzerabegirako hori. Topaketa haietan, historialariak, programatzaileak, artxibozainak eta kontserbatzaileak elkartu zituzten, kontserbatutako zinema espainiarra elkarrekin ikusteko eta aztertzeko.
Ikerketa hori zabalkunde-ekimen gehiagorekin integratzeari esker, material batzuk Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren (ICAA) PLATFO doako plataforma publikoan jasoko dira urritik aurrera, Espainiako Zinemaren Eguna dela eta. Hala, zabaldu egingo da Espainiako zinemagintzaren eta ikus-entzunezkoen ondarea, eta jende gehiagoren eskura jarriko da.