Urritik abendura bitartean, Klasikoak sailak hamaika film proiektatuko ditu Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen

2026/09/28

Urritik abendura bitartean, Klasikoak sailak hamaika film proiektatuko ditu Gasteizen, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Donibane Lohizunen

Programazioan bilduta daude Casablanca (Michael Curtiz, 1942), Safety Last! -Euli gizona / El hombre mosca- (Fred C. Newmeyer, Sam Taylor, 1923), Yôjinbô -Yojimbo- (Akira Kurosawa, 1961), Queen Kelly -Kelly erregina / La reina Kelly- (Erich von Stroheim, 1929), La ciociara -Dos mujeres- (Vittorio de Sica, 1960), La reine Margot -La reina Margot- (Patrice Chéreau, 1994), El cebo (Ladislao Vajda, 1958) eta Voldtekt -Violación- (Anja Breien, 1971)

Bestalde, Jeanine Meerapfel zuzendari argentinar-alemaniarra La amiga (1988) filma aurkezten izango da Donostian eta Bilbon; eta Gerald Duchaussoy Cannes Classics Programazioko zuzendariak, berriz, The Sugarland Express (Loca evasión, Steven Spielberg, 1974)

Orobat, ikusgai izango da Ander eta Yul (Ana Díez, 1989), Euskadiko Filmategiak eta EITBk Eusko Jaurlaritzaren babesarekin zaharberritu ondoren, eta, kasu honetan, zuzendari tuterarrak berak aurkeztuko du Iruñean, Nafarroako Filmotekarekin lankidetzan

Klasikoak sailak beste hamaika film emango ditu urritik abendura bitartean Gasteizen (Artium Museoa), Bilbon (Arte Ederren Bilboko Museoa), Donostian (Tabakalera), Iruñean (Golem) eta Donibane Lohizunen (Le Sélect). Programa hori Donostia Zinemaldiarekin lankidetzan garatua da. Irailean hasi zen José Giovanniri eskainitako atzerabegirakoarekin eta Zinemaldiaren Klasikoak sailarekin, eta datozen hiru hilabeteetan ere zinemaren historiako titulu handiak deskubritzen edo berrikusten jarraitzea proposatzen du.

Zikloa urriaren 7an hasiko da Gasteizen Casablanca (Michael Curtiz, 1942) filmarekin. Klasiko horretan Ingrid Bergman eta Humphrey Bogart dira protagonista, eta Euskadiko Filmategiak bere historian lehenbizikoz emango du. Programatutako hurrengo filma Safety Last! da -Euli gizona / El hombre mosca- (Fred C. Newmeyer, Sam Taylor, 1923), zinemako eszena ikonikoenetako bat duen pelikula: Harold Lloyd, Los Angeleseko eraikin bateko erlojuaren orratzetik zintzilik; ondoren, Yôjinbô -Yojimbo- (Akira Kurosawa, 1961) filma helduko da: herri batean elkarren kontra diharduten bandoetako bat hautatu beharko duen samurai baten erretratua; hurrengoa, El cebo (Ladislao Vajda, 1958), Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lankidetzan proiektatuko dena eta neskato-hiltzaile suitzar ilun baten historia kontatzen duena.

Lan horietaz aparte, beste zenbait klasiko ere izango dira ikusgai. Horien artean, Queen Kelly -Kelly erregina / La reina Kelly- (Erich von Stroheim, 1929), zazpigarren artearen historiako titulu handienetako bat, Gloria Swanson protagonista duena eta amaitu gabe gelditu zena zuzendariaren eta antzezlearen arteko liskarren ondorioz; La amiga (Jeanine Meerapfel, 1988), Liv Ullman, Cipe Linkovsky eta Federico Luppirekin —bi protagonistek emakumezko antzezle onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu zuten urte hartako Donostia Zinemaldian; Liv Ullmanek lehenbizikoz eraman zuen pantaila handira Maiatzeko Plazako ama bat, eta Jeanine Meerapfel zuzendaria izango da Donostiako eta Bilboko saioak aurkezten -azken hau Zinebiren lankidetzarekin antolatutako pasea da-; eta La ciociara (Dos mujeres, Vittorio de Sica, 1960), Alberto Moraviaren izen bereko eleberriaren bertsio zinematografikoa, zeinean Sophia Loren ikusiko baitugu alabarekin gerrako izugarrikeriatik ihes egin nahian.

Aurtengo Klasikoak edizioak emakumezkoak protagonista dituzten lan gehiago ere programatu ditu: La reine Margot (La reina Margot, Patrice Chéreau, 1994), Isabelle Adjanik antzeztutako Margarita de Valoisen bizitza deskribatzen duen zinema historikoaren erakusgarririk onenetako bat; eta Voldtekt -Violación- (Anja Breien, 1971), Norvegiako sistema judiziala eta polizia-ikerketa xehakatzen dituen filma.

Azkenik, The Sugarland Express -Loca evasión- (1974) proiektatuko da, Steven Spielbergen opera prima, zeinean Goldie Hawn eta senarra legeari ihes egiten saiatuko baitira semea berreskuratzeko. Filma 2024ko Cannes Classics edizioan proiektatu zuten, eta, horregatik, Gerald Duchaussoy Programazioko zuzendaria gonbidatuko dute lan hori Donostian eta Bilbon aurkeztera.

 

ANDER ETA YUL (ANA DÍEZ, 1988)

Azkenik, ikusgai izango da berebat Ander eta Yul (Ana Díez, 1988), euskal zinematografiako film nabarmena, zeina Boloniako L’Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu baitute Euskadiko Filmategiak eta EITBk, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Iruñeko saioa Nafarroako Filmotekan egingo da, eta hantxe izango da zinemagile tuterarra.

Sarrerak egoitzetan bertan eskuratu ahal izango dira, bai fisikoki, bai webgunean.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.