Euskadiko Filmategiak ´Alex de la Iglesia. La pasión de rodar´ argitaratu du

2012/03/13

Jesus Angulo eta Antonio Santamarinak idatzitako liburuak zinema zuzendari bilbotarraren irudia aztertzeaz gain, bere filmografiari errepaso egiten dio.

Euskadiko Filmategiak Alex de la Iglesia. La pasion de rodar liburua argitaratu berri du. Argitalpenaren egileek, Jesus Angulok eta Antonio Santamarinak, errealizadore bizkaitarraren ibilbideari errepaso egin diote 200 orritik gorako elkarrizketa batean. Elkarrizketa hori 2011ko abuztuko lau egunetan zehar burutu zuten, Madrilen.

Elkarrizketaz gain, zinemagilearen lanaren inguruko hitzaurrea, bere filmografia osoa eta bibliografía bat ageri dira. Era berean, liburuak material grafiko ugari biltzen du: filmen fotogramak, errodajeko argazkiak, zuzendariak berak marraztutako story-board-ak, komikiak, ohar eszenografikoak, eta bere album pertsonaleko argazki bitxiak.

Liburua salgai dago bai liburu-dendetan baita Euskadiko Filmategian bertan ere, eta bere prezioa 24 eurokoa da. Argitalpen hau kaleratzea posible izan da Kultura Ministerioko Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak emandako diru-laguntzari esker.

Euskadiko Filmategiak beste hainbat zinemagileri eskainitako liburuak argitaratu ditu lehenagotik, hala nola Pedro Olea, Enrique Urbizu, Julio Medem, Montxo Armendariz, Antonio Mercero, Imanol Uribe, Elias Querejeta, Antxon Eceiza eta Javier Aguirresarobe izan dira hautatuetako batzuk. Webguneko ‘Argitalpenak’ atalean kontsultatu ditzakezu orain arte kaleratutako izenburuak.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.