2012/04/23
Lehen aldiz proiektatuko da ‘Elai-Alai’ filmaren bertsio osoa. Euskadiko Filmategiak bi kopia egin ditu Cinémathèque française erakundean kontserbatzen zen negatiboa oinarri hartuta.
Datorren apirilaren 26an, 16:30ean, ‘Zinema eta Gerra Zibila Euskadin’ zikloko lehen proiekzioa izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. 2012 Fundazioak eta Euskadiko Filmategiak batera antolatutako egitasmoa hiru euskal hiriburuetan izango da 2012ko irailetik azarora bitartean. Bertan, Alain Resnais, Jaime Camino, Helena Taberna, Julio Medem edo Fernando Arrabal bezalako errealizadoreen lanak ikusi ahal izango dira. Ekimena ‘Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea’-ren baitan kokatzen da, Gernika-Lumo, Eibar edota Durango bezalako udalerrietan izandako bonbardaketen 75. urteurrena oroitzeko Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldien baitan.
Lehen proiekzioan ondorengo filmak ikusi ahal izango dira: Guernika (1937), Entierro del benemérito sacerdote vasco José María de Korta y Uribarren, muerto en el frente de Asturias (1937), Semana Santa en Bilbao (1937) eta Elai-Alai (1938). Azken film horren bertsio osoa eta argitaratu gabea proiektatuko da zikloan. Pelikula hori Nemesio Sobrevilak zuzendu zuen Eusko Jaurlaritzaren propaganda zerbitzuak eskatuta. Cinémathèque française erakundean filmaren negatiboa kontserbatzen da, eta Euskadiko Filmategiak negatibo horretatik abiatuta bi kopia egin ditu. Horren berri, Santiago de Pablo EHUko irakasle katedradunak idatzitako Tierra sin paz libururi esker izan zuen Filmategiak.
Elai-Alai
Elai-Alai filmaren bertsio osoak Gernika-Lumon izandako bonbardaketaren ondorengo irudiak (beste zenbait filmazioetan erabiliak izan direnak) islatzen ditu, baina 22 minutuko iraupena duen dokumental osoa, Nemesio Sobrevilak Parisen erbesteratuta zegoela muntatu zuena, ez da inoiz bere osotasunean jendaurrean proiektatua izan.
Lau film horien proiekzioa ondorengo lekuetan errepikatuko da: maiatzaren 3an, 20:30ean, Eibarko Coliseo antzokian; eta, maiatzaren 11n, 20:30ean, Gernika-Lumoko Lizeo antzokian.