2026/11/17
Argazkia: Charles-Antoine Marcotte
Euskadiko Filmategiak azken urteotan zaharberritutako zazpi filmak elkarrekin aurkeztuko dira lehen aldiz Montrealen, Filmategiak berak, Etxepare Euskal Institutuak eta Cinémathèque québécoise-k antolatutako zikloan
Euskal ondare zinematografikoak eta Merina Gris eta EZEZEZ taldeen proposamenek bat egingo dute Montrealen aste honetan, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako bi ekimenen bidez. Cinémathèque québécoise-k atzo eman zion hasiera Euskadiko Filmategiarekin eta Etxeparerekin elkarlanean antolatutako zinema zikloari. Filmategiak zaharberritutako zazpi euskal film biltzen ditu. Bestalde, Merina Gris eta EZEZEZ taldeek M pour Montréal jaialdiaren programa artistikoan eta profesionalean hartuko dute parte, azaroaren 18tik 21era.
Bi ekimenek euskal ondare zinematografikoa eta gaur egungo musika sorkuntza publiko berriengana hurbiltzeko aukera eskaintzen dute. Aldi berean, Quebeceko kultur erakunde eta eragileekin harremanak sendotzeko, truke profesionalak sustatzeko eta nazioarteko lankidetzarako bide berriak irekitzeko balio dute.
Euskadiko Filmategiak azken urteotan zaharberritutako zazpi filmak lehen aldiz bilduko ditu Cinémathèque québécoise-k
Cinémathèque québécoise-k La Cinémathèque basque présente zikloa hartuko du azaroaren 16tik 18ra, Euskadiko Filmategiarekin eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean antolatuta. Programazioak Euskadiko Filmategiak azken urteotan zaharberritutako zazpi filmak bilduko ditu lehen aldiz, Montxo Armendarizen Obaba (2005) filmarekin batera.
Hautatutako filmak honako hauek dira: Tasio (Montxo Armendáriz, 1984), Nafarrako ikazkinak – Carboneros de Navarra (Montxo Armendáriz, 1981), Ander eta Yul (Ana Díez, 1988), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986).
Zikloa atzo hasi zen Tasio filmarekin. 2024an Cannesko Zinemaldian erakutsitako zaharberritutako bertsioa lehen aldiz aurkeztu zen Kanadan. Aurretik, Nafarrako ikazkinak – Carboneros de Navarra dokumentala proiektatu zen. Bertan, Armendarizek Nafarroako mendietako azken ikazkinen bizimodua jaso zuen, eta lan hori abiapuntu izan zuen gerora Tasio fikziozko film luzea egiteko. Zinemagilea emanaldian izan zen, eta jarraian ikusleekin solasean aritu zen. Egun berean, Ana Díezen Ander eta Yul filmaren zaharberritutako bertsioa aurkeztu zen, lehen aldiz, Kanadan.
Gaur, asteartea, Joxean Fernándezek euskal zinemaren historiari eta ondare zinematografikoaren kontserbazioari buruzko solasaldi batean hartuko du parte. Ondoren, Obaba proiektatuko da, Montxo Armendáriz zuzendaria eta Puy Oria ekoizlea bertan direla. Programazioa Hamaseigarrenean aidanez, Oraingoz izen gabe, Ehun metro eta Zergatik panpox filmen zaharberritutako bertsioen emanaldiekin osatuko da. Lan horiek 1980ko hamarkadako euskal gizartearen ikuspegi desberdinak eskaintzen dituzte.
Lankidetza horri esker, Quebeceko publikoak euskal zinemaren historiaren zati esanguratsu bat ezagutzeko aukera izango du, baita ikus-entzunezko ondarea berreskuratzeko eta kontserbatzeko egiten den lana ere. Cinémathèque québécoise-k aurretik ere hartu ditu euskal zinemari eskainitako beste ziklo batzuk, 2021ean eta 2022an, Saison Québec – Pays Basque programaren baitan.
Merina Gris eta EZEZEZ taldeek euskal musika eramango dute M pour Montréal jaialdira
Euskal musikak ere presentzia nabarmena izango du Kanadako eta Estatu Batuetako musika industriaren topagune den M pour Montréal jaialdian. Merina Gris eta EZEZEZ taldeek jaialdiaren programa artistikoan eta profesionalean parte hartuko dute BASQUE. MUSIC. plataformaren eskutik. Euskal musikaren nazioartekotzea sustatzeko egitasmo hori Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dute elkarlanean.
M pour Montréal jaialdiko zuzendaritza artistikoak hautatu ditu bi taldeak, BASQUE. MUSIC. plataformak egindako deialdi irekira aurkeztutako proposamenen artean.
Azaroaren 20an, ostirala, Merina Gris eta EZEZEZ taldeek musika industriako profesionalei zuzendutako showcase bateratua eskainiko dute Quai des Brumes aretoan. Jaialdiko kontzertuen programazioan ere izango dira: Merina Grisek egun horretan bertan joko du Casa del Popolo aretoan, Anyma Ora´ eta papaya noon taldeekin batera. EZEZEZek, berriz, azaroaren 21ean, larunbata, L’Escogriffe aretoan eskainiko du kontzertua, Montrealgo We Are Wolves taldearen aurretik.
Euskal ordezkaritzak jaialdiko topaketa profesionaletan ere parte hartuko du. Horien artean dago azaroaren 19an, osteguna, egingo den Regard sur les Basques harrera ekitaldia, musika industriako ordezkariak bilduko dituena, harremanak sendotzeko eta lankidetzarako aukera berriak aztertzeko.