Ikastetxeak Belodromoan ekimenak 6 eta 11 urte bitarteko 13.000 ikasle gipuzkoar elkartuko ditu hegazti migratzaileekin hegaldia hartzeko eta animalia horien abenturak deskubritzeko

2026/09/03

Ikastetxeak Belodromoan ekimenak 6 eta 11 urte bitarteko 13.000 ikasle gipuzkoar elkartuko ditu hegazti migratzaileekin hegaldia hartzeko eta animalia horien abenturak deskubritzeko

Donostia Zinemaldia eta Donostia International Physics Centerrekin lankidetzan haututako filma Migrazioa, bidaia ahatezina da (Benjamin Renner, Guylo Homsy, 2023)

6 eta 11 urte bitarteko 13.000 ikaslek baino gehiagok Benjamin Rennerrek (Paris, 1983) eta Guylo Homsyk (Paris, 1982) zuzendutako Migrazioa, bidaia ahatezina -Migration- (2023) emanaldiaz gozatu ahalko dute Belodromoan. Zinema eta zientzia uztartzeko jomuga izanik, Ikastetxeak Belodromoan ekimenak hegaztien mundu liluragarrira, animalia horien migrazio-ibilbideetara eta gure inguruko hezegune gogokoenetara hurbilduko ditu Gipuzkoako 80 bat ikastetxetako ikasleak. Sei emanaldi eskainiko dira guztira, irailaren 18an (ostirala) eta 21etik (astelehena) 25era (ostirala) —biak barne hartuta—, goizez den-denak. 2019az geroztik hona, Donostia Zinemaldian programatutako hitzordu honek DIPC Donostia International Physics Center eta Euskadiko Filmategiaren laguntza du, Donostia, zinema-hiria, zientzia-hiria lelopean.

Filma euskarara bikoiztuta emango da Belodromoko pantaila erraldoian, eta euskarazko azpitituluak izango ditu gorrentzat eta entzuteko zailtasunak dituztenen pertsonentzat. Migrazioa, bidaia ahatezina pelikulak Mallard ahate-familiaren bidaia liluragarria kontatzen du. Hainbat urte euren urmaeletik urrundu gabe eman ondoren, urrutiko lurretatik iritsi berri den beste familia baten istorioek Jamaika tropikaleranzko abentura bat egitera animatuko dute Mallard familia, hara iritsi aurretik New Yorketik igarota.

Benjamin Renner marrazkilari, animatzaile eta zuzendari frantziar ospetsua da, ezaguna Ernest et Célestine (2012) eta Le grand méchant renard et autres contes (2017) zuzentzeagatik. Guylo Homsyk, bestalde, Despicable Me (2010), Despicable Me 2 (2013) eta Minions (2015) filmen efektu bisualen eta animazioaren departamentuan lan egin izan du, baita errealizadore gisa sortutako bere lehen filma —Belodromoan emango dena— ere.

Filmaren emanaldiarekin batera aurkezpen original bat eta hainbat ezusteko ere egingo dira. Edorta Unamuno -Urdaibaiko Biosfera Erreserban kokatutako Urdaibai Bird Centerreko (Aranzadi) biologo eta ornitologoak- parte hartuko du. Hala, inguruko paduren garrantzia eta gure padurek hegaztien migrazio-ibilbideetan duten funtsezko zeregina azalduko du Unamunok, batez ere Europaren eta Afrikaren arteko joan-etorrietan. Era berean, Urdaibai Bird Centerrek hegazti txikien jarraipenerako gauzatzen dituen proiektu zientifikoak gertutik ezagutzeko aukera izango dute, halako hegaztien mugimenduak eta migrazioak nola aztertzen diren deskubritzeaz gainera.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko RSAIT Robotika eta Sistema Autonomoen Ikerketa Taldeko Elena Lazkanok gidatutako Pepper robot sozialak ezin zuen kale egin eta urteroko hitzorduan izango da. Ohi bezala, izan ere, tandem paregabea osatuko du Ugaitz Alegria aurkezlearekin batera haurrei zuzendutako festa jendetsu honetan. Eskoletako ikus-entzuleek Belodromoko ikono bihurtu den robot honen aparteko trebetasunez gozatu ahalko dute, aurten ere, Zinemaldian zehar.

Julen Cano diseinatzaileak sortu du Ikastetxeak Belodromoan ekimeneko kartela, Donostiako zeruetan hegan egiten duen hegazti talde bat protagonista duena. Gainera, erakunde antolatzaileen webguneen bitartez, hegaztiak mozteko, koloreztatzeko eta hegan eginarazteko eskulan bat jarriko da eskuragarri. Materiala hemen deskargatu.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.