Argitaratu dute ´Euskal emakume zinemagileak´ liburuaren ingelesezko bertsioa

2026/09/20

Argitaratu dute ´Euskal emakume zinemagileak´ liburuaren ingelesezko bertsioa

Peter Lang argitaletxe espezializatuak eman du argitara Basque Women Filmmakers, Eusko Jaurlaritzaren eta Deustuko Unibertsitatearen laguntzarekin

Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak (Euskal emakume zinemagileak eta Cineastas vascas) 2023an kaleratu zituen Euskadiko Filmategiak

María Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatu du lana, eta lan bakarrean biltzen ditu lehenbizikoz gure zinematografiako funtsezko emakumeei buruzko zenbait saiakera

Peter Lang argitaletxe espezializatuak plazaratu du Basque Women Filmmakers, Euskal emakume zinemagileak liburuaren ingelesezko bertsioa. Eusko Jaurlaritzak finantzatu ditu itzulpena —edukia eguneratuta— eta argitalpena, Deustuko Unibertsitateko Komunikazioa ikerketa-taldeari emandako funtsen bidez. Ingelesezko bertsioa gaur arratsaldean eman da ezagutzera Kursaaleko Prentsa Klubean, Donostia Zinemaldiaren baitan. Ekitaldian María Pilar Rodríguez; Joxean Fernández, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; eta Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea izan dira.

Euskadiko Filmategiak 2023ko urtarrilean aurkeztu zituen Euskal emakume zinemagileak eta haren gaztelaniazko bertsioa. María Pilar Rodríguez Deustuko Unibertsitateko irakasleak koordinatu zuen lan hura, zeinak lan bakarrean jaso baitzituen euskal zinematografiako funtsezko emakumeei buruzko zenbait saiakera.

Liburuaren xedea da euskal zinemaren berri ematea, eta horretarako abiapuntu gisa hartzen ditu euskal emakume zuzendariek askotariko genero eta formatuetan eginiko filmak. Era berean, xehe-xehe aztertzen ditu proiektu artistiko horiek, alderdi akademikoei ez ezik dibulgazioari ere erreparatuta. Orain, ingelesera itzuli dute David Couryk eta María Pilar Rodríguezek, eta Peter Lang argitaletxearen webgunean eros daiteke.

Argitalpenak lau zati nagusi ditu: Ikuspegi globalak, Generoak, formatuak eta moldaketak, Ekoizpena, distribuzioa eta harrera eta Hiru emakume zinemagile. Lehenengoak (Ikuspegi globalak), euskal emakume zuzendarien film-ekoizpena lantzen du hainbat ikuspegitatik: gaiak, generoaren errepresentazioa eta haien filmen dibertsitate estetikoa eta formala. Bigarrenak (Generoak, formatuak eta moldaketak), euskal emakume dokumentalgileen begirada aztertzen du eta, halaber, Kimuak programak egindako lana; horrez gainera, nazioz gaindiko ekoizpenak eta literatura-obren egokitzapen zinematografikoak ere esploratzen ditu. Hirugarrenean (Ekoizpena, distribuzioa eta harrera), elkarte eta zinemaldi batzuek emakumeek egindako zinema bultzatzeko eta hari ikusgarritasuna emateko egindako ahaleginak biltzen dira; eta laugarrenak, berriz (Hiru emakume zinemagile), euskal zinemako hiru figura nabarmen ditu ardatz: Ana Díez, Helena Taberna eta Yannick Bellon.

Autore espezializatu hauek parte hartu dute zati bakoitzean: Carlos Roldán Larreta, Casilda de Miguel, Iratxe Fresneda, María Marcos Ramos, Nekane E. Zubiaur, Ainhoa Fernández de Arroyabe, Iñaki Lazkano, Cristina Ortiz Ceberio, María Pilar Rodríguez, María José Olaziregi Alustiza, Javier Sánchez Zapatero, Izaskun Arandia Galarraga, Ana Gutiérrez, Elena San Julián, Pilar Martínez-Vasseur, Annabel Martín eta Luisa Etxenike.

Joxean Fernández Euskadiko Filmategiko zuzendariaren hitzetan, liburu horrek ingelesezko bertsioa izatea “mugarri bat da gure argitalpenen historian, lehenbizikoa baita ingelesez ematen eta argitaratzen. Eskerrak eman nahi dizkiogu koordinatzaileari, inplikazio irmoz eta zorrotz aritu baita, eta eskerturik gaude, era berean, kapitulu bakoitza idatzi dutenekin ere, eskainitako lankidetza ezinbestekoagatik. Horrekin batera, noski, ospatu egin nahi dugu liburu honetako protagonisten talentua: euskal emakume zinemagileena, alegia”.

Bestalde, María Pilar Rodríguezek azpimarratu duenez, “Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako unibertsitateetan bada euskal zinemaren inguruan lanean ari den ikertzaile-talde zabal bat, ingelesez argitaratu ohi duena; liburu hau itzulita edukitzeak erraztu egingo die, dudarik gabe, bertan jasotako ekarpenak eta jakintza eskuratzeko bidea”. “Liburua eguneratu dugunean, pozez egiaztatu dugu nolako aurrerapausoak egin dituzten euskal emakume zinemagileek eta nola egin duen euskal zinemagintzak berdintasunerantz azken urteotako estreinaldiei, sariei eta aintzatespenei esker. Euskal emakume zinemagileen talentua eta konstantzia erabakigarriak izan dira gure zinematografia aberasteko eta euskal zinemagintzaren ikuspegiak zabaltzeko, bai gaiei, bai alderdi estetiko eta formalei dagokienez. Espero dugu ingelesezko edizio honek publiko zabalago baten eskura ipintzea emakumeon ibilbideak eta lanak, eta, era berean, laguntzea euskal zinemaren eta euskal emakume zuzendarien presentzia sendotzen nazioarteko esparru akademikoan eta kulturalean”, gaineratu du.

Andoni Ituberen ustez, “euskal zinemagintza sormen eta nazioarteko aitortza handiko unea bizitzen ari da, eta lorpen horretan ezinbestekoa izan da emakume zinemagileen ekarpena”. “Haiek mundua ikusteko eta kontatzeko modu propioak ekarri dizkiote gure zinemari, kontakizunak aberastuz eta ikuspegi berriak irekiz. Basque Women Filmmakers liburuaren ingelesezko argitalpenak, gainera, aukera paregabea eskaintzen du euskal kultura eta euskal zinemagintzaren ekarpena nazioartean ezagutarazteko eta mundu osoko irakurleengana hurbiltzeko”, esan du.

Peter Lang International Academic Publishers nazioarteko argitalpen-talde entzutetsu bat da, gizarte-zientzietan eta humanitateetan espezializatua. Lausanan (Suitza) du egoitza nagusia, eta bereziki nabarmentzen da monografia akademikoak, unibertsitate-testuliburuak eta aldizkari zientifikoak hizkuntza ugaritan argitaratzeagatik.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.