Euskadiko Filmategiak Casablanca (Michael Curtiz, 1942) pelikularekin inauguratuko du urrian Klasikoak zikloa Gasteizen, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Donibane Lohizunen

2026/09/01

Euskadiko Filmategiak Casablanca (Michael Curtiz, 1942) pelikularekin inauguratuko du urrian Klasikoak zikloa Gasteizen, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Donibane Lohizunen

Jaime Chávarriren El desencanto filmak emango dio hasiera Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailari, Lisa Cholodenko, Milos Forman, Pere Portabella, Jacques Tati, Fernando Trueba, Andrzej Vajda eta Agnes Vardaren film luzeak berreskuratuko dituenari

Donostia Zinemaldian Ander eta Yul (Ana Díez, 1988) proiektatuko da, Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberrituta

José Giovanniri buruzko atzerabegirakoak egileak zuzendari edo gidoigile gisa egindako 20 film barne hartuko ditu

Euskadiko Filmategiak Casablanca (Michael Curtiz, 1942) pelikularekin inauguratuko du urrian Klasikoak zikloa Gasteizen, Iruñean, Donostian, Bilbon eta Donibane Lohizunen. Zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen dituen ekimena ezagutzera eman dute gaur Tabakalerako zinema-aretoan Donostia Zinemaldiko eta Euskadiko Filmategiko arduradunek, José Luis Rebordinosek eta Joxean Fernándezek, hurrenez hurren. Elkarrekin aurkeztu dituzte Klasikoak ekimena osatzen duten hiru programazioetako kartelak: Zinemaldiaren izen bereko saila, haren atzerabegirako klasikoa (edizio honetan José Giovanni zuzendari eta gidoigileari eskainia) eta Donostia Zinemaldiarekin batera antolatutako hiru hilabeteko zikloa, urte honetatik aurrera urrian hasiko dena.

Hala, irailetik abendura bitartean 40 film eskainiko dira Klasikoak markaren pean, film klasiko nola zahar hala modernoen 101 emanalditan banatuak; gainera, film ospetsuak ez ezik, aurkikuntzak ere bilduko ditu sailak.

Klasikoak —denboran eta espazioan hedatutako zinema klasikoko jaialdi gisa sortua— ez dago “nostalgia-ariketa soil gisa” planteatuta. Izan ere, Rebordinosen hitzetan, “iraganeko zinema gaur egungo begiekin ikustea proposatzen dugu, pelikulek ez direlako aldaezin geratzen. Are gehiago, litekeena da emanaldi berri bakoitzean gure begiratzeko modua aldatuz joatea, eta, horren ildotik, duela 50 edo 60 urteko klasiko bat baliteke gaur egunean oso indarrean dirauten gaiez mintzatzea; horregatik, galdera berriak egiteko balio dute maiz”.

 

Klasikoak zikloak aurrera jarraitzen du urritik abendura

Klasikoak Casablanca (Michael Curtiz, 1942) filmarekin hasiko da urrian. Euskadiko Filmategiak, izan ere, lehenbizikoz emango du filma. Protagonistak —Ingrid Bergman eta Humphrey Bogart— dira aurtengo kartelaren irudiak. Joxean Fernándezen —Euskadiko Filmategiko zuzendariaren— hitzetan, “Casablanca benetako klasikoa da Hollywoodeko klasikoen artean. Hungariar batek zuzendu zuen eta suediar bat eta estatubatuar bat ditu protagonista, nazioarteko hainbat aktorez eta antzezle sekundario ugariz gain. Casablancaren eszenaratzeak eta elkarrizketek berebiziko arnasa erromantikoa lortzen dute, uste oso antifaxistak agerian uzteaz gainera. Pelikula sekula ikus ez duenarentzat, XXI. mendean pantaila handian eta jatorrizko bertsioan deskubritzea esperientzia intimo ahaztezina izan beharko litzateke; kondizio horretan berrikusteak, berriz, zera ekarri beharko luke, berriz sentitzea talentuaren eta ausaren dosi sekretu eta zehatz jakin batzuek baino ezin dutela sortu perfekzioa”.

Era berean, ekimen partekatu horren garrantzia azpimarratu du Fernándezek: “Donostia Zinemaldiarekin eta beste zinemateka batzuekin lankidetzan aritzeak nabarmen sendotzen du gure lan-sarea, bai hemen, bai nazioartean. Horrelako aliantzei esker, euskal ikus-entzuleengana zinemaren klasiko handiak hurbiltzen jarrai dezakegu. Klasikoak sailak gogorarazi egiten digu, zinema-esparrurako, Nuccio Ordine filosofo eta irakasleak literaturan klasikoei buruz beti idatzi izan duen hori: natura bizia eta denboragabea dute, bizitzeko artea irakasten digute, errealitateari buruzko begirada analitikoa lantzen laguntzen digute eta jakin-mina pizten digute, enpatia lantzen laguntzeaz gain.

Casablanca (Michael Curtiz, 1942) urriaren 7an emango da Gasteizen (Artium Museoa), 8an Iruñean (Golem), 9an Donostian (Tabakalera), 10ean Bilbon (Arte Ederren Bilboko Museoa) eta 12an Donibane Lohizunen (Le Sélect).

Programa osoa —hamaika filmak eta hainbat aurkezpen barne hartuko dituena— irailaren amaieran iragarriko da.

 

Klasikoak Donostia Zinemaldian

Donostia Zinemaldiko Klasikoak sailaren inaugurazioak Jaime Chávarriren El desencanto (1976) filmaren erreparaziorako ekintza gisa balioko du. Film hori ez zen azkenean Donostia Zinemaldiaren 24. edizioan lehiatu, filmaren arduradunek programaziotik atera zutelako, Guardia Zibilak Josu Zabala manifestaria erail zuela salatzeko. Irailaren 27ra arte, horrekin lotuta, filmari buruzko erakusketa bat egongo da ikusgai Tabakaleran, eta erakusketa horretan agerian geratuko filma programaziotik ateratzeko ekintza hori zein lagungarria izan zen Zinemaldia demokratizatzeko. Panero familiaren analisi xehatu garrantzitsu hori sortu ondoren, Chávarri A un Dios desconocido (1977, Kantauriko Perla Saria) filmarekin itzuli zen lehiaketara, film hauek zuzentzeaz gainera: Las bicicletas son para el verano (1984), Las cosas del querer (1989), Besos para todos (Made in Spanish, 2000) eta Camarón (Belodromoa, 2005).

High Art (1998), aldizkari-enpresa txiki bateko neska bekadun bat eta emakume argazkilari drogazale baten amodioa kontatzen diguna, Lisa Cholodenko (Los Angeles, 1964) zinemagileak idatzi eta zuzendutako lehen film luzea izan zen; geroago Laurel Canyon (2002), Cavedweller (2004) eta The Kids Are Alright (2010) pelikulak zuzendu zituen. Estatubatuarraren lehen obra Sundancen lehiatu zen (gidoi onenaren Waldo Salt saria), Cannesko Quinzaine des cinéastes atalean parte hartzeaz gainera.

Sailak, gainera, Ana Díezen (Tutera, 1957) Ander eta Yul (1988) filmaren emanaldia ere bilduko du, bere egunean jada jakinarazi zen bezala. Euskadiko Filmategiak eta EITBk zaharberritutako bertsio bat izango da oraingoan; euskal zinematografiako obra nabarmengarria —4K formatuan emango dena—, horrenbestez, Zinemaldian izango dugu berriro 38 urte geroago (Zabaltegi-New Directorsen estreinatu zen orduan, eta zuzendari berri onenaren Goya saria beretu zuen).

One flew over the cuckoo’s nest filmean (1975), Miloš Formanek (Čáslav, 1932 - Danbury, AEB, 2018) osasun-etxe batera bidalia izateko eromena alegatzen duen delitugile baten istorioa kontatzen digu. Filmak bost Oscar sari lortu zituen, hala nola film, zuzendari eta gizonezko aktore onenenak (Jack Nicholson aktorearentzat), emakumezko aktore onenarenaz gain (Louise Fletcher). Bere lehen filmak jaiotzazko Txekoslovakian zuzendu ondoren, 1968an AEBn erbesteratu zen Forman, eta han zuzendu zituen Amadeus (1984), The People vs. Larry Flynt (1996) eta Man on the Moon (1999), besteak beste. Espainian Goya’s Ghosts (2006) filmatu zuen, Javier Bardem egonik aktore-zerrendan.

Irakasle batek, idazle batek eta orkestra-zuzendari batek koktel batean kointzidituko dute Pere Portabellaren (Figueres, 1927) Pont de Varsòvia filmean (1989); egilea Cannesko azken Quinzaine des cinéastes atalean azkenekoz izan zen lan horrekin, Nocturn 29 (1968), Vàmpir-Cuadecuc (1970) eta Umbracle (1972) filmen ondoren. Zinemagile katalana 2024an izan genuen Made in Spainen Hay motivo film kolektiboaren El plan hidrológico zatiarekin.

Parade (1974) Jacques Tatiren (Le Pecq, 1907 - Paris, 1982) azken film luzea izan zen, eta Cannesen lehiaz kanpo estreinatu eta 42 urtera ikusi ahalko dugu oraingoan Zinemaldian. Bere azken lan honetan, Jour de fête (1949), Les Vacances de Monsieur Hulot (1953) eta Mon oncle (1958) klasikoen zuzendariak music-hallari heldu zion berriz Suediako telebistarako lan honetan (Stockholmen dago girotuta pelikula), ospea eman zioten mimo-ikuskizunak berreskuratuz hala.

Chicho o mientras el cuerpo aguante: una comedia didáctica (Sail Ofiziala, 1982) Chicho Sánchez Ferlosio kantautore eta filosofoaren bizitzari buruzko ez-fikziozko film luzea dugu, bere erresistentzia-abestien bitartez. Fernando Truebaren (Madril, 1955) bigarren film luzea da. Nazioarteko film onenaren Oscar saria irabazi zuen Truebak Belle époque (1993) filmagatik, eta aurten beste film musikal bat aurkeztuko digu, gainera, Donostian: Bajañí, Sail Ofizialeko Emanaldi Berezi gisa lehiaz kanpo programatua.

Zinemaldiak, bestalde, Niewinni czarodzieje / Innocent Sorcerers (1960) erakutsiko die ikus-entzuleei berriz. Gerraostearen garaiko Poloniako hiriguneetako gazteen deskribapen intimo hau 1961ean Donostiako Zinema Eskolen II. Nazioarteko Jardunaldietan parte hartu zuten filmetako bat izan zen. Andzrej Wajda zinemagile poloniarra (Suwałki, 1926 – Varsovia, 2016) Sail Ofizialean lehiatu zen Wesele filmarekin (1973, zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra), baita Dyrygentekin (FIPRESCI Saria, 1980) eta Człowiek z żelazarekin ere (1981, Urrezko Palma Cannesen eta Oscar sarietarako izendatua).

Klasikoak sailean ikus ahalko da, baita ere, Sans toit ni loi / Vagabond (1985), Urrezko Lehoiaren eta FIPRESCI Sariaren irabazlea Venezian, Agnès Varda (Ixelles, Belgika, 1928 - Paris, 2019) nouvelle vagueko aitzindariak zuzendua. Frantzia Hegoaldeko zanga batean izoztuta agertutako neska gazte arlote baten azken asteak kontatzen dizkigu filmak. Zinemagile belgikarraren filmografian honako hauek nabarmentzen dira: Cléo de 5 à 7 (1962), Cannesen lehiatua; Daguerréotypes, 1978an Donostia Zinemaldiko Emakumeek Zuzendutako Zinema izeneko zikloan sartua; Les plages d’Agnès (2008), “.doc-Ez-fikzioaren bide berriak zikloan sartua (Zinemaldia, 2010); eta Visages, Villages (Jean “JR” Renérekin batera zuzendua, 2017), dokumental onenaren Oeil d’Or Cannesen, Oscar sarirako izendatua eta Donostian 2017an emana, Vardak Donostia Saria jaso zuenean.

 

José Giovanniri buruzko atzerabegirakoa

Duela gutxi iragarri zen bezala, 1960tik 2001era bitartean estreinatutako 20 film luzez osatuta egongo da José Giovanni zinemagile, gidoigile eta eleberrigile frantsesari eskainitako atzerabegirakoa. Zehazki, Giovannik zuzendari gisa egindako ia obra osoa berreskuratuko du Donostia Zinemaldiak 74. edizio honetan, ahaztu gabe Jacques Becker, Jean-Pierre Melville, Jacques Deray, Claude Sautet, Henri Verneuil, Robert Enrico eta beste errealizadore batzuentzat idatzitako zortzi lan ere.

Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatua Espainiako Filmategiarekin lankidetzan, zikloan José Giovanni. No hay vida plena sin piedad liburua argitaratuko da. Felipe Cabrerizo da liburuaren idazlea, eta Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kidea, berriz, editorea.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.