2025/06/30
Gainera, beste bi proiekzio ere izango dira: Legacy (Manal Masri, 2025) eta Soundtrack to a Coup D’État -Banda sonora para un golpe de estado- (Johan Grimonprez, 2024)
Jazzinemaren bederatzigarren edizioa ostegunean hasiko da Artium Museoan Köln 75 filmaren (Ido Fluck, 2025) aurrestreinaldiarekin. Alemaniak, Poloniak eta Belgikak koproduzitua, filmak Vera Brandes du protagonista nagusi, zeinak musikaren historiako bakarkako kontzerturik ospetsuenetako bat antolatu baitzuen 1970eko hamarkadan: Keith Jarrettek Kolonian eman zuen kontzertua. Berlingo Zinemaldian estreinatu zen filma, eta Donostian, Iruñean eta Gasteizen aurkeztuko da orain; Donostian eta Iruñean, Begona del Teso film-kritikariak egingo du aurkezpena, eta Arabako hiriburuan, berriz, Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazzaldiaren zuzendariak.
Halaber, Euskadiko Filmategiak The Conversation -Elkarrizketa- (Francis Ford Coppola, 1974) film klasiko modernoa berreskuratuko du, zeinak kontatzen baitu nola magnate batek detektibe bat kontratatzen duen bere emazteak ustez langile batekin duen harremana iker dezan. Gene Hackman aktore hil berria da protagonista, baina ez soilik filmarena, baita aurtengo zikloko kartelarena ere, saxoa jotzen ageri baitzaigu han.
Legacy (Manal Masri, 2025) Danimarkako CPH: DOX dokumental-jaialdian estreinatu zen, eta, zinema dokumentaleko beste zenbait jaialditan parte hartu zuen gero. Filmak bidaia bat proposatzen digu 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetako Eskandinaviara, jazzaren gune garrantzitsu bihurtu baitzen urte haietan. Baina jazz musikaren izar eta izen ezagunen seme-alaben bidez egiten du bidaia hori, besteak beste Dexter Gordon, Don Cherry, Sahib Shihab, Joe Harris eta Quincy Jones-en seme-alabak baitira arrazismoa, segregazioa eta aktibismo politikoa hizpide dituen film honetako protagonistak. Donostiako aurkezpena Miguel Martín Jazzaldiko zuzendariak egingo du.
Zikloa amaitzeko, Soundtrack to a Coup d’État -Banda sonora para un golpe de estado- (Johan Grimonprez, 2024) aurkeztuko da, zeinak jasotzen baitu nola sartu ziren Abbey Lincoln eta Max Roach musikariak 1961ean Nazio Batuen Segurtasun Batzordeko bileran Patrice Lumumba Kongoko liderraren hilketa salatzeko. Iaz estreinatu zen Sundancen, eta Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean programatu zuten gero dokumentala.
Film guztiak uztailean proiektatuko dira Artium Museoan (Gasteiz), Tabakaleran (Donostia) eta Golem Yamaguchin (Iruñea). Nafarroako hiriburuan sanferminen ostean hasiko da zikloa, eta abuztuaren 11ra arte luzatuko da. Azkenik, Le Sélect zinema-aretoetan (Donibane Lohitzune) zikloa osatzen duten lau filmetako hiru ikusteko aukera izango da: Köln 75 -Au rythme de Vera- (Ido Fluck, 2025), Soundrack to a Coup D’État -Bande-Son pour un Coup D’État- (Johan Grimonprez, 2024) eta Legacy (Manal Masri, 2025). Sarrerak proiekzio-leku bakoitzeko leihatiletan eta webguneetan egongo dira salgai.