2015/11/05
Elías Querejetak ekoitzitako Los Desafíos (1969) filma zuzendu zuen, Erice eta Guerín-ekin batera
Euskadiko Filmategiak Víctor Ericeri eskainiko dio Tabakaleran izango duen programazio berriaren lehen atzera begirakoa eta lehen saioa, ostegun honetan, azaroaren 5ean, 19:00etan izango da. Gonbidatu berezia izango du saio honek; hain zuzen, José Luis Egea zuzendari donostiarrak aurkeztuko du Víctor Ericerekin eta Claudio Guerín-ekin batera zuzendu zuen Los desafíos filma.
Ericerekin izan zuen harremana urrutitik zetorren: Donostiako Marianistas eskolan mahaikideak izan ziren 7 urte zituztenetik. Universidad Complutenseko Zientzia Politikoen eta Ekonomikoen Fakultatean elkar topatu zuten berriro denboraldi labur batez, Madrilgo Zinema Eskola Ofizialean lau urtez elkarrekin egon aurretik. Frankismoaren errepresioa testuinguru gisa zutela, zinemari buruzko eztabaida sakonen urteak izan ziren haiek. Egea izan zen, zinema eskola hartan ikasten ari ziren Antxon Ezeiza, Santiago de Miguel eta Ericerekin batera, “Grupo de San Sebastián” deitu zuten horretako kideetako bat. Guztiek elkarrekin idatzi zuten Ezeizak zuzenduko zuen lehen film luzearen, El próximo otoño (1963) filmaren, gidoia.
Los desafíos (1969) Elías Querejetak ekoitzitako filma izan zen, hiru zatitan banatuta zegoen, Rafael Azconak gainbegiratutako gidoiekin. Derrigorrez, Dean Selmier aktoreak protagonista izan behar zuen, Bill Boone-ren, filmaren beste ekoizlearen, lagun eta bazkidea zelako. Talde teknikoa, Elías Querejetak erabiltzen zuen ohiko lan-taldea izan zen, Egeak berak esan zuenez “oso pozgarria zen hori, profesional bikainak zirelako”. Egearentzat bere atala zuzentzea “niretzat oso garrantzitsua zen gauza bat intentsitate guztiarekin bizitzea izan zen. Lanbide honen alde ederrak eta miseriak ezagutu nituen. Zinema zuzentzearen plazerra eta sufrimentua ezagutu nituen, biak ala biak oso indartsuak”. Filmak Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra irabazi zuen.
Egeak oso lotuta jarraitu du zinemaren eta telebistaren munduarekin. Telebistarako telesailak eta hainbat film labur dokumental (ikastolei eskainitako Ikuska sailaren lehenengo atalaren zuzendaria da) zuzendu ditu. Honez gain, José Luis Balbínen La Clave telesail historikoarentzat Hilos de una trama dokumentala errodatu zuen bideoan. Egeak Euskadiko Filmategiari esan zionez “dokumental hau Espainiar Estatua NATOn sartzearen inguruan eztabaidatu zuten programan emititu zuten eta programa bertan behera uztea ekarri zuen horrek”.
Zuzendari donostiarra Madrilen bizi da, baina oso harreman estua du Euskal Herriarekiko. Azken urteotan bi film luze martxan jartzen saiatzen ari da bere jaioterrian. Orain, bere hasieretako erronka zinematografiko bat aurkeztera dator, Euskadiko Filmategiaren programazioaren hasiera izango dena, hain zuzen ere. Erice azaroaren 9an iritsiko da Donostiara, Tabakaleran eskainiko duen zinema tailerra hasteko, bere atzera begirakoaren zenbait film aurkezteko eta Pedro Costa portugaldarrarekin, Euskadiko Filmategiak Donostia 2016ren laguntzarekin antolatu duen “Zinema solasaldiak” zikloaren lehendabiziko saioan parte hartzeko.