Euskadiko Filmategiak bere programazio egonkorra hastearen garrantzia nabarmendu du Víctor Ericek

2015/11/11

Zinemagile donostiarrak gaur goizean aurkeztu du Euskadiko Filmategiak antolatutako bere lanari buruz orain arte egin den atzera begirako osatuena.

Víctor Erice zuzendari donostiarrak gaur goizean aurkeztu du azaroan zehar Euskadiko Filmategiak eskainiko dion programazioa. Hedabideekin izan duen aurkezpenean, zuzendariak “Euskadiko Filmategiak bere programazio iraunkorra hasteak duen garrantzia” azpimarratu nahi izan du. Azken lau hamarkadetan ikus-entzunezko euskal ondarea gorde eta kontserbatu duen erakundeak, bere fondoak edo beste ziklo zinematografiko batzuk programatzeko pantaila egonkor bato rain arte ez izatea “eskandalua” izan dela esan du Ericek. Berak azaldu duenez “gu bezalako zaletuok kilometro asko egin behar izan ditugu Parisa joateko eta Henri Langloisen Cinémathèque Françaisen gure inguruan ikusi ezin genituen filmak ikusi ahal izateko”.

Ericek bere lanari buruz “orain arte egin den atzera begirako osatuena” aurkeztu du gaur. Halaber, “Memoria y sueño” filmeko kapituluetako bat den “Le mépris” filma aurkeztu du. Film honen mundu mailako estreinaldia izango da azaroaren 26an 19:00etan.

Atzera begirakoaz gain, Tabakalerarekin elkarlanean antolatu den zinema tailerra aurkeztu du zinemagileak. “Documental y ficción: un acercamiento a la doble naturaleza del cine” izeneko tailerrean 30 ikasle ari dira aste osoan zehar Ericeren azalpenak entzuten. Azaroaren 14ean, larunbatean, Ericek eta Pedro Costa zuzendari portugaldarrak “Zinema Solasaldiak” izeneko ekitaldien lehen saioa egingo dute. Euskadiko Filmategiaren eta Donostia 2016ren artean antolatutako elkarrizketa hauetan euskal zinemagileek eta europarrek hartuko dute parte.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.