Euskadiko Filmategiak bere programazioa abiatuko du azaroan Tabakalerako egoitza berrian, Víctor Erice protagonista hartuta

2015/10/09

Hogeita hamazazpi urte baino gehiagoko historiarekin, Euskadiko Filmategiak azaroan inauguratuko du bere zinema programazio egonkorra Tabakalerako egoitza berrian. Víctor Erice izango da hilabeteko protagonista eztabaidaezina; izan ere, zinemagile donostiarrari eskainitako atzera begirakoa programatuko da. Gainera, Euskadiko Filmategiak esparru berri honetako ibilbidea bi erakunderen lankidetza estuarekin abiatuko du; batetik, zinemagileak eskainiko duen zinema tailerra antolatuta Tabakalerarekin batera, eta, bestetik, Donostia 2016ren Elkarrizketak egitasmoaren ildoan Euskal Herriko eta Europako zinemagileen arteko zinemari buruzko solasaldiak abian jarrita. Horietan lehena izango da El espíritu de la colmena filmaren zuzendariak Pedro Costa zinemagile portugaldarrarekin izango duen hizketaldia. 

Ericek zuzendari gisa egindako lana bere osotasunean ikusi ahal izango da Tabakalerako zinema areto berrian azaroaren 5etik 26ra. Zehazki, zazpi emanaldi izango dira (bat gehiago Pedro Costaren azken lanaren proiekzioa kontuan hartuta):

  • Azaroak 5, 19:00etan: Los desafíos
  • Azaroak 6, 19:00etan: El espíritu de la Colmena
  • Azaroak 12, 19:00etan: El sur
  • Azaroak 13, 19:00etan: El sol del membrillo
  • Azaroak 13, 22:00etan: Centro histórico
  • Azaroak 14, 19:00etan: Cavalo dinheiro (Pedro Costa, 2014) (Tabakaleraren Zine Garaikidea programaren baitan)
  • Azaroak 19, 19:00etan: Erice-Kiarostami: correspondencias
  • Azaroak 26, 19:00etan: Alumbramiento, Ana, tres minutos, Memoria y Sueño eta La Morte Rouge

Bestalde, Ericek zinemari buruzko tailer bat eskainiko du Documental y ficción: un acercamiento a la doble naturaleza del cine izenburupean. Tailerra azaroaren 9 astelehenetik azaroaren 13 ostiralera eskainiko du, Tabakalerako Z aretoan. Tailerraren ordutegia, egunero, 09:30etik 13:45era izango da. Izen-ematea publiko guztiari dago irekita, eta matrikulak 50 euroko balioa izango du. Izen-emateak Tabakalerako web orriaren bidez egin behar dira, CVa eta motibazio gutuna bidalita, urriaren 30a (12:00ak aurretik) baino lehen. Azaroaren 2an jakinaraziko da onartuen zerrenda (gehienez 30 pertsonentzako lekua dago).

Bestalde, Euskadiko Filmategiak Donostia 2016ren Elkarrizketak egitasmoarekin lankidetza ildo bat zabaldu du. Ekimen hori Europako Kultur Hiriburua bere inguruko kultur programatzaileekin solasean jartzeko diseinatua izan da. “Elkarrizketa” horren ondorio gisa, Euskadiko Filmategiak eta Donostia 2016k “Zinema solasaldiak” egitasmoa erditu dute; hau da, Euskal Herriko eta Europako zinemagileen arteko topaketa sorta bat, 2016an jarraipena izango duena. Hasteko, Víctor Ericek beste zuzendari handi batekin solas egingo du; Pedro Costa portugaldarrarekin, hain zuzen. Bi zuzendariek izango duten solasaldian, funtsezkoa izango da bi zinemagileen arteko laguntasuna eta konplizitatea. Ekitaldia publiko guztiari dago irekita, eta azaroaren 14ean (17:00etan) izango da Tabakalerako Z aretoan.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.