2016/10/21
Ekitaldia urriaren 21ean, 18:00etan, izango da Tabakalerako Z Aretoan.
ZINEMA SOLASALDIAK
DSS2016EUren Elkarrizketak egitasmoak hartu-emanaren ideiaren inguruko jarduera konkretuak sortzea du helburu. Zehazki, Europako Kultura Hiriburutzako balioak Donostian dagoeneko abian dagoen kultur agendan txertatzea du xede. Euskadiko Filmategiak, 1978an sortu zenetik, bere egoitza Gipuzkoako hiriburuan izan du kokatuta; eta, 2015eko irailean, Tabakalerara lekuz aldatu zen. Hala, ibilbide berri bat abiatu du, egiteko berri bati aurre eginda: zinema programazio iraunkor bat ezartzea Tabakalerako zinema aretoetan eta horren inguruko ekitaldiekin osatzea eskaintza, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eskaintzen dituen instalazioei esker.
Testuinguru honetan kokatu behar da ‘Zinema solasaldiak’ egitasmoa. Ekimen honen helburua euskal eta europar zinemagileen arteko jendaurreko topaketak antolatzea da. Ekitaldi horiei esker, protagonistek zinemagintza alorreko esperientziak eta iritziak partekatzen dituzte, bai Europako ekoizpen zinematografikoaren testuinguru orokorrari dagokionez eta baita zinemagileen filmografia berari dagokionez ere. Hala, arrazoi batengatik edo beste batengatik puntu komunak dituzten zinema zuzendariak hautatzearen aldeko saiakera egiten da.
Azkenik, topaketa horien inguruko ekitaldi osagarriak antolatu ohi dira, batik bat zinemagileen filmografiako pelikulen proiekzioak antolatuta.
LAUGARREN TOPAKETA: JUANMA BAJO ULLOA-AGUSTÍ VILLARONGA
‘Zinema solasaldiak’ ekimeneko lehen topaketa Víctor Erice zinema zuzendari euskaldunaren eta Pedro Costa portugaldarraren artekoa izan zen, 2015eko azaroan. Bigarren topaketan Montxo Armendáriz euskaldunak eta Laurent Cantet frantsesak parte hartu zuten, 2016ko apirilean. Azkena, berriz, joan den uztailean ospatu zen. Bertan, Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe (Sra. Polaroiska) zuzendari euskaldunak eta Ulrike Ottinger zuzendari alemaniarra aritu ziren solasean.
Laugarren topaketa urriaren 21ean, 18:00etan, izango da Tabakalerako Z Aretoan. Kasu honetan, Juanma Bajo Ulloa zinemagile euskalduna eta Agustí Villaronga zinemagile katalana ariko dira. Bi errealizadoreek apenas ezagutzen zuten elkar, El manso-ren proiektuan topo egin zuten arte. Liskar bat eragin zezakeen afera azkenean topaketa zoriontsu bilakatu zen; batetik, bi zinemagileek elkarri zioten begirunearengatik, eta bestetik, Villarongak bere adiskide Bajo Ulloarekiko azaldu zuen elkartasunarengatik. Ez da harritzekoa, beraz, berriro ere elkartzea zinemaz hitz egiteko; izan ere, zinemaren inguruko ikuspuntua, erritmoa, iluntasuna, bide susmagaitzak eta ez hain ikusezina den haria partekatzen dituzte. Ekitaldiaren ondoren, Camino a Baeza (Juanma Bajo Ulloa, 2012) eta El testament de la Rosa (Agustí Villaronga, 2015) filmak aurkeztuko dituzte Tabakalerako 1 zinema aretoan.
Aldi berean, Juanma Bajo Ulloari buruzko atzera begirakoa izango da Donostian eta Gasteizen.
Bukatzeko, Mariano Casanova Distrito 14 taldeko abeslari ohiak azaroaren 10ean, 21:00etan, Tabakalerako Kutxa Kultur Klubean (Donostia) eskainiko duen kontzertua ere azpimarragarria da. Horren aurretik, Historia de un grupo de rock filma proiektatuko da Tabakalerako 1 zinema aretoan. Distrito 14 taldearen historia kontatzen duen filma Juanma Bajo Ulloak zuzendu zuen 2008an.