Abel Barriola pilotariak ´Dersu Uzala´ aurkeztuko du ´Gustukoena´ saioaren baitan

2016/06/29

Tabakalerako zinema aretoan proiektatuko da Mosfilmek zaharberritutako kopia bat ekainaren 30ean, ostegunean, 19:00etan.

Euskadiko Filmategiak antolatzen duen “..ren gustukoena” saioen hurrengo ekitaldia Abel Barriola pilotariak aurkeztuko du. Leitzako pilotariak Akira Kurosawaren Dersu Uzala (1975) klasikoa aurkeztuko du; duela zenbait urte ikusi zuen filma gomendatu eta aurkeztu nahi die Euskadiko Filmategiaren ikusleei. Filmategiak Mosfilmek zaharberritutako, eta jatorrizko bertsioan eta gaztelaniaz azpititulatuta dagoen kopia proiektatuko du.

Ekaineko programazioaren ildoari eutsiko dio “…ren gustukoena” ekimenaren saio honek. Hilabeteko lehenengo lau ostegunetan, euskal pilotari eskainitako “Zinema kantxara” zikloko filmak proiektatu ziren, eta pilotalekuen munduarekin lotuta jarraitzeko, pilotari handi honek bere film gogokoena aurkeztuko du.

Abel Barriola

Abel Barriola Leitzan jaio zen 1978ko maiatzaren 18an; profesionaletara jauzia eman ondoren, 2. mailako buruz buruko txapelketa irabazi zuen 1999an. 2001ean lau terdiko txapela irabazi zuen eta hurrengo urtean buruz buruko txapelketan gailendu zen finalean Rubén Beloki gaindituta. 2014ean lortu zuen falta zitzaion azken txapel handia: Juan Martinez de Irujorekin eskuz binakako txapelketa irabazi zuen.  

DERSU UZALA (Akira Kurosawa, 1975). Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB). Jatorrizko bertsioa gaztelaniara azpititulatuta. 141 minutu. DCP.

Sinopsia: Vladimir Arseniev kapitainak eta bere destakamenduak prospekzio geologikoak egin behar dituzte taiga siberiarrean. Lurraldearen mugagabetasunaren eta klimaren gordintasunaren ondorioz, galdu egingo dira. Lurralde basati horretan nora ezean ibili ondoren, Vladimirrek Dersu Uzala ezagutuko du. Dersu ehiztari nomada bat da eta ondo baino hobeto ezagutzen du lurraldea. Era berean, eguraldi txarrari aurre egiten ere badaki. Hala, natura errespetatzen eta berarekin harmonian bizitzen erakutsiko dio Vladimirri. Honek ez du sekula ahaztuko hark irakatsitakoa.

Webgune honetako cookiak edukia eta iragarkiak pertsonalizatzeko, sare sozialetan funtzioak eskaintzeko eta trafikoa aztertzeko erabiltzen dira.