2026/11/24
Euskadiko Filmategiak urteari ekingo dio Zinema eta Zientzia zikloaren hamargarren edizioarekin, eta euskal zinemari, Jazzinemari eta Klasikoak zikloei jarraipena emango die. Horrez gain, 2027an zinema arabiar garaikideari eskainitako Nosferatu programaren antolaketan, Jacques Tati-ri buruzko zikloan eta Herri Pantaila ekimenean parte hartuko du
Urteko programazioak Moriarti ekoiztetxearen filmografiari eskainitako lehen atzerabegirakoa barne hartukodu, baita, Pier Paolo Pasolini eta Albertina Carri zinemagileei edo klima-larrialdiari buruzko zikloak ere
Tabakalerak 2027rako bere zine-programazioaren ardatz nagusiak aurkeztu ditu, ikus-entzunezko ekosistema paregabearen sendotasuna eta ageriko eragina berretsiko dituen denboraldia izango dena. Donostia Zinemaldiaren, Euskadiko Filmategiaren, Donostia Kulturako Zinema Unitatearen, Elías Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) eta Tabakaleraren elkarlanari esker, zentroaren pantaila partekatuak elkarrizketa sustatuko du beste behin sorkuntza, ikerkuntza, prestakuntza eta erakusketen artean.
Euskadiko Filmategiak, Donostia International Physics Center-ekin (DIPC) eta Donostia Zinemaldiarekin batera, antolatutako Zinema eta zientzia zikloaren hamargarren edizioa egingo da. Ekimenak zenbait diziplina zientifikorekin lotzen diren hamar film ekarriko ditu berriro Tabakalerara —baita Bilbora, Gasteizera, Iruñera eta Donibane Lohizunera ere—. Filmen emanaldiekin batera, aurkezpenak eta ikertzaileekin solasaldiak izango dira, baita eskolei zuzendutako saioak ere. Egitarau osoa datorren abenduaren erdialdean jakinaraziko da.
Euskadiko Filmategiaren urteko egutegia apirila eta ekaina bitartean osatuko da, euskal zinemari eskainitako zikloarekin; uztailean, Jazzinemaren beste ekitaldi bat izango da; eta iraila (Zinemaldiaren barruan) eta 2027ko abendua bitartean, Klasikoak zikloa izango da, denboran eta bost hiriburutan hedatuko den zinema klasikoko zikloa —Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen da, zazpigarren artearen historiako lan zaharberritu eta gogoangarriak berreskuratzeko asmoz—.
Tabakalera Belaunaldiaren II. topaketa eta beste proiektu partekatu batzuk
Urteko lehen gertaera gogoangarria urtarrilaren 14tik 16ra bitartean egingo den Tabakalera Belaunaldiaren bigarren topaketa izango da, ikus-entzunezko garaikidearen egutegian ezinbesteko hitzordu gisa finkatzeko bidean den deialdia. Programak publikoari irekitako saioak eta profesionalei zuzendutako topaketak uztartuko ditu hiru egunez.
Programa ostegunean, hilaren 14an, hasiko da Zine izarak filmaren proiekzioarekin. Tabakalerako Zine eta Ikus-entzunezko Laborategiak eta EQZEk bultzatuta, Harkaitz Cano idazleak eta María Elorza zinemagileak emandako lantegi baten emaitza da film kolektibo hau. Ondoren, Bingham Bryant EQZEko 2023-2024ko Sorkuntza Masterreko ikasleak zuzendutako El espejismo (2024) proiektatuko da, FIDMarseille zinemaldian estreinatu eta Seminci zinemaldian proiektatu ondoren. Zuzendaria saioa aurkeztera etorriko da, eta ondorengo solasaldian parte hartuko du. Hilaren 15ean, ostirala, sektoreari eskainiko zaion networking-saioa egingo da; hilaren 16an, larunbata, Lejos de los árboles (2026) filmaren proiekzioak emango dio itxiera zikloari. Meritxell Colell zuzendariak —Ikusmira Berriak egonaldi-programako parte-hartzailea— aurkeztuko du, eta ondoren, Kontatutako zineko saioa eskainiko du.
Tabakalera Belaunaldia zine garaikideari laguntzeko sistema berdingabe gisa finkatu da, zentroko ikus-entzunezko ekosistema osatzen duten eragile guztien arteko elkarlanaren emaitza den aldetik. Zirkuitu horrek hasierako fasetik laguntzen du proiektu bakoitza, jaialdietan estreinatu arte, eta nazioarteko bokazioa duen komunitate sortzailea bultzatzen du. Ibilbidean barne hartzen dira EQZEko prestakuntza (2018. urteaz geroztik), Noka edo Ikusmira Berriak gisako programetan ideiak garatzeko aukera, Tabakalerako Zine eta Ikus-entzunezko Laborategiko postprodukzioa eta Donostia, Cannes, Venezia edo Berlinale gisako lehiaketetako emanaldiak. Ingurune horretatik sortu dira, besteak beste, Estibaliz Urresola, Mikel Gurrea, María Elorza, Irati Gorostidi, Marina Palacio, Maddi Barber, Maider Fernandez eta Sara Fantova zinemagileak.
Era berean, 2027. urtearen hasieran, Donostia Zinemaldiak, Z365 arloaren bitartez, Herri Pantaila jarriko du abian, Zinemaldiaren 75. urteurrena ospatzeko ekitaldiei hasiera emango dien programa. Ekimena hilean behin egingo da, larunbat goizez, otsailetik ekainera bitartean, eta bere garaian Zinemaldian proiektatu ziren bost film aipagarri proiektatzean datza. Film horiek berreskuratzearen helburua da ikaskuntza-espazio partekatua eskaintzea eta, gainera, herritarren fideltasuna ospatzea eta eskertzea. 74 urteko historian, Zinemaldiak Donostiako publikoaren artean zinearekiko pasioa zabaltzen lagundu du, baita haren heziketa kulturala eta sentimentala aberasten eta munduarekiko, zinearekiko eta artearekiko begirada zabaltzen ere, Donostia zinearen hiri bihurtzeraino.
Desirée de Fez kazetaria, idazlea eta Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kidea izan da proposamenaren komisarioa, eta hark landu ditu proiekzio bakoitzaren esperientzia aberasteko unitate didaktikoak. Emanaldi bakoitzaren aurretik, ikusleek filmean eta filmak planteatzen dituen gaietan sakontzen lagunduko dien gida jasoko dute. Gida horrek testuinguruari buruzko informazioa eta filma ikusteko jarraibideak bilduko ditu. De Fez-ek gidatutako saioaren amaieran, gomendioak biltzen dituen bigarren dokumentu bat eskainiko da (beste lan batzuk, erreferentzia bibliografikoak, artikuluak, podcastak...), eduki horiek jorratzen jarraitze aldera. Abenduaren 1etik urtarrilaren 15era bitartean, proiektu horretan, Tabakaleraren webgunearen bidez, matrikulatzen direnek saio guztietarako sarrerak erosi ahal izango dituzte eta aldez aurretik jaso ahal izango dituzte gida didaktikoak. Emanaldi bakoitzaren bezperan eta egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrera indibidualak, betiere eskain daitekeen edukiera kontuan izanik.
Tabakalerarekin, Koldo Mitxelena Kulturunearekin, Euskadiko Filmategiarekin eta EQZErekin elkarlanean antolatuta, Herri Pantailaren lehen emanaldian zenbait garaitako film luze adierazgarriak ikusi ahal izango dira, unibertso intimoetan barneratzen direnak eta giza arimaren loturak, desioak eta kontraesanak aztertzen dituztenak: Función de noche (Josefina Molina, Sail Ofiziala, 1981), The Virgin Suicides (Sofia Coppola, Perlak, 1998), Innocence (Lucile Hadque ihalilovique, New Directors, 2004), Por tu culpa (Anahí Berneri, Horizontes Latinos, 2010) eta Eden (Eden: Lost in Music, Mia Hansen-Løve, sekzio ofiziala 2014).
Bestalde, 2027ko udaberrian, EQZEko Zinema Komisariotza masterreko ikasleek Irla mortu bat, Zinema Goxoa edo Aztarnak zikloei jarraipena emango dien programa aurkeztuko dute. Lehen aldiz, proposamen hori Tabakaleraz haratago zabalduko da, eta Donostiako hiru pantailatara iritsiko da: Tabakalerako zinema, SADE zinemak eta Koldo Mitxelena Kulturunea. Garatzen ari den irakasgai batetik sortu da proiektua, eta, eskolako irakasleez gain, espazio horietako arduradunek ere parte hartzen dute. Helburua da ikasleak programazioaren eta emanaldien jardun errealera hurbiltzea, eta hiru areto horiek elkarrizketan jartzea.
Tabakalera: Moriarti, Albertina Carri, Pier Paolo Pasolini eta Rodrigo Sorogoyen
Datorren urtean, Tabakalerak zentroko pantaila partekatura ekarriko du Moriarti ekoiztetxearen filmografiari eskainitako lehen atzerabegirakoa. Ziklo horretan, euskal zinemaren erreferentziazko ekoiztetxeetako baten ibilbidean sakondu ahal izango da. Izatez, Moriarti ekoiztetxeak nazioartean saritutako lanak biltzen ditu, euskarazko zinema proiektatzen lagundu dutenak.
Ildo beretik, zentroak atzerabegirakoa eskainiko dio Albertina Carri argentinar zinemagileari, Zinemaldiaren azken edizioan parte hartu ostean. Zikloak haren zazpi film luzeak proiektatuko ditu, horien artean Los rubios (2003) bere lan ezagunenetako bat nabarmentzen da; film horretan, Carrik bere gurasoen desagerpena jorratzen du Argentinako diktadura militarreko garaian. Narratiba zinematografiko berriak erabilita, haren filmografiak memoria, artxiboa, identitatea eta sexualitatea gisako gaiak jorratzen ditu.
Zinearen eta literaturaren arteko harremana aztertzen duen Tabakalerako programari urtarrilaren 21ean emango zaio hasiera, eta Pier Paolo Pasolini zinemagileari eskainiko zaio. Euskaraz azpititulatutako hiru proiekziok osatuko dute zikloa eta saio bakoitzaren hasieran euskaraz egindako aurkezpen bat izango da. Miren Artetxe ikertzaile eta bertsolaria izango da lehen gonbidatua Il Decameron (1971) filmaren inguruko jardunaldi batean.
Bestalde, Kontatutako zinea zikloa, zinemagileen eta ikusleen arteko zuzeneko hurbilketa sustatzen duena, urtarrilaren 30ean itzuliko da, Rodrigo Sorogoyen zuzendari txalotuaren presentziarekin. El ser querido (2026) bere azken filmaren sorkuntza-prozesuaren giltzarrien berri emango du.
Tabakalerak eta EHUk elkarlanean bultzatutako Gazteak zinean proiektuaren barruan, ikasle talde bat arduratuko da hilean behin saio bat programatzeaz, aretora publiko berria erakartze aldera. Laugarren edizio hau urtarrilaren 28an hasiko da, Ken Russell-ek zuzendutako The Devils (1971) lan polemiko eta zentsuratuaren proiekzioarekin, filma 4K bereizmenean zaharberritu da.
Gainera, Tabakalerak goizeko saioen hileroko hitzorduari eutsiko dio.
Nosferatu: Zine arabiar garaikidea
Nosferatu zikloari urtarrilaren 13an emango zaio hasiera, Sofia Alaoui marokoarrak zuzendutako Animalia (2023) filmaren proiekzioarekin. Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatuta, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmoteca entitatearen lankidetzarekin, Zine arabiar garaikidea zikloa 2027ko abendura arte luzatuko da, azken hogeita bost urteetan MENA deituriko eskualdean (Ekialde Ertaina eta Afrika iparraldea) sortutako zinerako hurbilketa eskaintze aldera.
Inaugurazio-saioaren eta XX. mendeko azken hiru hamarkadetako arabiar zinemaren lau film klasikoren proiekzioaren ondoren, zikloak Egipto, Aljeria, Tunisia, Maroko, Libano, Palestina, Siria, Jordania, Saudi Arabia edo Yemen herrialdeetako XXI. mendeko ekoizpenean zentratuko da. Besteak beste, honako zinemagile hauen obrak izango dira ikusgai: Youssef Chahine eta Mohamed Diab zinemagile egiptoarrak; Elia Suleiman eta Rashid Masharawi palestinarrak; Kaouther Ben Hania eta Erige Sehiri tunisiarrak; Mohamed Lakhdar-Hamina eta Merzak Allouache aljeriarrak; Joana Hadjithomas eta Khalil Joreige Libanoko historiaren kontalariak; Nabil Ayouch marokoarra; eta Shahad Ameen zuzendari saudiarabiarra.
Hedapen betean dagoen zinematografia izango da ikusgai zikloan, Udaberri Arabiarraren osteko tentsio sozial eta politikoen ispilu gisa funtzionatzen duena eta mendebaldeko begiradaren iragazkirik gabe kontatzeko beharra aldarrikatzen duena. Ohikoa denez, bi libururekin osatuko da zikloa; Eduardo Guillot programatzaile eta idazle valentziarrak koordinatutako bi liburu izango dira —programa osatzeko prozesuan ere parte hartu du valentziarrak—.Zine arabiar garaikidea aurtengo abenduan argitaratuko da, eta euskarazko edizioa, berriz, 2027ko udazkenean.
Elias Querejeta Zine Eskola: Jacques Tati
2027ko urtarrila eta maiatza bitartean —hileko azken igandeetan—, EQZEk Jacques Tati: festa-egunak zikloa aurkeztuko du. Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin antolatutako zikloan, 4K bereizmenarekin zaharberritutako bost film izango dira ikusgai: Jour de fête (Día de fiesta, 1949), Les Vacances de Monsieur Hulot (Las vacaciones del señor Hulot, 1953), Mon oncle (Mi tío, 1958) eta Trafic (Tráfico, 1971). Film horiekin batera, Playtime (1967) filmaren 2014ko zaharberritzea ere ikusi ahal izango da. Zikloak eskolarekin duen zuzeneko lotura nabarmentzen du: EQZEren Artxibo Zinematografikoa Masterreko 2021-2022 promozioko ikasle Margaux Chalançon-ek parte hartu du Les Films de Mon Oncle filmaren zaharberritze-taldean —Sophie Tatischeff zinemagilearen alabak haren lana babesteko eta zabaltzeko sortu zuen elkartea—. Chalançon arduratuko da Jour de fête aurkezteaz, eta Ricardo Aldarondo kazetariak, berriz, Mon oncle lana aurkeztuko du.
Begirada klimatikoa zinemari
2027ko Zinemaldia + Plus zikloak begirada klimatikoa eskainiko dio zineari. 2020. urteaz geroztik, Zinemaldiak eredu jasangarriagorako bideari ekin zion ingurumenaren ikuspegitik, eta karbono-aztarna murrizteko neurriak hartu zituen. Aldi berean, klima-larrialdiak programazioko filmetan duen lekuari buruz hausnartzen hasi zen, baita film horiek gure ulertzeko moduan duten eraginari buruz ere.
Kezka bikoitz horren ondorioz, Begirada klimatikoa zineman zikloak zenbait garai, genero eta geografiatako zazpi film emango ditu urtarrila eta ekaina bitarteko zenbait larunbat arratsaldetan. Klima-krisiari buruzko diskurtso bera partekatu gabe ere, film horiek paisaiei, komunitateei eta inguratzen gaituen munduarekin dugun harremanari arreta jartzera gonbidatuko gaituzte.
Richard Fleischer-ek zuzendutako Soylent Green filmak erakusten duen etorkizun kezkagarritik (Cuando el destino nos alcance, Sail Ofiziala, 1973), Grímur Hákonarson-en Hrútar/Rams (El valle de los carneros, 2015) filmeko landa-paisaietaraino, edo Chris Sanders-en The Wild Robot (Robot salvaje, 2024) filmaren unibertso biziduneraino, ziklo honetako filmek planetarekin dugun loturari buruzko oso bestelako ikuspegiak erakutsiko dituzte. Nuestra tierra/Landmarks filman (Horizontes Latinos, 2025), Lucrecia Martel-ek dimentsio politiko batetik heltzen dio harreman horri; Rocio Mesak errealismo magikora jotzen du Secaderos/Tobacco Barns filmean (New Directors, 2022); Éléonore Saintagnan-ek umorerako tartea aurkitzen du Camping du Lac (Zabaltegi-Tabakalera, 2023) filmean, eta Naomi Zwaenepoel-ek ezagutzaren transmisioa esploratzen du The Sea the Sea filmean (2024).
Zine-bonua 2027 eta sarreren salmenta
Tabakalerako zine-bonua 2027rako berrituko da, eta 90 euroan 30 film ikusteko aukera eskainiko du. Pantaila partekatuko erakunde bazkideen proiekzioetarako balioko du (Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera), Donostia Zinemaldian programatutakoak izan ezik.
Bonua erosteak barnean hartzen du, aurten ere, Nosferatu Bildumaren azken bi argitalpenetako bat: Billy Wilder. Jaunak esana liburua (Zigor Etxebestek idatzia) edo Zinema arabiar garaikidea (Eduardo Guillot-ek koordinatua).
Bonua 2026ko abenduaren 15eko 12:00etatik aurrera erosi ahal izango da, eta salmenta 2027ko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte egongo da zabalik, bai Tabakaleraren webgunearen bidez, bai Informazio Puntuan. Bonuaren sarrerak 2027ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eskuratu ahal izango dira.
Aldi berean, urtarrileko emanaldietarako sarrera arrunten salmenta ere 2026ko abenduaren 15eko 12:00etan irekiko da.
Bonuari eta urtarrileko programazioari buruzko informazio guztia sarrerak.tabakalera.eus webgunean egongo da eskuragarri.