Xalbador bezala ezagunagoa den Fernando Aire (Urepel, 1920-1976) bertsolariaren bizitzari buruzko dokumentala da. Familia artekoei eta bera ezagutu zuten pertsonaiei egindako elkarrizketen bitartez kontatzen da bere bizimodua. Urepeleko artzaina bertsozalea zen gaztetatik eta bere lagun Mattinekin batera Euskal Herriko iparraldeko zein hegoaldeko hainbat herri zeharkatu zituen. Xalbador hil zen egunean, bere ohorezko omenaldi bat jasotzera zihoan eta bere bigarren liburua aurkeztu behar zuen Urepelen.