© Isabel Herguera
Euskadiko Filmategiaren programazioak euskal zinemari eskaini ohi dio urteko azken hiruhilekoa. Oraingo honetan, proposatutako zikloak berezitasun nabariak ditu. Proposamena gutxienez hiru urtetan zehar garatuko da, eta beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen talentua agerian jarri nahi du. Filmak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan egongo dira ikusgai: Tabakaleran (Donostia), Bilboko Arte Ederren Museoan eta Artiumen (Vitoria-Gasteiz). Horrela, Artium Euskadiko Filmategiko programazio-egoitzen artean sartuko da; ondorioz, gure programazio egonkorrak EAEko hiru lurraldeak barne hartuko ditu, erakundearen historian lehenbiziko aldiz. Hainbat urtetarako izango den zikloarekin bat etorriz, María Pilar Rodríguez irakaslea koordinatzen ari den argitalpena aurkeztuko da laster. Isabel Herguera zinemagileak sortu eta gauzatu du zikloaren kartela.
Hau da filmen zikloa osatzeko egin den komisariotza-proposamena: zinemagile bakoitzak libreki hautatuko du bere film guztien artean zein erakutsi nahi duen, eta jendaurrean aurkezteko eta publikoarekin eztabaidatzeko gonbita egingo zaio. Lehen denboraldi honetan gure zinemaren aitzindarietako batzuk izango dira protagonista. Hala, honako hauek ikusteko aukera izango dugu: Urte ilunak (Arantxa Lazkano, 1992), Euskal Herriko errepresio frankistarako hurbiltze poetikoa; eta gai berberari lotuta, Denboraren gibelean (Mirentxu Purroy, 1993), haurren begiradatik eta euskararen jazarpenetik bideratutako filma. Beste hiru dokumental oraindik bizirik dauden arazoetara hurbiltzen dira: gerra zibilari eta diktadura frankistari buruzko memoria zinematografikoa Kamarada filmean (Julia Juániz, 2019); indarkeriak tentsioan jarritako Euskal Herri batean emakumeen bakearen aldeko apustu irmoa Mariposas en el hierro filmean (Bertha Gaztelumendi, 2012); edo errefuxiatuen ezbeharra Helena Tabernak filmatutako Europa mesfidati baten atarian (Varados, 2019). Lehen denboraldi honetako eskaintzaren aniztasunaren adibide, hauek izango ditugu ikusgai: Bernardo Atxagaren egokitzapen literarioa, Aizpea Goenaga zuzendariaren eskuetan gatazka politikoaren oihartzunak hartu dituena (Zeru horiek, 2005); haurtzaroko lagunen bilera bati buruzko komedia bat (Erlauntza, Mireia Gabilondo, 2020), eta Kolonbiako indarkeriara hurreratze bat Ana Díezen eskutik (Todo está oscuro, 1997).