Klasikoak: zinema klasikoari eskainitako zikloaren bigarren edizioa, irailetik abendura
Europan badira zinema klasikoaren jaialdi handiak, zinematekek bultzatuak: Il Cinema Ritrovato Bolonian, Lumière Lyonen, edo Classics Film Marathon Budapesten. Euskal Herrian, programa berdin-berdinik ez badugu ere, bada antzeko bat: Klasikoak proiektua, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak mundu osoko zinema klasikoari balioa emateko garatua eta, maiz, berriki zaharberritutako bertsioak biltzen dituena.
Klasikoak zikloaren bigarren edizio hau hiru ardatz nagusitan garatzen da: lehenengoa Lillian Hellmani eskainitako atzera begirakoa izango da; bigarrena Donostia Zinemaldian egiten diren nazioarteko klasikoen emanaldiek osatuko dute; eta hirugarrena, berriz, hemen aurkezten dugun zikloa. Lehendabizikoz, urritik abendura arte iraungo du, hau da, lau hilabete orotara. Beste behin ere, Euskadiko Filmategiaren programazioa eskaini ohi duten bost hirietan antolatuko dira emanaldiak, 2024ko lehen edizioan bezalaxe.
Ingrid Bergman eta Cary Grant: aurpegi gutxik irudikatzen dute hain ederki zinema klasikotzat jotzen duguna. Haiek ageri dira aurtengo kartelean, eta haiekin hasiko da zikloa: Encadenados (Notorious, Alfred Hitchcock, 1946) suspensearen maisuak eginiko film bikainetako bat da. Sekula ez da berandu pelikula hori deskubritzeko, ezta berriz ikusteko ere. Yasujiro Ozu da zikloan bildutako beste maisuetako bat —Jean-Pierre Jacksonek esan zuen bezala, ez da zinemagile guztietan japoniarrena, baina bai zinemagile japoniarretan unibertsalena—: Egun on (Ohayō, 1959) filma zuzendariaren azken etapako bitxi bat da, eta, poesia eta umorea baliatuz, oraindik ere gaur-gaurkoak diren gaiak jorratzen ditu. Ziurrenik, zenbaitek esango du oraindik komediak ez direla egokiak zinema-jaialdietarako edo ez dutela merezi kritikaren bedeinkaziorik. Bada, El guateque (The part, Blake Edwards, 1968) programatu dugu, barre-algarak erruz entzun daitezen gure aretoetan. Peter Sellers eta Blake Edwards zinemagileek ederki asko bermatzen dute zinemagintzan anbiziotsua den helburu hori.
Klasikoak zikloaren helburu aitortu bat da mundu zabaleko zinemateka entzutetsuenek berriki zaharberritutako klasikoak pantailaratzea. Helburu hori betetzeko, Hungariako Zinematekatik Adopción (Örökbefogadás, Márta Mészáros, 1975) iritsiko zaigu, zeinak Urrezko Hartza eskuratu baitzuen Berlingo Zinema Jaialdian. Kataluniako Filmotekako funtsetatik, berriz, El amor brujo (Francisco Rovira Beleta, 1967) proiektatuko dugu; film horri esker, bigarrenez hautatu zuten haren zuzendaria Oscar sarietarako. Alemaniako Zinematekak Carbón (Kameradschaft, 1931) lana bidaliko du, Georg Wilhelm Pabst zinemagilearen maisulana, zeinean nazioarteko elkartasunari dei egiten baitzaio iraganeko traumak gainditzeko Weimarko Errepublikaren azken urteetan. Mexikoko UNAMen Filmotekak, berriz, Matilde Landeta zinemagile talentudunaren Trotacalles (1951) filma ekarri du aro digitalera, ikusirik emakumezko zuzendari horrek jorratu ohi dituen unibertso femeninoek ez zutela izan merezi zuten jarraitutasuna.
Canneseko Zinema Jaialdiaren azken edizioan, Más allá del olvido (Hugo del Carril, 1956) lanaren bertsio zaharberritua eman zuten, eta Argentinako zinemagintzaren historiako filmik garrantzitsuenetako bat bezala aurkeztu; makina batek hauteman ditu melodrama gotiko horren oihartzunak Vertigo lanean (Alfred Hitchcock, 1958). Bi klasiko bikain dira, berebat, El silencio (Tystnaden, Ingmar Bergman, 1963) eta Freaks (Tod Browning, 1932). Euskal zinemak ere erantsi ditu lan zaharberritu batzuk klasikoen zerrendara: Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986). Laurak ere proiektu aitzindariak izan ziren euskarazko zinemagintzan, gure literaturan erroturiko obretan oinarrituta eginak.
Amaitzeko, gipuzkoarrek gure zinemagintzaren harribitxia ikusi ahalko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Kutxa Fundazioarekin izaniko lankidetzari esker: Guipúzcoa (Pío Caro Baroja, 1979). Euskadiko Filmategiak digitalizatu du lan hori, eta lurraldearen milurtekoa ospatzeko ekitaldien barnean emango da, mila urte baitira aurten lurraldearen izena lehenbizikoz idatzita agertu zenetik.
Bada gauza bat nekez aldatuko dena uda-partetik Eguberrietara eta epeletik freskurara: zinema klasikoak pizten digun lilura berritua.