Zinema eta Zientzia 2026
Zinema eta Zientzia: konektatzen ikasten
“Ikasi artearen zientzia; ikasi zientziaren artea; ikasi ikusten; ulertu guztia dagoela lotuta gainerako guztiarekin”. Leonardo da Vincirenak omen dira hitz horiek, eta, bederatzi urte hauetan ikusi dugunez, ederki asko lotzen da haren esana “Zinema eta Zientzia” zikloarekin: zinemagintzaren hizkuntzak zientziaren edertasuna bistaratzen du, eta pentsamendu zientifikoaren unibertsaltasunak, aldi berean, argi egiten die pantailetan zirrara eragiten diguten irudi mugikor ederrei.
Aurten pantailaratuko denak ere aniztasuna du bereizgarri, eta zikloaren barruan antolaturiko filmek, esplizituki zientziaz hitz egin ez arren, ekartzen dute begirada zientifikorik. Noizbait iritsi behar zuen, hortaz, zientzia fikzioaren alorreko El planeta de los simios (Planet of the Apes, Franklin J. Schaffner, 1968) klasiko subertsiboak. Film horrek gogoetagai ditu gizateriaren aurrerapen eta atzerapenak, deriba autoritarioak edo, Susan Sontagek esan zuen bezala, “triskantzek eta nahasmenduak ekar diezazkiguketen edertasun bereziak”. Halako zerbait ageri zaigu, era berean, Los pájaros (The Birds, Alfred Hitchcock, 1963) amesgaizto magistralean, animazioaren ildoko Nausicaä del Valle del Viento (Kaze no Tani no Naushika, Hayao Miyazaki, 1984) harribitxian, edo La mosca (The Fly, David Cronenberg, 1987) filmeko nahasketa genetikoan.
Ziklo honetan, beti iritzi izan diogu zientziak kultura eta humanismo modernoaren funtsezko parte direla: Haur basatia (L’Enfant sauvage, François Truffaut, 1970) lanak berriketa gutxirekin azaleratzen dizkigu gizakiak bere-berea duenaren emozioa, afektuen zirrara eta hizkuntza aurkitzeak sorturiko hunkidura. Antropologiak lagunduko digu La balada de Narayama (Narayama Bushi-ko, Shohei Imamura, 1983) lanean murgiltzen, eta, haren bidez, bizitzaren amaieran pentsatzen. Eta gogoeta hori bera egiten du Los destellos (Pilar Palomero, 2024) pelikulak gure egunetan eta gure gizartean oinarriturik.
Fincher zuzendari eta Sorkin gidoilari direla, Sare soziala (The Social Network, David Fincher, 2010) filmak gure egungo aroa definitzen duen sorburura eramango gaitu, eta Laurie Andersonen Sisters with Transistors (Lisa Rovner, 2020) laneko ahotsak, berriz, emakume askok egungo musika elektronikoaren munduan izaniko rol aitzindaria ezagutarazten du. La Voie royale (Frédéric Mermoud, 2023) neska gazte baten gaineko kontakizuna da: matematikarekiko talentuari eta interesari esker, aurretik hautatuak ez ziruditen bideak zabalduko zaizkio protagonistari. Hirugarren gizona (The Third Man, Carol Reed, 1949) filmaren bidez, gerraostea, penizilina eta zientzia izango ditugu hizpide, baina baita ustelkeria eta kontzientziarik eza ere. Maisulan bat.
“Zinema eta Zientzia” zikloak betetzear du hamar urteko ibilbidea, sinpletasunez eta ekimen honen aldeko maitasun handiz, baina baita serioski ere, nahiz eta umorerik galdu ez. Hala, Irakasle zoroa (The Nutty Professor, Jerry Lewis, 1963) proiektatuko dugu. Dena baitago konektatuta.